Jauregiren hitzetan, “oraindik aukera dago Estatu Batuekin merkataritza-akordio ona lortzeko”

0

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik berretsi egin du Pradales Lehendakariaren mezua Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko muga-zergen negoziazioei buruz. Adierazi duenez, “uste dugu oraindik aukera dagoela, eta elkarrizketa eta diplomaziaren bidez akordio on bat lor dezakegula”. Akordio hori posible ez balitz, “Euskadi prest dago joan den otsailetik Trumpen muga-zergen mehatxuari aurre egiteko”, gaineratu du.

Muga-zergen kontua argitzea aurreikusita zegoen eguna aipatu du Jauregik —baina, hasiera batean, abuztuaren 1era atzeratu da— Empresa XXI hedabideak eta Kutxabankek “Mexiko, euskal enpresak merkatu amerikarrean sartzeko atea” izenburupean antolatutako jardunaldiaren esparruan. Jardunaldi horretan, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak ere parte hartu du, eta adierazi duenez, “Euskadiko kanpo-ekintzak, politikoa eta ekonomikoa txanpon beraren bi aldeak izanik, eta konfiantza eta eragina sortzera bideratuta, euskal enpresa nazioartekotzeko baldintza egokiak sortzen laguntzen du”.

Jardunaldiaren gaiari dagokionez, Industriako sailburuak adierazi du “Txinarekin batera, Mexiko dela munduan euskal enpresa gehien dituen herrialdea”. 2030 Industria Planaren baitan euskal enpresentzat merkatu berriak bilatzeak duen funtsezko papera aipatu du Jauregik: “Europara, Asiako herrialdeetara, Australiara edo Latinoamerikara zabaltzeaz ari gara. Eta horretan interes berezia Mexikok”.

Mexiko

“Mexiko —gaineratu du— herrialde berezia da Euskadirentzat, gure diasporaren helmuga izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta merkataritza-bulego garrantzitsu bat ditugu. Gure esportazioen bederatzigarren helmuga da, 850 milioi eurorekin, eta 174 euskal enpresa daude bertan, batez ere automobilgintzan, fabrikazio aurreratuan, energian eta aholkularitza eta ingeniaritzan. Egoera global berri honetan, ez da potentziala duen herrialdea bakarrik, Estatu Batuetara sartzeko ate garrantzitsua ere bada. Eta euskal enpresek badakite hori”

Industria Defendatzeko Taldea

Gaur egungo AEBetako administrazioa sortzen ari den eta Europari eta, beraz, Euskadiri eragiten dion mundu mailako merkataritza-nahasmena aipatu ondoren, Mikel Jauregik esan duenez, “ziurgabetasunaren aurrean, segurtasuna eman nahi diogu gure industriari. Nazio industriala eta esportatzailea gara, eta ez gaude inpaktu horietatik kanpo. Handitzen ari den ziurgabetasun horren aurrean, gure lehiakortasuna eta esportazioak oztopatzeko arriskua dago, eta guri, lider garen aldetik, segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea dagokigu. Testuinguru horretan, “Euskadi joan den otsailetik prest dago Trumpen muga-zergen mehatxuari aurre egiteko”, gogorarazi du.

Otsailean aktibatu zuen Imanol Pradales Lehendakariak Industria Defendatzeko Taldea. Ekimen horren ondorioz, besteak beste, industriarako laguntza-programa (500 milioi euro), Deskarboniza programa (beste 200 milioi euro), sektore jakin batzuei laguntzeko ekimenak (adibidez, automobilgintza) jarri dira martxan. Datorren astean, Hazitek programaren aurrekontua handitzeko konpromisoa beteko da. Programa hori enpresen industria-ikerketa finantzatzera zuzenduta dago, eta 93 milioitik 120 milioira pasatuko da aurrekontua.