Aurkeztu da aurtengo Euskal Jaien egitaraua. Joan den urteko edizioan mendeurrena ospatu ondoren, aurtengoan, Zarauzko Udalak egitarau borobila eskaintzen die zarauztarrei, urtez-urte gauzatzen diren ekitaldiekin, mendeurrenerako martxan jarri eta aurten errepikatuko diren egitasmoekin eta egitarauan lehen aldiz gehitzen diren ekimenekin.
Gaurtik aurrera martxan izango da egitaraua, gaur eta bihar lehiatuko diren Bertsolari Gazteen XLIX. Lizardi Sariaren kanporaketa saioekin. Behin hauek gauzatuta, finala datorren irailaren 5ean ospatuko da Modelo Aretoan.
Joan den urtean arrakasta handia izan zuen ekimenen artean, aurten ere fandango eta arin-arin ikastaroak bere lekua izango du Euskal Jaietan, Frontoi Txikin egingo diren 5 saioekin. Bertan, Jon Alkain eta Alaitz Garciak, Zarautz TRIKek lagunduta, euskal dantzen munduan lehen pausuak ematen lagunduko digute.
Aurtengo berritasunen artean, Lege Zaharren enparantzan, Euskal Asteko Trikitixa jaialdia ospatuko da. Irailaren 3an, asteazkenean, 19:00etatik aurrera, herriko adin guztietako trikitixa ikasle zein punta-puntako trikitilariez gozatzeko aukera izango da.
Euskal Jai Eguna
Euskal Astearen barnean, egun handiena Euskal Jai eguna izango da. Irailaren 9an, asteartean, goizetik gauraino, atsedenik izango ez duen festa eguna izango dugu, antzerkiz, musikaz eta dantzaz beterik.
Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak aurkezpenean adierazi duen moduan, “Joan den urteko mendeurrenaren ondoren, ohiko ospakizunetara itzuliko gara aurten, baina aurreko 100 edizioetan bezain ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako Euskal Jaietan, betiere, giro jator eta alaian, euskalzaletasunaren eta zarauztartasunaren sugarra bizirik mantenduz”.
Hauek dira, Zarauzko Udalarekin batera, Euskal Jaietako egitaraua osatzen parte hartu duten elkarteak: AEK, Alproja Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Goiztarrak, Zarautz TRIK, Imanol Urbieta Musika Eskola, Jalgi Dantza Taldea, Montetxio Abesbatza, Motxian-Etxebeltz Bertso Eskola, ‘Arrain Zopa’ Taldea, Nahiko Larri Trikitilariak, Goizeko Ihintza Txistulari Taldea, Zarautz Abesbatza, Schola Cantorum, Txipirin Abesbatza eta Udaberri Abesbatza.