Kontxako Banderaren edizio berri bat aurkeztu du Donostiak

0

Aurtengo edizioan, ADEGIk indartu egin du arraunaren aldeko apustua, eta bi aitorpen berri egingo ditu: aitorpena emakumezko patroi onenari eta aitorpena gizonezko patroi onenari

Edizio berezienetako baten atarian, Eneko Goia alkateak, antolakuntzarekin eta babesleekin batera, Kontxako Bandera 2025 edizioaren xehetasun guztiak aurkeztu ditu. Aurten, sailkapen-estropada irailaren 3an eta 4an egingo da, eta bandera lortzeko lehia, berriz, irailaren 7 eta irailaren 14 igandeetan izango da.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, «arraunaren munduko arreta osoa Donostian izango da berriz ere, gure hirian errotuen dagoen tradizioetako bati esker. Ehun urte baino gehiagoz, txoko guztietako arraunlariek nahi izan dute Kontxako Bandera irabazi”.

Goiak azaldu duenez, gainera, «kirol mailan duen garrantziaz gain, hitzordu honek kolorez betetzen du gure hiria, iraileko bi igandeetan taldeak animatzera etortzen diren milaka pertsonei esker. Horiek guztiak elkarbizitzaren eta kirolaren zein kulturaren bidez gozatzeko gogoaren adibide argia dira gainera”.

Eta hori guztia posible izan dadin, kirol-ekitaldi honen atal garrantzitsuenetako bat da hainbat erakundek arraunaren babestearen aldeko apustua egitea. Aurtengo nobedadeen artean, ADEGI Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak bere apustua indartzea erabaki du, babesle ofizial bihurtuz eta Emakumezko Patroi Onenaren eta Gizonezko Patroi Onenaren aitorpen berriak emanez. Aitorpen horren helburua da, figura horien gaitasun teknikoa saritzeaz gain, beren taldeen erreferente gisa betetzen duten zeregina ere azpimarratzea, koordinazioa, elkarrekiko konfiantza eta presiopean erabakiak hartzea errazten baitute.

Sailkapen-estropada

Estropadaren finalera iritsi ahal izateko, iraileko lehenengo igandea baino astebete lehenago, sailkapen-estropadan lehiatu beharko dira traineruak. Aurtengo edizioan, nobedade gisa, bertako liga postu onenean amaitzen duen emakumezko donostiar taldea zuzenean sailkatuko da, eta gainerakoak sailkapen-estropadan lehiatu beharko dira, Kontxako Banderan plaza bat lortzeko. Aurten, Arraun Lagunak izango da zuzeneko pasea izango duen emakumezko taldea (Euskotren Ligako irabazleak).

Hala, irailaren 3an (asteazkena), 18:00etan, emakumezkoen 21 traineruen txanda izango da. Traineru horiek, erlojuaren kontrako modalitatean, 1,5 miliako distantzia egingo dute, bi taldetan eta minutu bateko tarteetan banatuta. Denborarik onena lortzen duten 7 traineruak, Arraun Laguna taldearekin batera, hurrengo bi igandeetan lehiatuko dira, bandera lortzeko.

Eta irailaren 4an (osteguna) 18:00etan, gizonezkoen 21 traineruen txanda ere izango da. Traineruak bi taldetan eta minutu bateko tarteetan banatuko dira, eta Donostiako estropada-eremuko 3 milia nautikoak egingo dituzte erlojuaren kontrako modalitatean, Kontxako Banderan lehiatzeko aukera ematen duten zazpi plazetako bat lortzeko.

Aitorpen berri bat

Berdintasunaren aldeko konpromisoari eutsiz, sarietara bideratutako zenbatekoak berdina izaten jarraitzen du emakumeen eta gizonen modalitateetan, eta guztira 85.500 euro banatuko dira bi modalitateetan: 25.000 euroko sari ekonomikoa eta bandera jasoko dituzte lehenengo postuan sailkatutako tripulazioek. Gainera, tripulazio irabazleen arraunlari bakoitzak banderaren miniaturako erreplika bat jasoko du, estropadan izandako parte-hartzea gogorarazteko.

Aurten, ADEGIk indartu egin du Donostiako estropadetan duen presentzia, eta, hamargarren aldiz jarraian, bi igandetako denborak kontuan hartuz, denbora onena egiten duen Gipuzkoako traineruari ADEGI saria emango dio, bai emakumeen modalitatean, bai gizonen modalitatean: 7.500 € eta trofeo bat (traineru baten erreprodukzioa). Horrez gain, maillot bana emango die estropadan gehien nabarmendu diren emakumezko patroiari eta gizonezko patroiari. Aitorpen hori nork merezi duen zehazteko erabiliko diren faktoreak honako hauek izango dira: maisutza ziaboga egiteko orduan, zenbatgarren amaitu duen bere txandan, zigorrik ez jasotzea eta bi igandetan antzeko moduan jardutea.

Hala, aurten, ADEGI izango da estropadaren babesle, bi modalitateetan (emakumeenean eta gizonenean); era berean, azken edizioen ildo berean, Euskadiko Kirol Portuak erakundea ere babesle izango da. Aurten ere, Euskadiko Kirol Portuak entitateak trofeo bat emango dio tripulazio garaile bakoitzari, 2025eko bandera entregatzen zaienean.