2026rako zerga-arauen proposamena aurkeztu du, eta helburua da eskaintzen diren kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzea
Tokiko Gobernu Batzordeak 2026rako zerga-arau proposamena onartu du. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du, proposamenaren helburua ez dela presio fiskala handitzea, baizik eta zerbitzuen kalitatearen eta finantza-arduraren arteko oreka mantentzea.
Horiek horrela, Goiak azpimarratu du, Udal gobernuak zerga arauen eguneratze moderatua egitea bilatu duela, betiere gizarte-justiziaren, ingurumen jasangarritasunaren eta kudeaketa publikoan eraginkortasunaren helburuekin bat eginda.
Horrenbestez, Donostiako alkateak honakoa esan du: “Helburua da Udalak eskaintzen dituen kalitatezko zerbitzuak mantentzea, eta aldi berean, finantza-oreka mantentzea”.
Donostiako alkateak eta Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok udal talde guztiei helaraziko zaien Udal gobernuaren zerga-arau proposamena aurkeztu dute gaur goizean, behin Tokiko Gobernu Batzarrak adostuta.
Zergak
Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok adierazi du, Udal gobernuaren nahia dela Donostia hiri zaindua, jasangarria eta solidarioa izatea. Eta horretarako, ezinbestekoa da finantzaketa justua, gardena eta neurrikoa izatea. Horren harian, Orbegozok esan du, proposatutako aldaketekin, Udalak 3,1 milioi euro gehiago jasoko dituela 2026an.
Hortaz, Udal gobernuak proposatu du zerga arau gehienetan %2ko igoera moderatua egitea, hau da, azken urteetan egondako inflazioaren azpitik.
- Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): ordenantza aldaketaren ondorioz, zergaren eranskinean etxebizitza hutsa kontsideratzeko baldintzak jasoko dira
- Ekonomia Jardueren gaineko zerga (IAE delakoa): zergaren handitzeak 2, 3, 4, 5 eta 6 mailei eragingo die
- Hiri Izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga (Gainbalioen zerga delakoa): , koefizienteak eguneratuko dira maiatzean neurri tributarioei buruz onartutako foru araura egokitzeko.
- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga
Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zerga (ICIO delakoa) ez da handituko, baina alokairuko sustapen babestuetarako gizarte-intereseko deklarazio bat sartuko da, % 95eko hobariarekin.
Tasak
Hainbat zerbitzu emateagatik ordaintzen diren tasei buruz, udal gobernuaren proposamenak aurreikusten du segidako tasak aldatzea:
- Hiri Hondakin Solidoak Biltzeko tasa: %4,25 handitu beharko da, 7/2022 Legea betetzeko
- Ur hornidura eta Estolderia zerbitzuari dagozkion tasak: %2 handituko da
- Udal Garabi tasa: %2 handituko da
- Ibilgailuak udal bide publikoetan aparkatzeari dagokion tasa (TAO): %2 handituko da (salbuespena: egoiliar txartela)
- Udal zerbitzu eta jarduerei dagozkion tasa: bi aspektutan aldatuko da: alde batetik, larrialdietako pisuak arautzen dituen ordenantzaren hainbat artikulu aldatuko dira hobeto aplikatu ahal izateko; eta bestetik, hondartzeko abonuak %2 handituko dira.
- Udal hilerrietako zerbitzuari dagokion tasa: %2 handituko da eta, gainera, egun aurreikusita ez dauden hiru tarifa berri gehituko dira, adibidez, kaperen lagapenak eta kontzesioak
- Jabari Publikoaren Okupazioari dagokion tasa: hesiak eta aldamioak, ibiak eta espaloietan pasoak, eta mahaiak eta aulkiak jartzeko ordaindu beharreko tasa %2 handituko da.
Behin Hiri hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuan defizitik ez izateko Europar Batasunaren zuzentaraua indarrean sartuta, eta ondorioz, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legea indarrean sartuta, Kerman Orbegozok, nabarmendu du, tasa hau urtero eguneratu beharko dela zerbitzuak duen defizitaren arabera.
Egutegia
Behin Tokiko Gobernu Batzordeak proposamena onartuta,
- udal taldeei aurkeztuko zaie eta taldeek 10 egun izango dituzte zuzenketak edota arau proposamenak egiteko.
- irailaren lehenengo hamabostaldian jardunaldi irekia egingo da hiritarrei proiektua azaltzeko.
- iraileko Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak eta arau proposamenak.
- irailaren azkeneko asteko udalbatzarrean proiektuari hasierako onarpena emango zaio,
- eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.