Zarauzko Emakume* Sortzaileen Azoka uztailean itzuliko da

0

Hirugarren urtez jarraian, Berdintasun departamentuak Zarauzko Emakume* Sortzaileen Azoka antolatu du, uztailaren 19an, larunbata, goizeko 10:30etik 19:00ak arte. Azoka honetan 22 emakume sortzailek hartuko dute parte, eta Emakumeen* Etxeko plazan eta Malekoian jarriko diren postuetan kokatuko dira.

«Berdintasun departamentuaren helburuetako bat da emakumeek arlo guztietan egiten duten lana eta jarduera agerian uztea. Beste alderdi askotan bezala, sormenaren esparruan ere emakumeok bigarren mailan gaude oraindik, eta, azoka honen bidez, bultzada bat eman nahi diegu Zarauzko emakume sortzaileei, beren talentua erakusteko eta proiektuetan hazten jarraitzeko espazio bat eskainiz «, adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak (PSE-EE).

22 postu horietan, sormen-arlo eta -diziplina guztietako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da: marrazkigintza, bisuteria, paperarekin egindako lanak, koadroak, poltsak… dena diseinukoa eta artisau-ekoizpenekoa.

Egunean zehar, goizean azoka girotuko duen trikitilari talde batez gozatzeko aukera ere izango da, eta arratsaldean haurrentzako sormen tailerrak izango dira Emakumeen* Etxearen plazan zein malekoian.

10:30 – Irekiera

10:30 – Trikitilariak

17:00 – Haurrentzako sormen tailerrak (Belauntzaran plaza eta Malekoia)

19:00 – Amaiera

Larunbatean, hilak 19, Emakumeen Etxea* plazara eta Malekoira hurbiltzeko deia egiten diegu herritarrei, gure herrikideen talentua ezagutzeko eta haien jatorrizko eta artisautzako sorkuntzez gozatzeko, baita berdintasunarekin ezinbesteko hitzordu bihurtu den gune honetan arnasten den giro onaz gozatzeko ere.

​​​​​​​