Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eta Amara Berri Auzo Elkarteak Artillero abestuta, publiko guztiei zuzendutako jarduera-egitarau zabalari hasiera emango zaio.
Donostiako Aste Nagusiak hiriko eremu ezberdinetara jarduerak zabaltzen jarraituko du. Donostiako Udalak, Donostia Kultura Festaken bitartez, jarduera programa zabala prestatu du eta bertan eremu berriak sartu dira eta Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak protagonismo berezia izango du.
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik aurkeztu dute egitaraua Uliako Mintegien parkean, hain zuzen ere, kaleak kultura, kirol, aisialdi-jardueraz eta bolbora askorekin beteko dituen egitaraua.
Eneko Goiak honakoa adierazi du: “Eskerrak eman nahi dizkiet Aste Nagusia posible egiten duten profesional eta boluntario guztiei. Horiei guztiei esker eta DK Festak atalaren lana eta koordinazioari esker, urtero hiriak duen aste politenetako batekin gozatzeko aukera dugu. Guztira, 387 jarduera egingo dira hiriko 34 leku ezberdinetan, eta bertan, boluntarioez gain, ia 2.400 kultura eta kirol arlotako profesionalek parte hartuko dute”.
Kanoikada auzotarra eta solidarioa
Aste Nagusia abuztuaren 9an hasiko da ohiko kanoikadarekin. Aurten une honetako protagonista izango dira Gipuzkoako Elikagaien Bankua – aurten Hiritar Merezimenduaren domina jaso du – eta Amara Berri Auzo Elkartea – astean zehar auzoan hainbat jarduera antolatu ahal izateko inplikazioa eskertu nahi zaio, erdialdetik beste auzoetara egitaraua eramatea posible eginez –.
Bi kolektibo hauetako ordezkariak Udal korporazioarekin batera Artillero abestuko dute, jaia hasi baino minutu batzuk lehenago (19:00etan). Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik azpimarratu du, Aste Nagusia ez litzatekeela posible izango hamaika elkarteren parte-hartzea eta laguntza gabe. Izan ere, haien lanari esker 300 jardueratik gora duen egitaraua prestatu dezakegu eta festa giroa hiriko txoko guztietara eraman.
Agertokiak eta nobedadeak
Aste Nagusiaren aurkezpena Uliako Mintegien parkean egin da, izan ere, aurtengoan jai eremu berria izango da. Eta bertan, azken urteetan arrakasta handia izan duen musika elektronikoaren zaleen topaketa gunea bihurtuko da. Horrenbestez, abuztuaren 14an, Dantz Point-a hartuko du, eta aurreko urteetan bezala, bertan izango dira hainbat artista, eta gunea sei ordu eta erdiz gunea askatasun- eta topaketa-agertoki bihurtuko du, eta ingurunea errespetatzen duen publiko anitza bertaratzea sustatuko du, musika paisaiarekin eta ingurumen-kontzientziarekin uztartuz.
Aurtengo nobedade nagusiena Donostiako Erraldoien konpartsaren eta Euskal Herriko eta Lleidako Castellers taldeen eskutik etorriko da. Talde hauek ikuskizun bateratua eskainiko dute abuztuaren 15ean, hain zuzen ere, emozio eta tradizioarekin gozatzeko aukera emango duen ikuskizuna. Goizeko 11etan Erraldoien konpartsa abuztuak 31 kaletik irtengo da, eta ordu berean Euskal Herriko eta Lleidako Casteller taldeek Kontxako erlojuetatik aterako dira, eta 11:45ean Alderdiederren elkartuko dira ikuskizun bateratua egiteko. Ondoren, guztiak elkarrekin Konstituzio plazara joango dira eta 14:00etan azken emanaldi bateratua egingo dute.
Suek 60 edizio
Aurtengo protagonista nagusiena Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa izango da, bere 60. edizioan. Hori dela eta, Donostia Kultura Festakek edizio berezia antolatu du, eta bolbora, argia eta kolore erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera, parte hartuko duten su.etxeen zerrenda 60 urte luzetan lehiaketan saria jaso duten su-etxeek osatuko dute. Beraz, aurtengoa publikoari ez da oharkabe pasako zaion edizioa izango.
Gainera, Aste Nagusia itxiko duen ikuskizun piromusikala berezia izango da eta eta hiru zuzeneko esku-hartze musikal egongo dira, Izaro, Janus Lester eta Txaranga Joselontxos-en eskutik. Eta jarraian, badiaren gaineko laser ikuskizun bat, DJ emanaldi batekin: esperientzia bisual eta sentsorial paregabea, 2025eko Aste Nagusiari amaiera emateko.
Falta ezin diren klasikoak
Aste Nagusia ez litzateke berdina izango urteko hitzordura faltako ez diren ohiko jarduera klasikoak gabe. Hortaz, aurten ere, Aste Nagusiak bost lehiaketa gastronomiko izango ditu, “Sukaldatu J&J: jangarri eta jasangarri” goiburupean. Bertan, bereziki kontuan hartuko da lehiaketa bakoitzeko platerak egiteko aukeratutako osagaiak ahalik eta gehien aprobetxatzea. Lehiaketak abuztuaren 12an, asteartean, hasiko dira, eta parte-hartzaileek Paella, Begi haundi tintan, Legatza saltsa berdean eta Marmitakoa egiteko trebetasuna erakutsi ahal izango dute. Gainera, ez da faltako Etxekoekin sukaldean lehiaketa gastronomikoa, hain zuzen ere, arrakasta handia izaten duen lehiaketa.
Aste Nagusia ez litzateke ezer izango beste hainbat ekitaldirik gabe: Erraldoi eta Buruhandiek arratsaldero etxeko txikienak dantzan jarriko dituzte; musika eskaintza zabalarekin gozatzeko aukera egongo da Sagues, Easo plaza edo Bulebarreko kioskoan; Donostia eta Gipuzkoako hainbat dantza taldeek folklore ikuskizunak eskainiko dituzte arratsaldero Konstituzio plazan; eta bertan ere txistularien ohiko alardea egingo da; Trinitate plazan, berriz, herri kirolek izango dute protagonismoa; hipodromoan Urrezko Kopa jarriko da jokoan; eta abuztuaren 14ko gauean Festara abestuko dute hiru oholtza ezberdinetan (Parte Zaharra, Antigua eta Amara) donostiarrei festan parte hartzera deituz.
Aste Nagusian ere klasiko handia dira barraken guneak. Iaz bezala, Urdaneta kalean Koldo Mitxelena berritzeko egiten ari diren obrak direla-eta, haurrentzako barrakak Gipuzkoa plazan jarriko dira. Hauek, Pasealeku Berriko barraken gunea bezala, abuztuaren 8tik 18ra egongo dira irekita. Lehendabiziko eta azken egunetan prezio herrikoiak egongo dira. Halaber, barraken guneek musika kenduko dute 8 orduz, autismoa duten pertsonek barrakekin ere gozatzeko aukera izan dezaten. Hortaz, abuztuaren 8an, 13an, 15ean eta 18an, 16:30etik 18:30era aplikatuko da neurria.