Euskal Jaiek tradizioa eta oraina uztartuko dituzte irailaren 3tik 14ra

0

Jaiek adin guztientzako egitarau anitza dute

Donostiako Euskal Jaiak irailaren 3an, asteazkenean, hasiko dira, Kontxako Banderarako emakumezkoen sailkatze estropadarekin. Horrela, hiriak programazio zabal batez gozatu ahal izango du, eta 60 jarduera baino gehiago egingo dira mota guztietako partaideentzat.

Jon Insausti Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, «programazioaren 11 egunetan, Euskal Jaiek era guztietako jarduerak ekarriko dituzte Donostiara, gure sustraiekin konektatzeko eta gure kulturaz, kirolaz eta tradizioez gozatzeko aukera emateko«.

Jaiei hasiera emateko, ohi bezala, estropadak egingo dira Donostiako badian, irailaren 3an eta 4ean, estropadako sailkapen frogak burutuko bait dira. Hurrengo ekitaldi berezia irailaren 6an, larunbatean, izango da. Egun horretan Sagardo Eguna ospatuko da Konstituzio plazan, 11:00etatik aurrera.

12:00etan, Kantujira ospatuko da, Loiola kaletik Alde Zaharrera musika ibilbidea, non euskarazko abesti herrikoiak joko diren, eta arratsaldean ohiko Esku Dantza iritsiko da, 19:00etan Konstituzio plazan, eta ondoren erromeria herrikoia, 19:45ean.

Hurrengo egunean, hilaren 7an, igandean, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia izango da. Urtero milaka pertsona erakartzen ditu ekitaldi honek hirira, ezinbesteko kirol-proba honetaz gozatzeko etortzen direnak.

Musika eta poesia

Musikak eta poesiak paper garrantzitsua izango dute programazioan. Irailaren 8an, astelehenean, 19:00etan, «Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa» errezitaldia egingo da Victoria Eugenia Antzokian, Jon Martin eta Irati Odriozolaren eskutik. Asteartean, hilak 9, ordu eta leku berean, Julio Villar bidaiari eta idazleari omenaldia egingo zaio «Eh, Petrel!» lanaren irakurketa musikatu batekin. Asteazkenean, hilak 10, 19:00etan, «Itzalen Tektonika» ikuskizun poetiko-musikala aurkeztuko da, Itxaro Bordaren izen bereko liburuan oinarritua.

Irailaren 12an, ostirala, 22:00etan, Trinitate plazan erromeria bat egingo da Zatekeen taldearekin. Musika bidez feminismoa aldarrikatzen duten bost emakumek osatzen dute taldea. Larunbatean, hilak 13, Muxikoekin hasiko da eguna, 12:00etan, Konstituzio plazan, eta, ondoren, Larrain Dantzaren XVII. edizioa, 13:30ean. Gauean, 22:00etan, «Donostia Bertsotan» bertso topaketa izango da, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolariekin.

Haurrentzako programazioa

Haurrek ere euren lekua izango dute Euskal Jaietan. Irailaren 10ean, asteazkenean, arratsaldeko 17:30etan, «Sagu eta Pagu: Altxor Handia» haurrentzako euskarazko filma proiektatuko da San Jeronimo aretoan. Egun horretan bertan, 19:00etan, «Donostia ezagutzen duzu?» Kahoot lehiaketa egingo da 14 eta 20 urte bitarteko gazteentzat.

Ostiralean, hilak 12, arratsaldeko 17:00etan, X. Toka Haur Txapelketa izango da Trinitate plazan. Larunbatean, hilak 13, 17:00etan, herensugearen jaitsiera egingo da Urgulletik, erraldoi eta buruhandien konpartsak lagunduta. 18:00etan, egurrezko jolas erraldoiak eta txokolatada egingo dira Zuloaga plazan, eta, 21:00etan, zezensuzkoa.

Lehiaketa herrikoiak

Lehiaketa herrikoiak ere programazioaren funtsezko parte dira. Irailaren 7an, igandea, 18:00etan, Dantza Solteko Lehiaketa egingo da Konstituzio Plazan. Ostiralean, hilak 12, 18:00etan, VII. Marmitako Lehiaketa – Josu Esnal Memoriala izango da. Larunbatean, hilak 6, 11:00etan, Gipuzkoako Tomate Lehiaketa egingo da Boulevarden, eta larunbatean, hilak 13, 12:00etan, XIII. Legatz Lehiaketa Donostiarra-Luis Irizarrera, helburu solidarioekin.

Azoka eta merkatuek osatzen dute kultur eskaintza. Irailaren 6an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara, Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. Merkatua egingo da Boulevarden, eta Artisautzaren V. Azoka Alderdi Ederren, bertako ekoizleen partaidetzarekin.

Kirol hitzorduak

Kirol tradizionala da Euskal Jaietako elementu nabarmenetako bat. Kontxako Estropadak asteazkenean izango dira, hilak 3 (emakumezkoak) eta ostegunean, hilak 4 (gizonezkoak), biak 18:00etan, eta finalak igandean, hilak 7 eta 14, 11:00etan (emakumezkoak) eta 12:00etan (gizonezkoak).

Bola Txapelketa Arrobitxulo parkean egingo da, sailkatze faseak larunbatean, hilak 6, 17:00etan eta finala larunbatean, hilak 13, 17:30ean. Urgulleko Krosa – Jonpa Saria larunbatean, hilaren 13an, izango da, haurren lasterketa 11:30ean eta helduen lasterketa 12:00etan. Esku Pilota Txapelketa – Donostialdea Trinitate plazan jokatuko da. Finalerdiak irailaren 8an eta 9an izango dira, eta finalak 11n, 15:30ean. Kontxako badian igeri zeharkaldia larunbatean, hilak 13, egingo da, 11:00etan (haurrak), 11:30ean (emakumeak) eta 12:00etan (absolutua).

Gaztelu Eguna

Ekitaldi sinbolikoenetako bat Gaztelu Eguna izango da, irailaren 6an, larunbata, 1813an suntsitu ondoren Donostia berreraiki zutela oroitarazten duena. Jardunaldia 11:30ean hasiko da Trinitate plazatik Urgulleko Motako gaztelurantz martxa batekin, eta 12:30ean Santa Maria atarian geldituko da kapitulazioak irakurtzeko. 14:30ean bazkari herrikoia egingo da Urgulleko «Macho”-an, eta ondoren erromeria 17:00etan Santiagoko baterian. Gazteluaren jaitsiera 18:45ean izango da, ingelesen hilerrian geldialdia eginez, eta amaiera ekitaldia 20:30ean izango da Boulevardeko kioskoan.

“Festarako deia” kartela

Aurtengo kartela, «Festarako deia» izenekoa, Asier Iturralde «Gastón» ilustratzaileak egin du. Euskal Jaiak, garenaren ospakizuna, sustrai sakonak dituen eta bizirik eta indartsu irauteko etengabe berritzen den kultur adierazpena. Tradizioak eta orainak eskua ematen diote elkarri, eta bat egiten dute etorkizunera begira. Txalapartaren bidez festarako deia egiten duen kartelak kontzeptu horiek guztiak ilustratu nahi ditu. Txalaparta, bere erritmoa eta bere soinua, estetika moderno, minimalista, iradokitzaile eta alaiarekin irudikatuak.