Gasteizek Andre Maria Zuriaren jaiei buruzko balantzea egin du eta «biziak, parte-hartzaileak eta jendetsuak» izan dira

0

Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak eta Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak 2025eko Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin dute gaur. Jaiei agur esan diete goizaldean, Zeledon San Migel dorrera itzuli denean. Milaka lagunek arreta eta emozio handiz bizi izan dute ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruko kaleetan.

Etxebarriaren gobernuaren arabera, jaiak “biziak, parte-hartzaileak eta jendetsuak” izan dira, baina baita “beroak ere, bai eguraldiari dagokionez, bai jaietako giroari dagokionez”. Bestalde, jaiak “seguruak” izan dira, eta horren erakusgarri da delituen kopurua % 28 jaitsi izana eta gertakari aipagarririk ia ez izatea. “Gasteiztarrok gure nortasun-ezaugarri onenetako bat agertu dugu, eta munduari erakutsi diogu hiri irekia, anitza, abegitsua eta begirunetsua garela”, adierazi du alkateak.

6 egunetan zehar, milaka pertsona ibili dira kaleetan, plazetan eta agertokietan, oso giro parte-hartzailean eta indarkeria matxistaren aurkako udal-protokoloa aktibatu beharrik izan gabe. Ildo horretan, Udalak “prebentzioan eta sentsibilizazioan” egindako “ahalegin handia” azpimarratu nahi izan du Etxebarriak. Horren erakusgarri da datu hau: 16.678 pertsona igaro dira Puntu Moretik informazioa jasotzeko; hau da, 2024an baino lau aldiz gehiago.

Aurten ere, kontzertuak, musika-ikuskizunak eta Umorearen Txokoa izan dira harrera onena izan dutenak. 148.000 pertsona baino gehiago bildu dira Foru, Aihotz, Espainia, Santa Maria eta Probintzia plazetan eta Prado parkean. Hain zuzen ere, azken horretan, jaietarako egokitutako gunea txiki geratu zen Umorearen Txokoko une batzuetan. 

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera zinegotziak honako hau nabarmendu nahi izan du: “balantzea guztiz positiboa da; gero eta gasteiztar gehiago geratzen dira hirian Andre Maria Zuria jaiez gozatzeko, eta, gainera, gero eta turista gehiago hurbiltzen dira. Horren ondorioz, jai jendetsuak dira, kalean bizi direnak. Jende kopurua mantendu egin da egunez egun eta alaitasuna festetako beste gune bat izan dela esan dezakegu. Zalantzarik gabe, parte-hartzea da jaien oinarria”

 

 

Kultura zinegotziak azaldu duenez, “aurrez ikusitako programazioa, 400 ekitaldi baino gehiagokoa, normaltasunez eta parte-hartze handiarekin egin da. Horrela, gustu guztietarako kalitatezko jarduerak egon direla baiezta dezakegu. Publikoaren erantzun bikainari eta bertako taldeen presentziari esker, Gasteizen sendotu egin diren jaien aurreko ekitaldiak azpimarratu nahiko nituzke; izan ere, aurten nabarmen handitu da esku-hartzea, ia jai-gune guztietan parte hartu dutelako”.