Imanol Pradales lehendakariak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak lagunduta, José Antonio Jainagari Joxe Mari Korta 2025 saria eman dio, aho batez hala proposatu baitute CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI enpresa elkarteek eta Korta Familiak. Sari hau ekonomia eta enpresa arloan Industria Sailaren bitartez Eusko Jaurlaritzak ematen duen saririk garrantzitsuena da. Donostiako Miramar Jauregian izan den ekitaldira, Euskadiko enpresetako eta erakundeetako 150 ordezkari baino gehiago bertaratu dira.
Lehendakariak José Antonio Jainagari eskerrak eman dizkio, bere ibilbide luzean erakutsitako konpromisoarengatik eta urte hauetan guztietan izan duen euskal ereduarengatik. “Euskal eredua da pauso bat aurrera ematea, arriskuak hartzea eta inbertitzea. Ardurak eta presioa bere gain hartzen dituzte. Haien bizitza zaildu egiten dute, enpresa egitasmo bat altxatzeko. Eta, horrela, etorkizuneko aukerak sortzen dizkiete beste herritar batzuei. Aberastasuna sortzen dute, enplegua eta kohesio soziala, eta kalitatezko zerbitzu publikoen oinarria dira”.
Eta iraganean ere halaxe egin zuten, Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, nahiz eta ETA egon, zeinak duela 25 urte Joxe Mari Korta gipuzkoar enpresaburua erail baitzuen. Lehendakariak Joxe Mari Kortaren oroitzapena ekarri du, eta lehenengo saria ematerakoan Ibarretxe lehendakariak bere buruari orduan egin zion galdera partekatu du, alegia, «aberastasun eta ongizate egoera honetara iritsi den Herriak egunen batean bakea lortuko ote du?». “Erantzuna argi daukagu: bai. Lortu dugu. Nahiz eta ordaindutako prezioa oso altua izan. Nahiz eta bidean biktima asko gelditu. Guzti-guztiak omendu ditzagun, egunero, eta jarrai diezaiogun, Joxe Mari Kortaren moduan, pauso bat aurrera ematen duten guztiei, jarrai dezagun etorkizuna elkarrekin eraikitzen”, bukatu du.
Eta, amaitzeko, gogoeta bat egin du: “Bizi behar dugunaren moduko ziurgabetasun eta eraldaketa handiko mundu baten aurrean, zer egin behar dugu Herri gisa hurrengo euskal belaunaldiek lortu ditugun ongizate eta garapen mailez gozatzeko aukera izan dezaten? Erantzun diezaiogun guztion artean galdera horri, Euskadiren etorkizuneko ongizatea horretan datza. Gure ardura da eta gure esku dago berriro neurria ematea”.
Enpresa sustraiak
Mikel Jauregi Industria sailburu eta epaimahaiko presidenteak, berriz, honakoa nabarmendu du: «José Jainagari Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren esparruan ematen duen saria aitortu nahi izan diogu, enpresa sustraiengatik, berrikuntzaren aldeko apustuarengatik eta kalitatezko enplegua sortzeagatik».
«Joxe Mari Korta sarien banaketa etorkizunari baikortasunez eta ilusioz begiratzeko aukera bat gehiago da. Euskal enpresaren eta industriaren gau handia. Ekitaldi honi esker, ekintzaileoi eta enpresaburuoi merezi duzuen garrantzia emateko unea, zuen lanaren bidez aurrerapena, aberastasuna eta kalitatezko lanpostuak sortzen dituzue eta gure herriaren ongizateari lagundu», gaineratu du Jauregik.
Edizio honetako saridunak, José Antonio Jainagak, sariarengatik eskerrak eman ditu eta berba batzuk izan ditu Joxe Mari Korta eta haren balioak gogora ekartzeko. Jainagak adierazi duenez, «ohorea da sari hau eskuratzea, ospe handikoa da. Eta, batez ere, sari honek Joxe Mari Korta izena dauka, enpresaburu handia, hain justu ere, enpresa jardueran ibiltzeagatik hil zuten».
“Nire ibilbidea industriari oso lotuta egon da beti; gure ekonomiarako oinarrizko sektorea da. Horretaz gain, sektore hau ezin erakargarriagoa dela esango nuke, gizartearentzat erabilgarriak diren produktuak sortzeko aukera eskaintzen digu, pertsonen arazoak konpontzen dituzten tresnak, horrela, gure bizitzak erosoagoak eta errazagoak bihurtuz. Horregatik, belaunaldi berriak haren lan etorkizuna industriara bideratu dezaten animatu nahi nituzke”, amaitu du Jainagak.
José Antonio Jainaga
José Antonio Jainaga Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko ingeniari industriala da. Industrian eraman du aurrera bere ibilbide profesional osoa. SENER taldearen Dibisio Nuklearrean lan egiten hasi zen. Ondoren, Frantziako Michelin nazioarteko enpresan sartu zen, non 20 urte eman baitzituen; horietako 8, Frantzian. Michelinen hainbat ardura-lanpostu bete zituen, eta Europako presidenteorde exekutibo eta zuzendari orokor izatera iritsi zen, turismo ibilgailuetarako pneumatikoen arloan.
1998an, Frantzian bizi zelarik, Sidenorren eskaintza bat jaso zuen, garai hartan enpresa hori euskal inbertsiogile batzuen jabetzakoa zen, eta José Antonio Jainaga enpresa horretan sartu zen, zuzendari nagusi gisa.
2005. urtean Sidenor Gerdau Brasilgo siderurgia taldeari saldu zioten. 2005etik 2016ra, José Antonio Jainaga kontseilari ordezkaria izan zen, eta 2016an Brasilgo multinazionalak bere Europako filiala saldu zuen. Une hartan, urrats bat aurrera eman eta Sidenor eskuratzeko eskaintza bat aurkeztu zuen.
Ordutik, José Antonio Jainaga Sidenorren presidentea da. Sidenor industria talde liderra da altzairu luzeak ekoizten. Ekoizpen lantegiak ditu Euskadin, Kantabrian eta Katalunian; eta, merkataritza ordezkaritzak, Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan. Lau urtez, Energia Kontsumo Handiko Enpresen Elkartearen (AEGE) presidentea izan da.
Jainagak Mirai korporazio industriala sortu du, zeinaren bitartez konpainia industrialak eskuratzen baitira hainbat sektoretan, konpainia horien hazkundea indartu eta sustatzeko.
Bere ibilbide osoa eredugarria da adimenean, ahaleginean, konpromisoan eta zintzotasunean, eta berarekin lan egiten duten pertsonekin taldeak osatzeko aparteko gaitasuna dauka. Bere lehentasunak, industria, enpleguaren sorrera eta ongizatea dira, beste batzuen artean.
Bere lan ibilbidearen barruan, Joxe Mari Korta sariaz gain, aurretik, beste hainbat aitortza eskuratu ditu, besteak beste, honako hauek:
- Ramón Rubial saria (2018), Euskadiko garapen ekonomikoari egindako ekarpenarengatik eta Sidenorren enplegua sortzearen aldeko apustuarengatik.
- Korporazio Ospeari buruzko RECOR Euskadi (2018) txostenaren arabera, kudeatzaile onenaren saria.
- Euskadi Avanza saria (2018), El Correorena eta Banco Sabadellena, zeinak enpresaburuen ibilbide profesionala eta gizarteari egindako ekarpena aitortzen baititu.
Euskal Manager saria (2012), euskal enpresetako kudeatzaile onenari, “Euskal Enpresaren Hitzordua” elkargunearen barruan, Caja Laboralek antolatuta.