Elkarbizitza, errespetua eta berdintasunean oinarritutako jai egitaraua antolatu du Hondarribiko Udalak

0

Hondarribiko Udalak, herriko elkarte eta herritarrekin batera, 2025eko jaietarako egitarau zabala prestatu du. Guztira, 100 ekitalditik gora antolatu dira; horietatik 70 jai nagusien sei egunetan, baina aurretik ere kaleak jai-giroz beteko dira. Asteburu honetan eta jaien ostean esaterako, 30 jarduera baino gehiago izango dira. Hondarribiko jaiak antolatzeko ezinbestekoa izan da elkarlana. 34 elkarte aritu dira lanean Udalarekin, eta dozenaka zerbitzu eta erakunde koordinatuko dira segurtasuna, garbitasuna eta artapena bermatzeko. “Elkarteek, herritarrek eta Udalak bat egiten dugu, eta horregatik dira posible gure jaiak. Guztion artean egiten ditugulako dira benetan herrikoiak. Helburua argia da: guztiontzat atsegin eta seguru izango diren jaiak izatea”.

450.467 euroko aurrekontua bideratu da aurtengo jaietara.

Guztiontzako jaiak

Hondarribiko Jaiak adin eta gustu guztietarako pentsatu dira. Abuztuaren 30ean eta 31n kirol ekintzek hartuko dute protagonismoa, eta Zumardian Fan&Go erromeria, Bad Sound System eta DJ Zezen izango dira, besteak beste. Halaber, Gazte Eguna, koadrilen jolasak, bertso saioa eta Txistularien alardea antolatu dira.

Familientzako ekintzek ere pisu handia izango dute. Irailaren 3an iaz hasitako familia-kontzertuari jarraipena emango zaio Itsas Etxea auditoriumean, 0-3 urteko haurrentzat, eta Txirrinda froga ere berreskuratuko da 10-14 urte bitarteko gazteentzat. Iaz bezala, irailaren 4tik 14ra, barrakak Minaterea kalean jarriko dira, herritarrentzako gune irisgarriago eta gertutasun handiagoa bermatzeko.

Irailaren 5ean, Bentako jai eremuan, herriko Stolda eta Onavide taldeak eta Los Zopilotes Txirriaos izango dira oholtza gainean. Hilaren 6an Guadalupeko igoera ospatuko da, eta haurrek protagonismo berezia izango dute pregoiarekin eta entzierro puzgarri koloretsuarekin; aurten Aia Elejalde Maiztegi eta Xuban Etxebeste Roig izango dira pregoilari txikiak. Irailaren 7an iritsiko da jaien unerik sinbolikoena: txupinazoa. Aurten ere Arma Plazako eraikinetatik jaurtiko da aurten ere; herritarrekin batera, herritarrengandik eta herritarrentzat. Egun horretan, gainera, urrezko intsignia emango zaio Alberto Lasa Ansalasi emango zaio. Arratsaldean, udal korporazioak herriari aurreskua eskainiko dio.

Ohi bezala, jaietako egun handia irailaren 8an izango da, Alardearekin. Bestalde, irailaren 6, 9 eta 10ean Gazte Kanttua antolatu da Kasino Zaharrean, gazte eta nerabeentzako jai eta jolas gune gisa. Irailaren 9an, Ezpata dantza eta brokel dantza izango dira, eta 10ean Arrantzale Eguna ospatuko da, difuntuen mezarekin eta adinekoei eskainitako bazkariarekin. Irailaren 11n, Baserritar Eguna izango da: Zumardian baserritarren postuak, bertsolariak, pilota partida eta idi proba ikusteko aukera egongo da, eta azoka indartzeko landa-eremuko makineria erakustaldia ere egingo da. Su artifizialek emango diote amaiera jaiei.

Sormena, jaiei ateak zabaltzen

Jaiak hasi aurretik, hainbat lehiaketa egin dira sormenari bide emateko. Ane Lupe Iridoy Amunarriz izan da kartel lehiaketako irabazlea, “Irailak 7 dena prest” lanarekin. Argazki lehiaketan Gerardo Garcia Gonzalezek jaso du lehen saria, “Paseando por la orilla” argazkiarekin. Loredun balkoi lehiaketan Estela Galan, Mª Angeles Tellechea eta Mª Teresa Santos izan dira sarituak. Erakusleihoen lehiaketa ere, bestalde, martxan da. Sari banaketa guztiak abuztuaren 30ean egingo dira, 12:00etan, Kultur Etxean. Lan guztiak ikusgai daude Arma Plazan, irailaren 21era arte.

Segurtasuna eta berdintasuna ardatz

Jaietan, Puntu Moreak egongo dira indarkeria sexistaren aurkako informazioa eta arreta eskaintzeko. San Pedro kalean kokatuko dira arratsaldean eta gaueko lehen orduetan; jende gehien biltzen den egunetan, berriz, zerbitzua Itsas Etxera eramango da. Bertan, Emagin elkarteko profesionalak gau osoan zehar egongo dira. Horrez gain, jaietan zehar telefono zerbitzua egongo da eskura: 688 71 87 97.

Bestalde, Udal Prebentzio komunitario zerbitzutik, urtero bezala, “ONDO PASA…BAINA EZ PASA!” kanpaina landu dugu, herritar guztiei zuzenduta. Norberaren jarreraren arduran, mugikorraren erabileran, drogen kontsumoan eta bestearekiko errespetuan jarri da fokua. Kanpainak kalean, tabernetan, txosna guneetan eta sareetan izango du presentzia.

Queirugak argi utzi nahi izan du jaien oinarria baloreetan dagoela: elkarbizitzan, errespetuan eta ardura kolektiboan: “Indarkeriarik gabeko jaiak behar ditugu. Jai giroa ez da bateragarria errespetu faltarekin. Ospakizunaren gainetik, errespetua da gure mezua: errespetua gizon eta emakumeekiko, errespetua gure kaleekiko, ingurunearekiko.

Alardea antolatzeko baimen emateko dreketua

Hondarribiko jaiak parte-hartzaileak dira, eta Alardea ere horren lekuko da. Egun horretan, milaka hondarribiarrek hartzen dute parte desfilean, eta beste hainbatek txalotu. Horrelako ekitaldi jendetsuek antolaketa zehatza eskatzen dute, guztia behar bezala atera dadin.

Aurten ere, Alardearen desfilea toki eta ordu berean egiteko eskaerak jaso ditu Udalak, bai Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiaren aldetik, bai Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen (HAOSE) aldetik. Udal Gobernuak bi eskaerak onartu ditu, ezinbestean hala izan behar duela ulertuta. Horretarako, dekretu bakarra onartuko du kale erabileraren antolaketa zehazteko. Dokumentu horrek konpainien kokapena, formakuntzako ordutegiak, geldiuneak eta segurtasun distantziak arautzen ditu, beste alderdi teknikoekin batera. Horrez gain, kontuan hartu dira berdintasunari buruzko legeak eta Auzitegi Gorenaren 2007ko 279 ebazpen bat.

Ez da lan erraza, baina gure ardura da guztia behar bezala ateratzea”, azaldu du Enparanek. “Horregatik arautzen dugu antolaketa dekretu honen bidez”. Alkateak dei berezia egin die konpainiei zein gainerako eragileei dekretuaren edukia errespeta dezaten: “Beraiek egindako eskaerei erantzuten die bete-betean, bi eskariak dekretu bakarrean jaso eta ordutegiak ezberdindu beharrean aurkitzen garelarik. Ezinbestekoa da arauak errespetatzea antolaketa egokia bermatzeko”. Herritarrei ere mezua helarazi die: “Eskatzen diegu errespetuz har ditzatela Udalak emandako baimenak, eta lagundu dezatela jaiak ongi atera daitezen. Jaiak bizitzeko eta gozatzeko dira, baina ekitaldi guztietan ezinbestekoa da elkarrenganako errespetua: Alardean, Salbean, txoznetan, kontzertuetan, Arrantzale Egunean… horri zibismoa deitzen diogu”.

Dekretuak, beraz, konpainien formakuntzarako arauak zehazten ditu, elkarbizitza baketsua eta berdintasunean oinarritutakoa bermatzeko. “Norbaitek uste badu dekretua ez betetzeak iraganeko garai ilun eta mingarrira eraman gaitzakeela, oker dabil”, gaineratu du Enparanek. “Udal Gobernu honek hondarribiar guztien eskubideak beti errespetatuko ditu, eta Hondarribia justua izateko berdintasunean bizi behar dugu. Inork ezin du inoren gainetik jarri”.

Alkateak gogorarazi du Udalaren ardura dela jaiak modu justuan, egokian eta seguruan antolatzea: «Hodarribiko Udala da herritar guztion erakunde nagusia, eta herritarren gehiengoak aukeratutako alkatearen zeregina da guztiontzat jai zuzen eta seguruak antolatzea”.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie antolaketan parte hartzen duten udal teknikariei, langileei eta elkarteei, eta gonbita luzatu die herritar guztiei: “Hondarribiko Jaiak guztionak dira: hondarribiarrez gain, inguruko herritarrak ere gurekin batera ospatzera gonbidatzen ditugu.”