Pradales 2025eko Jaialdian: “Diaspora aktibatua eta konektatua behar dugu”

0

Imanol Pradales Lehendakaria Boisera (Idaho, AEB) iritsi da gaur 2025 Jaialdian parte hartzeko, Euskaditik kanpoko euskal diasporaren topaketarik handienean. Hiriko Basque Block enblematikora egindako bisitan, euskal kulturaren bihotzean, elkarraldi horren garrantzia azpimarratu du lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak kanpoko euskal komunitateekin duen konpromisoaren sinbolo gisa.

«Bidaia honen helburua da Euskadi Globalerako bidean aurrera egiten jarraitzea«, adierazi du Imanol Pradalesek, eta tokiko politikako, unibertsitateko eta euskal diasporako ordezkariekin bilduko da horretarako.

Bere adierazpenetan, lehendakariak berretsi duenez, beharrezkoa da diasporak egungo munduan betetzen duen zeregina indartzea eta harreman egonkorragoak, sakonagoak eta aberasgarriagoak bultzatzea, munduko herrialde askotan dauden Euskal Etxeekin eta funtsezko beste eragile batzuekin lankidetza estuan. “Diaspora aktibatua eta konektatua behar dugu, Euskadirentzat aukera berriak identifikatzeko eta partekatzeko gai dena. Bide berriak irekitzeko”, adierazi du.

Basque Block

Boiseko erdigunean, Idahoko hiriburuan, Basque Block dago, euskal kultura zaintzen eta ospatzen diharduen etxea. Bertan, jatetxeak, dendak, museoa, frontoia eta Euskal Etxea biltzen dira, eta 15.000 lagunetik gorako komunitate euskal-estatubatuar baten bihotza bilakatu da. Aurten, gune honek protagonismo berezia hartuko du, bost urtean behin ospatzen den eta mundu osoko bisitariak erakartzen dituen Jaialdi honen itzulerarekin.