2025ean memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko hiru dirulaguntza lerro deitu ditu Gogorak

0

Gobernu kontseiluak onartu ditu fundazio edo elkarteen argitalpenak, dokumentalak edo proiektuak finantzatzeko deialdi hauek

Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatutako hiru dirulaguntza lerro onartu ditu gaur, Euskadin memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzea sustatzeko.

Guztira, 232.500 euro bideratuko dira 2025ean, honako deialdi hauetan banatuta:

  1. Memoria demokratikoa berreskuratzeko liburuak argitaratzeko dirulaguntzak. Aurrekontua: 40.000 €.
  2. Memoria demokratikoa berreskuratzeko dokumentalak sortzeko dirulaguntzak. Aurrekontua: 80.000 €.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek eta fundazioek memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak. Aurrekontua: 112.500 €.

Lehen aldiz, liburuak eta dokumentalak argitaratzeko dirulaguntzen deialdia bi ildo ezberdinetan egin da. 2024an 80.000 euroko deialdi bateratua egin zen, baina ez zen dokumentalak sortzeko proiekturik aurkeztu, diru-kopuru urria zela eta. Gogorak ikus-entzunezkoen sektoreko ordezkariekin hitz egin ondoren, eta proiektu horiek duten aurrekontu handia kontuan hartuta, bi deialdi egitea eta haien parte-hartzea sustatzea erabaki da. Horrela, dirulaguntza-lerro bakoitzak oinarri ezberdinak izango ditu, arte-diziplina bakoitzaren ezaugarrietara ahalik eta ondoen egokitzeko.

Liburuak argitaratzeko 2024ko deialdiari dagokionez, Gogorak zortzi eskaera jaso zituen, eta horietatik zazpiri guztira 21.363 euroko dirulaguntza eman zitzaien. Onuradunen artean, aipatzekoak dira Kultur Soleil Kooperatiba Elkartearen ‘Euzkadi en ruinas’; Indalecio Prieto Fundazioaren ‘Discursos Necrológicos. 50 retratos del siglo XX’ eta Ramon Rubial Fundazioaren ‘Socialistas en Erandio. 125 años (1896-2021)’, besteak beste.

Aurtengo dirulaguntzen hirugarren lerroa Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek eta fundazioek memoria historikoa berreskuratzeko garatzen dituzten proiektuak finantzatzeko izango da. Bertan, erreferentziazko denbora-eremua eguneratu da. Orain arte 1931tik 1977ra artekoa zen. Aldaketa hori bat dator Memoriako teknikariek egindako gomendioarekin; horren arabera, egokitzat jotzen da erreferentziazko denbora-eremu hori Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren 9/2023 Legean ezarritako epeari egokitzea. 3. artikuluaren arabera, “Lege honen aplikazioan kontuan hartuko den denbora-eremua 1936ko uztailaren 18tik 1978ko abenduaren 29ra bitartekoa da, gaur egun indarrean dagoen beste legedi batek, oraindik epea guztiz agortu gabe, 1978ko abenduaren 29tik haratago arrazoi politikoengatiko giza eskubideen urraketen biktimei eskaintzen baitie errekonozimendua eta erreparazioa”.

Iaz 19 ekimen aurkeztu ziren deialdi honetara, eta horietatik 13ri guztira 57.370 euroko dirulaguntza eman zitzaien. Besteak beste, Gernika Gogoratuz-en proiektuei, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren eta Jesus Maria de Leizaola Fundazioaren proposamenei. Ramon Rubial Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak ere dirulaguntzak jaso zituzten hainbat ikerketa eta hedapen-proiektu egiteko, baita Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarrak, Asociación para la Defensa de la Dignidad Humana, Pausumendia Elkartea – Komunikaziorako Eskubidea, Pipergorri Kultur Elkartea eta Tekum Fundazioak ere.

Hiru deialdi horien bidez, Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko, babesteko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du, eta argitalpen- eta ikus-entzunezko ekoizpena nahiz esparru memorialistako elkarte eta fundazioek bultzatutako proiektuak babesten ditu.