37. Udako Musikaldia Zarautzen, abuztuan

0

Abuztuan ospatuko da 37. Udako Musikaldia Zarautzen, eta beste behin, zarauztarrek zein bisitariek musika klasikoaz gozatzeko aukera aparta izango dute Santa Klara elizan.

Abuztuaren 1, 8, 22, 29 eta 30ean izango dira kontzertuak eta musika klasikoa bere zabaltasunean eskaintzea da antolatzaileen helburua. “Musikaldiak urteko kultur agenda osatzeko aukera ematen digu”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak. “Honekin batera, ahal den heinean, musika genero honetan izan daitezkeen zarauztar gazteak sustatzeko aukera ere ematen digu”.

Musikaldiari hasiera emateko, abuztuaren 1ean, MUNDUKO KANTUAK izeneko kontzertua eskainiko da. Iñaki Bermudez Sopelako saxojolea eta Rémi Briffault Pirinio Garaietan jaiotako soinujolea elkarrekin arituko dira; batetik, haizezko instrumentu harmoniko bat, eta, bestetik, zurezko haizezko instrumentu koloretsua. Bi instrumentu horien soinu-fusio originalaren errepertorioak Argentinatik hasi eta gure lurretara garraiatzen gaitu, Euskal Lurrak suitera iritsi arte. Egitarauan, Maurice Ravel, Astor Piazzola, Miguel de Jorge, Pedro Iturralde eta Reynaldo Hahn-en piezak joko dituzte, besteak beste.

Bigarren kontzertua abuztuaren 8an izango da Anacronia taldearen eskutik. ARIANA&MOZART: FIESTA EN MICHAELERHAUS izeneko kontzertu honek, XVIII. mendearen azken herenean Vienan kokatuko gaitu. Testuinguru historiko eta musikal honetako emakumezko artista garrantzitsuenetako baten omenez, Anacronía Vienako Michaelerhausera joango da, Mariana Martínez konpositore, klabezinista eta abeslariaren jaioterrira, eta Pietro Trapassi «Metastasio», Nicola Porpora edo Franz Joseph Haydn bezalako artista ospetsuen egoitzara. Anacronia taldea David Gutiérrezek (flauta), Pablo Albarracínek (biolina), Marina Lópezek (klabezina), Luis Manuel Vicentek (biola) eta Marc de la Lindek (biola da gamba) osatzen dute.

Abuztuaren 22rako iragarri da hirugarren kontzertua, oraingoan Helix Trio izango da Santa Klarako elizan DIALOGO ENTRE SIGLOS izeneko kontzertua eskaintzeko. Kontzertu honek ganbera-musikak XIX. mendetik XX. mendera arte izan duen bilakaera aztertzen du, modernismoaren eta erromantizismoaren arteko kontrastea ezarriz. Joaquín Turin-, Dimitri Shostakovich eta Franz Schubert-en musika entzungo dugu. Artistak: Jaume Angelès Fité (biolina), Iago Domínguez Eiras (biolontxeloa) eta Paula Belzunegui Moreno (pianoa)

Laugarren kontzertua abuztuaren 29an izango da eta Arkaitz Mendozaren piano doinuek eta Ana Nebot sopranoaren ahotsak beteko dute Santa Klara. Kontzertu honek bidaia bat egiten du, lirika iberoamerikarraren mosaiko aberatsean zehar. Ganbera-kanta delikatuak Kataluniatik, elementu herrikoiak eta egitura akademikoak Euskal Herritik; tradizioa eta folklorea Galiziatik; harmonia beroak eta erritmo folklorikoak Atlantikoaren beste aldetik eta azkenik, Espainiako genero txikia, zarzuela. Musikagile hauek, elkarrekin, tradizioa, poesia eta modernitatea uztartzen dituen soinu-panoramika eskaintzen dute.

Joan zen urtean hasitako bidetik jarraituz, aurtengo Musikaldiak ere zarauztar musikari gazte baten aurkezpena ekarriko du Santa Klarara. Maren Otegi pianojole zarauztarrak Maria Khachatryan biolontxelojolea eta Mónica Pérez biolinjolearekin batera osatzen duen Trio Mareak, bere musikarekin paisaia emozionalak sortuko dituzte. Talde honek arte-eszenan erreferente berritzailea izan nahi du, ganbera-musika espazio eta publiko anitzetara eramateko. Esperientzia musikal paregabeak sortu nahi dituzte, eta ganbera-musikaren edertasuna eta sakontasuna aztertzera gonbidatzen dute publikoa. Kontzertu honek abuztuaren 30ean itxiko programazioa.

Zarauzko musika eskolan hasi zituen piano ikasketak Maren Otegik, eta Donostiako «Francisco Escudero» Musika Kontserbatorio Profesionalean jarraitu zuen. Gaur egun, piano klasikoaren interpretazioa ikasten ari da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Hainbat lehiaketatan parte hartu du, hots, Euskadiko Musikari Gazteak eta Andoaingo Piano Jaialdian. Piano-jotzaile handien maisu-eskolak jaso ditu, hala nola: Gustavo Díaz Jerez, Miguel Ituarte, Leonel Morales eta abar luze bat.

“Ilusio handiarekin jaso nuen Udako Musikaldian parte hartzeko gonbidapena. Zarauztar bezala, herrian jotzeak ilusio handia egiten dit. Guretzat, lan handia egin dugun proiektua da, asko gustatzen zaiguna, eta ilusio handia egiten digu zaurauztarren aurrean aurkezteak”, azaldu du Maren Otegik.

Sarrerak

Sarrerak salgai egongo dira uztailaren 18tik aurrera, Modelo Aretoko txarteldegian eta https://tickets.kutxabank.es plataforman. Prezioa 4,15€ sarrerako.