Eusko Jaurlaritzak, Ecovidriok eta Ecoembesek “Birziklapen Istorioak” kanpaina aurkeztu dute

0

Eusko Jaurlaritzaren, Ecoembesen eta Ecovidrioren “Birziklapen Istorioak” kanpainak uda beteko du birziklatzearen eta beirazko, plastikozko eta kartoizko gure ontziei bigarren bizitza ematearen garrantziari buruzko aholkuekin; euskal herritarrei birziklapenaren alde egindako ahalegina eskertzen die, Estatuan birziklatutako tonen ehunekoaren buru baita Euskadi. Gainera, kanpainaren protagonistek ohiko zalantzak argituko dituzte, eta herritarrak animatuko dituzte ondo birziklatzen jarraitzera, 2030ean ontzien % 75 berreskuratzeko Europako helburuekin bat egiteko.

Bilboko Zabalguneko Merkatuan aurkeztu dute kanpaina, Euskadik birziklatzearekin duen konpromisoa sinbolizatzeko. Konpromiso horri esker, sailkapenetako buru izan da historikoki, merkatuaren kanpoko plazan dagoen edukiontzia baita Estatu osoan beira gehien biltzen duena (75 tona beirazko ontzi 2024an).Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Jose Arrancudiaga Ecoembeseko Euskadiko bozeramaileak eta Oskar Acedo Ecovidrioko guneko gerenteak. Haiekin batera izan dira Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea eta Alexander Boto Ihobe Ingurumen Jarduketarako Euskal Agentziako zuzendari nagusia.

Sailburuak azpimarratu duenez, “Euskadin asko birziklatzen dugu, eta ondo; Estatuko lehenengoak gara horretan, baina bultzada bat eman behar diogu birziklatzeari, eta ez dugu autokonplazentzian erori behar. 2018tik Euskadik % 54 murriztu ditu zabortegira doazen hondakinak, gure udal-hondakinen % 42,4 birziklatzen dugu eta handitzen jarraitu behar dugu 2030erako eskatutako % 60ra iristeko. Euskal herritarrek gidatu dezakete -eta gidatu behar dute- eraldaketa hori. Konpromisoz, berrikuntzaz eta erronka handien aurrean orain arte erakutsi duten indarraz”.

Ecoembesen arabera, Jose Arracundiaga Euskadiko bozeramaileak nabarmendu duenez, “ukaezina da euskal gizarteak etxeko ontzien birziklapenarekin duen konpromisoa. Gaur egungo testuinguru konplexuan frogatzen da hori, gure planetarentzat hainbeste onura dituen keinu txiki hori indartu egin baita. Horri esker, eta administrazio publikoarekin dugun lankidetza estuari esker, gizarte zirkularragorantz urrats sendoak ematen jarrai dezakegu, eta Ecoembesen jarritako helburua lortu: hondakinik gabeko etorkizuna lortzea”.

Bestalde, Oscar Acedo Ecovidrioko gerenteak adierazi duenez, “Euskadin beirazko ontzien berreskurapenean beste urte batez lortutako emaitzek argi eta garbi erakusten dute herritarrek, ostalaritzako sektoreak eta administrazio publikoak, ahaleginak batzen dituztenean, beiraren birziklapenean aurrera egiteko aukera dagoela. Eskerrak eman nahi dizkiet denei beren inplikazio eta konpromisoagatik. Orain, erronka da hazkunde-bide horri eustea eta, horretarako, planak ezartzea eta udal-ordenantzak betetzen direla bermatzea. Ordenantza horiek ezartzen dute jatorrian birziklatu eta bereizi behar direla, legeak adierazten duen bezala. Euskadin frogatu da, beste behin ere, beirazko ontziak edukiontzi berdearen bidez birziklatzeko eredua sendoa dela”.

 

Birziklatzeari buruzko kanpaina “bertakoa”

“Birziklapen Istorioak” kanpaina “oso bertakoa” da, bizitzaz beteriko beirazko, plastikozko eta kartoizko ontziak baitira protagonistak, birziklatzen den ontzi bakoitzak sortzen duen bigarren bizitza bezala. Horregatik, kanpainaren leloa da “Jarraituko du… birziklatzen jarraitzen badugu”, ontzi horiek birziklatzearen garrantzia azpimarratzeko. Bigarren bizitza horiek irudikatzeko, birziklatzeagatik eskerrak ematen dituzten pertsonaiak sortu dira; keinu hori zergatik den hain garrantzitsua eta nola egin behar den kontatzen dute.

Egunkarietan, telebistan, irratian, sare sozialetan, autobus geltokietako mupietan edo Bilboko Metroko geltokietako pantailetan, Donostialdeko Topoan eta Bilboko eta Gasteizko tranbietan aurkituko ditugun pertsonaia hauek umore onez gonbidatuko gaituzte gure birziklatze-ohituren inguruan hausnartzera.

Adibidez, esprai-poto batek, bigarren bizitzaren bila, edukiontzi zuzenera botako ote duten galdetzen dio bere buruari (“mesedez, horiraitxura txarra du bestela!”), beirazko ontzi bat kolonia-poto bihurtuko da bere bigarren bizitzan (“mila puskatan hautsi nintzen berriro jaiotzekoai ama, ze polita!”), edo koaderno bat etxekolanak izatetik zereal-kutxa izatera pasatuko da (“3,2 atera nuen matematikako azterketa bateanaskoz hobeto horrela!”). Pertsonaia hauek eskerrak ematen dizkigute birziklatzeagatik eta birziklatzen jarraitzera animatzen gaituzte.

Kanpainak web orria du www.birziklatu.eus eta, haren bidez, birziklatzeari buruzko istorio guztiak ezagutu, jakintzei buruzko test bat egin eta opari jasangarriak (adibidez, gaua igarotzea zuhaitz baten gaineko txabola batean) irabazi ahal izango dira. Azken finean, kanpaina dibulgatzailea da, uda honetarako atsegina, umorez betea eta ludikoa.

Gainera, irailean kanpaina Euskadiko hainbat herritara iritsiko da, Birziklapen Istorioen Museo ibiltari baten bidez. Bertan, herritarrek gehiago ikasiko dute ohitura horren garrantziari buruz, eta opari bat jasoko dute (erosteko poltsa birziklatua), “birziklatzearen testa” behar bezala osatzen badute. Ondoren, bisitariek zalantza zailenak argitu ahal izango dituzte Akatsen Gelan: pizza-kaxa birzikla al daiteke edukiontzi urdinean?, edalontzi hautsiak beirazko edukiontzira al doaz?, lata zikinak horira al doaz?…

Hondakinen kudeaketa eraginkorraren aldeko apustua

Hondakinen gaikako bilketa edo bereizketa, beste urte batez, euskal gizartean oso hedatuta dagoen ingurumen-jarduera gisa finkatu da. Hala ondorioztatzen da 2024an Euskadin hondakin horiek biltzeko zerbitzua ematen duten toki-erakundeek herritarren parte-hartzeari buruz emandako datuetatik. Datu horiek agerian uzten dute gaikako bilketako edukiontzi horietan, urdinetan eta berdeetan utzitako hondakin-kopuruak gora egin duela, beste urte batez; iaz, 152.859 tona bildu ziren.

Euskadiko biztanle bakoitzak 25,2 kg hondakin utzi zituen plastikozko, metalezko eta brikezko etxeko ontzietarako edukiontzi horietan (iaz baino % 3,7 gehiago); Estatuan, berriz, biztanleko 21,3 kg izan ziren.

Bestalde, herritar bakoitzak 30,9 kg paper eta kartoi birziklatu zituen edukiontzi urdinetan, 2023an baino % 3,7 gehiago; aise gainditu zen Estatuko biztanleko 20,1 kg-ko batezbestekoa.

Beirazko ontziei dagokionez, gaikako bilketa 62.113 tonara iritsi zen. Hala, euskal herritar bakoitzak 27,8 kg beirazko ontzi birziklatu zituen, hau da, pertsona bakoitzak 95 beirazko ontzi. Zifra hori Estatuko batez bestekoa baino askoz ere handiagoa da (19,1 kg/bizt. eta 65 ontzi pertsonako).

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak positibotzat jo du datuak hobetzea eta herritarrek behar bezala erantzuten jarraitzea, baina adierazi du “autoexijenteak izan behar dugula eta ezin dugu autokonplazentzian erori”. Jauregik gaineratu duenez, “Europatik inposatzen ari diren birziklatze-helburuak gero eta zorrotzagoak dira, eta hobetzen jarraitu behar dugu.” Europako helburu horiek betetzeko, Plan berriak % 75eko gaikako bilketaren helburua proposatzen du.

Udal-hondakinei dagokienez, garrantzitsua da azpimarratzea kudeaketa partekatua dela, batez ere udalen eta Foru Aldundien esku dago. Eusko Jaurlaritzak erakundeen arteko koordinazioa bultzatzen du Hondakinak Koordinatzeko Organoaren bidez; bertan hiru Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak parte hartzen dute.

Hondakinak Kudeatzeko Euskadiko Planari dagokionez, asmo handiko helburuak ezartzen ditu: 2030erako jatorrian bereizitako hondakinen (bai etxekoak, bai industriakoak) % 85 lortzea, Europan ezarritako helburuen gainetik (2035erako % 65 ezartzen dute). 2022an, % 63koa zen.

Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak nabarmendu duenez, “horri gehitu behar zaio balorazio energetikoa % 15era mugatzea, ezabatze bidezko kudeaketa % 28 ingurukoa izatea; horretan bide onetik doaz, eta aurten planaren tarteko ebaluazioa egin ahal izango dugu”. “Jaurlaritzak eta gizarteak oro har aurre egin beharreko erronka garrantzitsu bat dugu oraindik ere: hondakinen sorrera murriztea. % 15 murriztu behar zen, eta % 6 handitu da”.

Helburu horiek lortzeko, Eusko Jaurlaritzak, EAEko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2023ko Planean, hainbat lan-ildo proposatzen ditu hondakin horiek prebenitzeko eta balorizatzeko. Euskadik, besteak beste, ontzi arinen sorrera % 20 murriztea, edarien ontzien % 40 berrerabilgarriak izatea, ontzien hondakinak % 70 birziklatzea eta PET botiletan material birziklatua % 30 erabiltzea proposatzen du.

Klima-aldaketaren aurka borrokatzea eta klima-neutraltasuna lortzea, gehienez ere 2050erako, erronka handia eta ahalegin handia da euskal gizarte osoarentzat, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza lanean ari da horretan asko laguntzen duten alderdiak indartzeko, hala nola hondakinak murriztea eta birziklatzea. Gure etxeetan hondakin-frakzioak bereiztea eta edukiontzietan behar bezala uztea bezalako keinu txikiak herritarren ekarpen handia dira CO2 emisioak murrizteko eta hondakinen kudeaketa publikoaren kostuetarako, eta horregatik egiten dira gaur aurkeztutakoa bezalako kanpainak.