Gipuzkoako Foru Jauregiak gaur goizean hartu du Sahara Askeko Errepublika Arabiarreko (SAEA) Gazteria eta Kirol ministroa, Hasanito Echbalal, Ministroarekin batera izan dira Salama Lehbib, gazteria-planaren arduraduna; Eliz-za Abidin, UJSARIOko (Union de Juventudes Saharauis) ordezkaria; Marta Ponce, RASDen Lagunen Elkartekoa; eta Itsaso Andueza, Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitatekoa.
Topaketan izan dira, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza zuzendaria, Ana Priede, eta Gazteria zuzendaria, Isaac Palencia. Bi ordezkariek lurraldeak giza eskubideen defentsarekin eta nazioarteko lankidetzarekin duen konpromisoa azpimarratu dute, bereziki saharar herriarekin.
Bisita hau euskal hiru lurralde historikoetan egiten ari diren ibilbide instituzionalaren parte da, eta oraingoan gazteria sahararra jarri du ardatz. Besteak beste, gai hauek jorratu dituzte: 2024ko urrian Bilbon ospatutako Saharar Herriarekin Solidarioa den Gazteriaren III. Nazioarteko Foroan ateratako ondorioak; 2023-2024 urteetako gazteria sahararraren diagnosia; eta SAEAren 2025-2028 Gazteriaren Plana.
Topaketak aukera eman du Gipuzkoa eta saharar herriaren arteko elkartasun eta lankidetza loturak sendotzeko, eta, aldi berean, euskal erakundeek babestutako proiektuei ikusgarritasuna emateko, gazteriaren parte-hartzea, ahalduntzea eta eskubideak sustatzen dituzten proiektuei, alegia.