Gipuzkoako Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Álvarez Zinekin proiektuaren hirugarren edizioan parte hartu duten Mendiola eta Bideberriko ikasleekin elkartu da. Proiektu hori Zaragüeta Zulaica Fundazioak sustatzen du eta Lankidetzako Departamentuak babesten du. Proiektua abian jarri zen hainbat gizarte-testuingurutan dauden gazteei sorkuntza zinematografikoaren esperientzia osoa bizitzeko aukera eskaintzeko, sektoreko profesionalekin elkarlanean eta taldean lan eginez.
Raquel Romero Fundazioko gerentea eta José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ere bertan izan dira, taldeek sortutako film laburrak gala berezi batean proiektatuko baitira Trueba zinema-aretoetan, 2025eko Zinemaldiaren esparruan.
Ikasturtean zehar, Mendiola Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako hamar ikaslek eta Bideberriko DBHko 3. eta 4. mailako hamabost ikaslek parte hartu dute ekoizpen zinematografikoaren fase guztietan, gidoiaren idazketatik hasi eta zuzendaritzaraino, interpretaziotik, soinutik, ediziotik edo postprodukziotik igaroz. Emaitza «El buffet libre» eta «Tóxicos» film laburrak izan dira.
Alvarezek gogorarazi du bi taldeen filmaketak bisitatu zituela proiektuaren hasieran, eta «gazteek zinemaren bidez ematen duten konpromisoa, sormena eta begirada bakarra» nabarmendu ditu. Diputatuak azpimarratu duenez, «Zinekin proiektuaren gauzarik baliotsuena nerabeei eta gazteei beren kezkak adierazteko ahotsa ematea da, askotan ikusezin bihurtzen diren arazoak islatuz, hala nola integrazioa, arrazakeria, tratu txarrak, osasun mentala edo sexu-identitatea».
Raquel Romerok, Fundazioko gerenteak, adierazi duenez, «Zinekin proiektuaren edizio bakoitzak erakusten du zinema gazte askorentzat bizi-ibilbidea eta ibilbide profesionala izan daitekeela, baita bizikidetzako eta aniztasuneko esperientzia eraldatzailea ere». «Bi talde oso interesatu eta proaktibo izan dira, proiektu aldarrikatzaileak egin dituzte eta emaitza zoragarria izan dute».
Zinemaldiaren galak amaiera paregabea emango dio proiektuari eta ikasleek sortutako istorioak pantaila handian aurkeztuko dira irailaren 20an, 17:00etan, Donostiako Trueba zineman.