Somewhere Between Sleep –Jonas Bakena–, Sieben Tage Februar / February, Seven Days –Tatjana Moutchnikena–, Lovers Sleep Alone (behin-behineko izena) –Massih Parsaeirena– eta Veha –Elif Sözenena– dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Industriako jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren film luzeak, postprodukzio-fasean daudenak. Hiru lehen eta bigarren film bat izango dira WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazteko hautagaiak.
Eskozian formakuntza jaso duen Jonas Bak zuzendari alemaniarrak bere bigarren film luzea aurkeztuko du, Somewhere Between Sleep, bi emakumek Oihan Beltzeko herri batean izandako ustekabeko topaketaren ondorioak kontatzen dizkiguna. Baken lehen lana, Wood and Water (2021), Berlinalen estreinatu eta Kompass Perspektive Sariaren aipamen berezia jaso zuen.
Siebe Tage Februar da orain arte film laburrak zuzendu dituen Tatjana Moutchnik zinemagile ukrainarraren lehen film luzea, eta errusiarrek bere herrialdean gauzatutako inbasioa baliatzen du, testuinguru gisa, Stuttgarten bi anai ukrainar amaren ehorzketarako elkartzen direneko istorioa kontatzeko.
Massih Parsaei jatorri irandarreko zinemagileak Lovers Sleep Alone (behin-behineko izena) film luzea aurkeztuko du,; Berlinen lan-prekariotasuna dela-eta gaizki bizi den gazte iraniar erbesteratu bati buruzkoa da, eta gizon batekin baino ez du harremana (zehazki, sexu esporadikoa), harik eta egun batean Teherango lehengusina bisitatzera etortzen zaion arte.
Veha ekoizpen turkiarrak osatuko du hautaketa, Elif Sölzen gidoigile eta zuzendari turkiarraren lehen filmak, hain justu. Filmean, protagonista bere semearekin joango da Alemaniatik Turkiako bere jaioterrira, zehazki, aitaren hiletara, baina bat-batean desagertu eta semea han utziko du.
Aurten, bere garaian WIP Europan izan ziren film hauek lehiatuko dira: New Directors sailean, Aldığımız Nefes / As We Breathe, Seyhmus Altunena, 2024an lehiatua WIP Europan Memento non mori izenez; eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Sarah Miro Fischerren Schwesterherz / The Good Sister, Berlinaleko Panorama sailean estreinatua eta 2024an WIP Europa Industria Sariaren eta WIP Europa Sariaren irabazlea. Halaber, María Trénorrek, Michael Fetter Nathanskyk, Arantza Santestebanek eta beste hainbat zinemagilek nola Donostia Zinemaldian hala nazioarteko beste hainbat jaialdietan estreinatu dituzte euren obrak. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.