Gazteen %70ak bere lan egoera ona dela uste du

0

Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak dituen datuetan oinarrituta Euskal Gazteriaren Behatokiak 2024an zehar egindako ikerketa baten arabera gazteek 30 urte edo gehiago dituztenek baino zertxobait altuago baloratzen dute beren egoera pertsonala. Gazteek beren egoera pertsonalaren pertzepzio positiboa mantentzen dute (10etik 7,2), 30 urte edo gehiagoko biztanleen balorazioa baino zertxobait gainetik (7,0).

Hamar gaztetik zazpik uste dute beren lan-egoera ona dela. Lan-egoerari buruz galdetzen zaienean, gazteen % 70ek balorazio positiboa dute; balio horrek 2019an erregistratutakoa hobetzen du, orduan % 64 baitzen.

Gazteek gehien atsegin duten lan-alderdia egiten duten lanarekiko interesa da (% 46). Horren atzetik, egonkortasuna (% 39), lanaren gizarte-onura (% 37) eta ordutegia (% 34) daude. Enplegua duten gazteen % 22 soilik dago oso gustura soldatarekin, baina ehuneko hori handiagoa da 30 urte edo gehiago dituztenen artean erregistratutakoa baino (% 15). Gizon gazte okupatuak emakumeak baino asebeteago daude beren enpleguen egonkortasunarekin eta soldatarekin.

«Euskadi herrialde lehiakorra eta erreferentea da sektore ekonomiko eta sozial askotan. Lidergo horri eusteko eta, batez ere, erronka demografikoari aurre egiteko, gazteen soldatetan hobekuntza bat ematea oso garrantzitsua. Lehendakariak esan zuen bezala, elkarrizketa sozialera jo behar da, marra gorririk gabe, akordio handiak lortzeko. Uste dut gizarte gisa asko dugula jokoan, eta jaiotzak bultzatzeko politikez edo kontziliazio-neurriez gain, beharrezkoa dela gazteen soldatak hobetzea. Zalantzarik gabe, gazteen emantzipaziorako eta euren bizi-proiektua garatzeko oinarrizko neurrietariko bat da» nabarmendu du Nerea Melgosa sailburuak.

Euskadiko egoera 10etik 6,2 punturekin baloratzen dute gazteek, 30 urte edo gehiago dituztenek baino pixka bat altuago. Gazteek Espainiako egoerari buruz egiten duten balorazioa puntu bat baxuagoa da, 10etik 5,2, baina 30 urte edo gehiagoko pertsonek ematen diotena baino altuagoa, 4,7 puntukoa baita.

Euskadiko egoera ekonomikoa eta politikoa

2024ko Euskadiko egoera ekonomikoaren balorazioa Gazteen Argazkiak ikerketa saileko positiboenetako bat da. Hamar gaztetik zortzik uste dute egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela, duela hamar urte ehuneko hori % 39koa zen arren. 30 urte edo gehiagoko biztanleen artean, Euskadiko egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela uste dutenen ehunekoa zertxobait baxuagoa da 2024an: % 78, gazteen % 80ren aldean. Aldiz, gazte gehienek uste dute Espainiako egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela (% 64), 29 urtetik gorakoek baino 9 puntu gehiago (% 55).

Gainera, hamar gaztetik zazpik diote Euskadiko egoera politikoa ona edo oso ona dela (% 69), 30 urte edo gehiagoko taldearen ehunekoa (% 66) baino zertxobait handiagoa. Euskal gazteek Euskadiko egoera politikoari buruz egiten duten balorazioa hobetu egin da aurreko urtekoarekin alderatuta.

Aitzitik, Euskadiko gazteen gehiengoak uste du Espainiako egoera politikoa txarra dela (% 73). Kasu honetan, gazteak ez dira 30 urtetik gorakoak bezain kritikoak (% 77).

Lan-merkatuari (% 37) eta etxebizitzari (% 36) lotutako arazoak dira Euskadiko arazorik garrantzitsuenak, Euskadiko gazteen iritziz. Etxebizitzaren arazoen inguruko bat-bateko aipamenak nabarmen areagotu dira 2024an. Hirugarren lekuan, ehuneko berarekin, % 20rekin, arazo ekonomikoak eta osasunarekin lotutakoak daude. 30 urte edo gehiagoko biztanleentzat, Euskadiko arazo nagusia enplegua da (% 49), eta, ondoren, osasuna (% 36) eta etxebizitza (% 30).

Gazteen % 38k interes handia edo nahikoa erakusten du politikarekiko, 2010etik lortutako ehuneko altuenetakoa eta 30 urte edo gehiagoko biztanleriak duen interesaren parekoa. Gainera, gazteen % 56 pozik dago demokraziak Euskadin duen funtzionamenduarekin, 30 urte edo gehiagoko biztanleen ehunekoa gaindituta (% 44).

«Inoiz baino beharrezkoagoa da gazteek politikarekiko, demokraziarekiko eta giza eskubideekiko interesa izatea. Eskuin muturrak sare sozialetan izan duen gorakadak indarkeria matxistaren negazionismoa eta etorkinen edo LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako gorroto-diskurtsoak areagotu ditu. Erakundeetatik, ikastetxeetatik, elkarteetatik eta familietatik etikaren, aniztasunaren eta enpatiaren balioak transmititu behar ditugu. Horrela baino ez dugu belaunaldien arteko erreleboa, eskubideez eta betebeharrez betetako demokrazia berdinzalean txertatuko» azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.

Ikerketak konfiantzarekin lotutako datuak uzten ditu. Unibertsitatea da gazteen konfiantza handiena duen erakundea (% 84). Gazte gehienek ere konfiantza dute euskal administrazio publikoan, bere hiru mailetan: Eusko Jaurlaritza (% 75), foru-aldundiak (% 68) eta udalak (% 70).