Bizkaiko Foru Aldundiak jaietan eta aisialdian sexu-erasoen aurka egiteko udako kanpaina berritua aurkeztu du gaur La Arena hondartzan. ‘Jaietan Aliatuak / Vigilantes de la Jaia’ lelopean, gizonen aliantza lortu nahi da, jaiak berdintasunezkoak, libreak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak izan daitezen.
Kanpaina aurkezteko, Teresa Laespada ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua La Arena hondartzara joan da, non datozen bi hilabeteetan Bizkaiko herri guztietan ibiliko den ibilgailua aurkeztu baita. Hondartzako erreskate-torpedo erraldoi bat duen furgoneta bat da eta lurraldeko hondartzetara, jaietara eta kontzertuetara joango da eta informazio-materiala banatuko du. Torpedo horrek zapi tradizionala du inprimatuta.
Laespada diputatuak bere mintzaldian azaldu duenez, berriz ere gogorarazi behar da emakumeok gure gorputzen jabe garela eta aske garela gure erabakiak hartzeko.
Esan duenez, gizonen eskubide bera dugu espazio publikoez, jaiaz, gauaz eta udaz gozatzeko. Eta erantsi du horregatik dei egiten zaiela gizonei, gure ondoan dauden gizon gehienei, aliatuak izan daitezen jaiak berdintasunezkoak, libreak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak izan daitezen.
Gainera, azpimarratu du sakoneko mezua gizonentzat eta mutilentzat dela; adierazi nahi zaie posible dela dibertitzea, ondo pasatzea, kontzertuetara joatea, jaietara joatea, hondartzan gozatzea eta uda bikaina pasatzea… baina berdintasunean eta emakumeen eskubideak eta askatasunak errespetatuta.
Laespadak adierazi du, halaber, beharrezkoa dela gizonak aliatu izatea jarrera bortitzen eta jazarleen kontra, eta bat egin behar dutela sexu-erasoen gaitzespenarekin eta beste mutilei adierazi behar dietela indarkeria badago ez dagoela dibertsiorik.
Sexu-indarkeriari buruzko datuak
Emakumeen aurkako indarkeriak gora egiten jarraitzen du Bizkaian, batez ere sexu-indarkeriak. Ertzaintzak indarkeria matxistari buruz jasotako zifrarik altuenak ditugu, datuak jasotzen hasi zirenetik, hau da, 2003tik gaur arte.
Iaz, 2024an, emakumeen aurkako indarkeriatzat jotako 3.611 biktimizazio erregistratu ziren Bizkaian. 2023an baino 106 gehiago izan ziren.
Sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioei dagokienez, 2024an 357 izan ziren Bizkaian, hau da, 2023an baino 32 biktimizazio gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren zifra horiek guztiak jasota daude Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokian. Eta, aurten, joera ez da hobetu. Aurtengo zifrak maiatzera arte eguneratuta, badakigu Ertzaintzak emakumeen sexu-askatasunaren aurkako 162 erasoren berri izan duela Bizkaian, iazko aldi berean baino % 19,12 gehiago.
Sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzua
Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzu bat jarri zuen abian 2023aren amaieran; zentro publiko bat du Bilboko Ledesma kaleko 10 bis zenbakian.
Telefono bidez ere harremanetan jar daiteke 900 840 977 zenbakian, posta elektroniko bidez atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbidean edo bere webgunean https://www.bizkaia.eus/eu/zerbitzuak/arreta-hasiera (web txat bat barne) sartuta.
Sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzuak honako hau eskaintzen du:
– Berehalako eta isilpeko arret
– Laguntza profesional
– Deribazio espezializatua, kasuaren araber
– Laguntza emozionala eta legala
‘Jaietan Aliatuak / Vigilantes de la Jaia’ kanpainak kaleko marketineko ekintza onenaren saria jaso du Publifestival – Publizitate Sozialaren Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioan. Epaimahaiak udako ekintzaren kale-ikuspegia, ikuspegi bisuala eta ikuspegi interaktiboa nabarmendu zituen bereziki.