Lerro hauek idazten ari garela astearte arratsaldea da Kalifornian, eta asteazken goizaldea Euskal Herrian. Gaurko Los Angeles Times egunkari prestigiotsuak artikulu luze samarra eman du argitara, Los Angeles Handian salgai dagoen euskal jabegoko jatetxe bati buruz, euskaldunak bertako komunitate eta historiako parte errotua dituen eremu kaliforniar honetan. Glendora Continental jatetxea, izen ezaguna da bertakoentzat, eta Hego Kaliforniako euskal komunitate osoarentzat, duela 45 urte Elisabeth and Jean-Baptiste Sabarots-ek zabaldu zutenetik, dekorazioan elementu euskaldunekin eta sukalde moldean eragin eta estilo euskaldun nabamenduneko ostatu gisa.
Elisabeth (Larralde) lekunberritarra eta Jean Baptiste Sabarots ortzaiztarra Euskal Herrian ezagutu ziren 1964an, Jean Baptiste hara joan zelarik urte batzuk Ameriketan eman ondoren. 1966an Kaliforniara elkarrekin etorri eta ondoko Chinon ezkondu ziren. Denborarekin, gogor lan egin eta aurreztuta, 1980an, jatetxea erosi zuten, baita geroago salduko zuten bigarren bat ere. Glendora Continental deitu zuten jatetxe honetan hazi dituzte euren hiru alabak, Antoinette (Toni) Sabarots Etulain, Bernadette (Bernie) Marie Guyovich, and Marguerite (Maggie) Jeanne Sabarots (azken hau joan den azaroan zendua). Gurasoetan, Elizabeth minbiziz zendu zen 2005ean, eta Jean Baptistek osasun eta diabete arazo larriak izan zituen eta 2012an hil zen. Bernadette alaba gurasoak zaintzen ibilia, bertan ibili da lanean, enplegatu talde sendoa sortuta, eta bezero fidelak dauzkate. Orain arte ez zuen saldu nahi, baina erabaki berria du, bera ere gazteagoa ez dela eta badela saltzeko tenorea.
Hego Kaliforniako euskal komunitateko kide aktiboak izan dira beti Glendora Continental eta Sabarots-tarrak, negozio gisa eta baita pertsonalki ere, laguntzen NABOren Udalekuri, bertako euskal etxeei, eta ondoko benaunaldiak ere euskal kulturaren baitan eta Euskal Herriarekin harremanetan hazi dituzte. Gaur, irakurtzea merezi duen artikulua eskaini die Los Angeles Timesek, Jean Trinh-ek sinatua, Catherine Dzilenski-ren argazkiz, testuingurua eta euskaldunak eta garai batean Kalifornia osoan ugariak izan ziren euskal ostatuak ere aipatuz.
Hona esteka artikulura: ‘It’s just like home.’ One of the last Basque-owned restaurants in California is selling