Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak; eta Javier Guillenek, La Vueltako Zuzendari Nagusiak, gaur goizean aurkeztu dute ‘Bilbao-Bilbao’ etaparen ibilbide zehatza, hain zuzen ere, hirian eta lurraldean egingo dena irailaren 3an. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jakinarazi dute, gainera, etapa honetan Jesus Loroño txirrindulari bizkaitarra omenduko dutela, bere jaiotegunaren (1925eko urtarrilak 10) ehungarren urteurrena bete den honetan. Jesus Loroñok 1957an irabazi zuen ordu hartan Espainiako La Vuelta deiturikoa. Lasterketa hura Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen etapa batekin hasi zen, eta Donostia eta Bilbo arteko 193 km-ko beste etapa batekin amaitu zen. Bere kirol-ibilbidean, Loroñok 65 garaipen lortu zituen profesional aritu zen hamasei denboraldietan.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere hitzaldiaren hasieran, eskerrak eman dizkie Javier Guilléni eta Jesus Loroñoren senideei ekitaldian parte hartzeagatik, eta esan du espero duela irailaren 3an Bizkaia zeharkatuko duen etapa 1957ko Vueltako irabazleak izan zuen maila bera izatea. 2018an Oiz mendiaren izandako etapa eta 2023an Bilbon izandako Tourraren hasiera gogora ekarri ondoren, Etxanobek azpimarratu du Bizkaiak erakutsi duela lan egiteko eta antolatzeko gaitasuna duela, eta mundu-mailako ekitaldi onenak hartzeko apustua egiten jarraituko duela. Haietako bat izan da San Mamesen jokatutako Europa Leagueren 2025eko finala, zeina erabat arrakastatsua izan baitzen antolaketari dagokionez. Amaitzeko, Etxanobek adierazi du Bizkaiak ekitaldi handien aldeko apustua egiten jarraitzen duela, eta Vuelta halakoa dela. Esan duenez, aukera paregabea da bost kontinenteetako milioika ikuslek gure lurralde ikusgarria deskubritzen jarrai dezaten. Zaila da erakusleiho hobea eta inpaktu handiagokoa kontratatzea.
Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, La Vueltako zuzendariari hamarkada honetan hirugarren aldiz eskerrak eman ostean, adierazi du mota honetako ekitaldiak oso garrantzitsuak direla, «ekimen kultural interesgarriak eta kalitatezkoak hartzeko egin dugun apustua osatzen dutelako. Horrelako ekitaldiek maila goreneko kirol-,. musika- eta kultura-ekitaldiak, foro sektorialak eta biltzar profesionalak antolatzeko eta hartzeko estatu-mailako eta nazioarteko eremuan kokatzen gaituzte». Aburtok gogorarazi du, halaber, «Vuelta, Tourra, tokiko txirrindularitza-probak eta lurraldeko beste udalerri batzuekin partekatzen ditugunak, bai eta bidegorrien hedapena ere, bizikletaren alde egiten dugun apustuaren isla direla, bi zentzutan: batetik, bizikletak herritarren osasunari egiten dion ekarpenagatik eta, bestetik, Bilbon zale ugari dituen kirol-jarduera delako eta, oro har, euskal nortasunaren zeinua ere badelako».
Javier Guillenek, La Vueltaren Zuzendari Nagusiak, zera nabarmendu du: «Gure 90. urteurrena ospatzen dugun edizio historiko honetan, La Vueltarentzat hain garrantzitsua den Bilbo bezalako hiria ezin zen falta ibilbidean. San Mames edo Kale Nagusia bezalako eszenatoki ikonikoak Bizkaian egun ikusgarria izango den epizentroa izango dira. Zazpi mendaterekin, %100ean euskal etapa izango da, helmugatik bi paso izanik, munduko txirrindularitza zale onenetakoak hunkituz».
Josu eta Idoia Loroño, Jesus Loroño omenduaren seme-alabak, aurkezpen-ekitaldian izan dira: «Loroño familia osoa, seme-alaba eta bilobak, oso pozik eta eskertuta gaude gure aitari omenaldia egingo diotelako bere jaiotegunaren mendeurrenean. Gure aita La Vueltako historiaren protagonista handienetako bat izan zen eta, urteek aurrera egin arren, haren lorpenak oraindik ere gogoan ditugu», esan du hunkituta Josu Loroñok familiaren izenean.
157,4 KILOMETROTAN SOLLUBE IGO ETA LARRABETZUTIK IGARO
‘Bilbao-Bilbao’ etapa San Mames estadioaren ingurunetik abiatuko da 13:30ean. Lasterketa neutralizatuta aterako da Bilbotik, Euskalduna zubitik, Loiuraino, bertan kokatuko baita etaparen hasiera (13:51h), eta Mungiara joko du gero. 14:32ak aldera, txirrindulariak Bermeora iritsiko dira, aldez aurretik Sollube, 301 metroko desnibela duen hirugarren kategoriako mendatea igo ostean. Etapari Sollube gaineko igoera gehitu diote Jesus Loroñoren aldeko omenaldiaren parte izan dadin; izan ere, mendi horren gailurrean dago kokatuta txirrindulari ospetsuaren oroimenezko monumentua. Irailaren 3an abiatuko den lasterketa Larrabetzuko Goikola baserriaren aurretik igaroko da 15:52ak aldera, txirrindulari ospetsua jaio zen lekutik.
Sollubez gain, mendate hauek zeharkatuko ditu etapak: Laukiz (183 metroko desnibela), Bizkaiko begiratokia (235 metroko desnibela), Morga (290 metroko desnibela), Elorritxueta (351 metroko desnibela duena eta bi aldiz igo beharko dutena) eta Pike Bidea (204 metroko desnibela).
Guztira 157,4 kilometro izango du hamaikagarren etapak. Ibilbide horretan Bizkaiko lurraldeko leku hauek zeharkatuko ditu: Arratzu, Basauri, Bilbao, Bermeo, Busturia, Derio, Erandio, Etxebarri, Forua, Galdakao, Gatika, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Laukiz, Lezama, Loiu, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Sondika, Sukarrieta eta Zamudio. Ibilbide honetan errepikatu egingo da 2023ko Frantziako Tourraren Gran Départ irteerako lehenengo etapa, hain zuen ere Bilbon hasi zena.
Txirrindulariak Bizkaiko hiriburura iritsiko dira 17:20-17:41 inguruan: Euskalduna zubitik sartuko dira eta helmuga Kale Nagusian izango dute zain (Gregorio de la Revilla kalearen parean). Txirrindulariak hirira sartuko diren bigarren aldia izango da hori, izan ere, 16:29an helmugatik lehen aldiz igaroko direla espero da.
Hurrengo etapa, hamabigarrena, irailak 4an abiatuko da Laredotik.
LA VUELTAREN 90. URTEURRENA
2025 La Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra lehiatuko da. Piemonten abiatuko da, mendien magalean eta Alpeak atzean dituela, eta Italiako eskualde horrek hartuko ditu osorik aurtengo edizioaren lehen hiru etapak. Berezia izango da lasterketa prestigiotsuaren aurtengo edizioa, 90. urteurrena ospatuko baitu.
Bilbok dagoeneko arrakastaz hartu zuen 2022ko abuztuan La Vueltako bosgarren etaparen amaiera eta seigarren etaparen irteera San Mamesetik. Gainera, 2023ko uztailaren 1ean Bilbon ere hasitako Frantziako Tourraren 110. edizioaren itzalpean, Bilbok eta Bizkaiak sinergiak batu eta elkarrekin lan egin dute, 2025 La Vueltaren hamaikagarren etapa hartzeko, kirol-ekitaldi handiak hartzeko estrategiaren esparruan.