Osasun Publikoko Zuzendaritzak ziurtatu du neurrien helburua aldez aurreko prebentzioa eta babesa dela, eta ez dagoela alarma-arrazoirik
Azken asteotan, hegazti-gripeko zenbait kasu identifikatu dira gure inguruko kaioen artean, batez ere Bizkaiko kostaldean. Hegazti-gripea gaixotasun biriko arrunta da mundu osoko uretako hegazti basatietan. Oro har, birus hori animalien artean transmititzen da batez ere, eta salbuespenezko kasuetan soilik izan dezake eragina pertsonengan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, herritarrak kutsatzeko arriskua oso txikia dela nabarmendu du. Hala ere, eta nazioarteko gomendio teknikoei jarraikiz, Osasun Publikoak prebentzio- eta zaintza-neurriak areagotzea gomendatzen die udalei eta, bereziki, kostaldeko udalei, espazio publikoen garbiketa- eta mantentze-lanetan aritzen diren langileen segurtasuna babestu dadin.
Gure udalerrietako eremu publiko askotan, eguneko une jakin batzuetan, hegazti basatien kontzentrazioak izaten direla kontuan izanik, bereziki kaioen kontzentrazioak, Osasun Publikoko Zuzendaritzak prebentzio-neurri hauek ezarri ditu:
- Hegazti basatiak kontzentratzen diren guneetako gainazalak garbitzeko eta desinfektatzeko lanak areagotzea.
- Kaioak edo beste hegazti basati batzuk kontzentratzen diren leku publikoetako zakarrontziak eta zaborra hustea.
- Norbera babesteko neurriak bermatzea garbiketa-lanak egiten dituzten pertsonengan edo hegazti gaixoekin edo hildakoekin kontaktuan izaten den beste edozein langilerengan.
Era berean, garbiketa-brigadei eta -langileei gogorarazten zaie, hildako edo gaixotutako hegaztiak aurkituz gero, foru-aldundiek hegazti horiek jasotzeko gaitutako telefonoetara deitu behar dutela.
Lasaitasun-mezua herritarrentzat
Osasun Publikoko Zuzendaritzak aditzera eman du egoera kontrolpean dagoela eta hartutako neurrien helburua aldez aurreko prebentzioa eta babesa dela, eta ez dagoela alarma-arrazoirik. Ingurune profesional horietatik kanpoko pertsonei transmititzeko arriskua oso txikia da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, foru-aldundietako animalien osasun-zerbitzuekin elkarlanean, egoeraren bilakaeraren jarraipena egingo du eta intereseko edozein albisteren berri emango die udalerriei, batik bat kostaldekoei.