Mende honetako hirugarren abuzturik beroena izan da
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abuztua oso beroa izan da eta batez besteko tenperaturak 21-22 ºC artean ibili dira kostaldean eta 20 ºC-tik gora Arabako Lautadan, 1991-2020ko batez bestekoaren gainetik 1.6 ºC. Mendea hasi zenetik, hirugarren abuzturik beroena izan da, 2003koaren eta 2022koaren atzetik.
Lehenengo fase batean, abuztuaren 6tik 9ra bitartean, isurialde mediterraneoan bakarrik egin zuen bero, bereziki Ebroren ardatzean, eta pixkanaka-pixkanaka tenperatura minimoak 18 ºC inguruan finkatzen joan ziren. Hilaren 9an aktibatu zen lehenengo abisua tenperatura altu iraunkorrengatik eremu horretan (Zambrana 37.9 ºC, hilaren 7an; Kanpezu 37.4 ºC, Antoñana 37.2 ºC, hilaren 8an; eta Moreda 37.9 ºC, hilaren 9an).
Bigarren fase batean, 10etik 12ra, bero handiagoa egin zuen. Horrela, hilaren 10ean erregistratu ziren lehenengo aldiz 40 ºC-tik gorako tenperaturak isurialde kantauriarreko bi estaziotan (Saratxo 40.5 ºC eta Zalla 40.3 ºC) eta trantsizio-eremuko beste bitan (Arkauti eta Etura 40 ºC). Hego-haizearen eraginez, hilaren 11 bereziki beroa izan zen EAEren barnealdean (Arrasate 42 ºC, Balmaseda 41.8 ºC, Igorre 41 ºC, Zambrana 40.6 ºC eta Abetxuko 39.1 ºC).
Beste hainbeste gertatu zen hilaren 12an, baina tenperatura maximoek zertxobait behera egin zuten isurialde mediterraneoan eta areagotu egin ziren, berriz, Kantauriko haranetan (Gardea 44 ºC, Igorre 43 ºC, Zalla 42.9 ºC, Arrasate 42.2 ºC, Galdakao 40.2 ºC, Abetxuko 37.9 ºC eta Páganos 37.1 ºC). Goierriko zenbait lekutan, hala nola Amundarainen eta Estandan (41 ºC eta 41.6 ºC, hurrenez hurren), tenperatura maximo absolutuen errekorra hautsi zen egun horretan, hilaren 12an, alegia.
Bero-boladaren azken fasea hilaren 15ean hasi zen, eta beroa orduan iritsi zen boladako puntu gorenera, 44,9 ºC erregistratu baitziren Sodupe-Cadaguako estazioan eta 43-44 ºC isurialde kantauriarreko beste estazio askotan, batez ere mendebaldekoetan, eta horietako askotan tenperatura maximo absolutuen errekorrak hautsi ziren (Gardea 44 ºC, Igorre 43.8 ºC, Galdakao 43.5 ºC, Mungia 42.2 ºC, Arrasate 41.8 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Espejo 39.2 ºC, Abetxuko 38.8 ºC eta Miramon 38.1 ºC).
Azken fase hori abuztuaren 15era mugatu zen isurialde kantauriarrean, eta isurialde mediterraneoan, berriz, hego-haizea nagusitu izanaren ondorioz, bero egiten jarraitu zuen hilaren 16an eta 17an. Araba erdialdeko eta hegoaldeko estazio askotan erregistratu ziren 39-40 ºC-ko tenperatura maximoak (Zambrana 40.5 ºC, Kanpezu 40.2 ºC, Espejo 40.2 ºC, hilaren 16an; Kanpezu 40.9 ºC, Zambrana 40.3 ºC eta Moreda 40.3 ºC).
Bestalde, tenperatura minimo altuak ere azpimarratzekoak dira, bereziki Arabako Errioxan, hilaren 11tik hilaren 16ko goizaldera bitartean, 14an izan ezik, gau tropikalak izan baitziren. Horien artean hilaren 15eko goizaldea nabarmendu zen, termometroak ez baitziren 25 ºC-tik jaitsi. Goizalde horretan Arabako goi-estazioetako tenperatura minimo altuen errekorrak hautsi ziren, hala nola Herreran (1188 m) eta Kapilduin (1173 m). Itsasertzean ere gau tropikalak izan zituzten hilaren 12ko gauean hasi eta 17ko goizaldera arte, salbuespen batzuekin estazio bakoitzaren kokapenaren arabera.
Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala dena baino handiagoa izan da, eta eguzki-orduak % 15 gehiago izan dira. Itsasertzean 225 eguzki-ordu erregistratu ziren eta Arabako Lautadako barnealdean, berriz, 266 ordu.
Prezipitazioei dagokienez, abuztua normala izan da kostaldeko eskualdeetan, nahiz eta, orokorrean, batez bestekoaren azpitik ibili diren. Barnealdean hilabete lehorra edo oso lehorra izan da, bereziki Araba hegoaldean. Baliorik altuenak erregistratu ziren Gipuzkoako ipar-ekialdean, itsasertza barne, eta estazio askotan gainditu ziren 100 l/m²-ak (Eskas 186.8 l/m², Oiartzun 140.9, Ereñozu 116.4, Behobia 111.2 eta Miramon 102.1).
Gainerakoan, metatutako prezipitazioak urriagoak izan dira, eta Araba hegoaldean izan dira erregistrorik baxuenak, ez baitira 10 l/m² -ra ere iritsi (Espejo 9.5 l/m², Alegría 8.8, Navarrete 5.2 eta Abetxuko 2.8), eta Arabako Errioxan ia ez du batere euririk egin (Páganos 1.9 l/m² eta Moreda 0.1). Horrela, esate baterako, Arabako hiriburuak serie historikoetako abuzturik lehorrenetako bat izan du, 2010ekoaren eta 2018koaren parekoa.
Hilaren 21a izan zen, alde handiarekin, hilabeteko egunik euritsuena, eta batez besteko prezipitazioa 22 l/m²-koa izan zen. Zaparradak, ezegonkortasun-lerro bati eta ipar-mendebaldeko fluxuari lotuak, batez ere Kantauri isurialdean bota zituen, bereziki Gipuzkoako kostaldean eta ekialdean, eta metatuak oso ugariak izan ziren, zenbait lekutan 60 l/m²-tik gorakoak (Eskas 82 l/m², Oiartzun 69.2, Aizarnazabal 57.2, Bidania 54.9, Berastegi 50.5 eta Andoain 50.4). Hiriburuei dagokienez, abuztuan 10 euri-egun zenbatu ziren Donostian, 5 Bilbon eta bakarra Gasteizen.
Meteorologia txarrari dagokionez, abuztuan Eusko Jaurlaritzak 8 alerta laranja aktibatu zituen (6 muturreko tenperatura altuengatik eta 2 tenperatura altu iraunkorrengatik), bai eta 37 abisu hori ere (12 muturreko tenperatura altuengatik, 10 tenperatura altu iraunkorrengatik, 5 basoko sute-arriskuagatik, 3 prezipitazio handiengatik, 1 kostaldeko inpaktuagatik eta 6 olatuengatik nabigaziorako).