Eibarrek hartu du, gaur arratsaldean, Basque Segurtasun Foroaren Gipuzkoako lehen topaketa. Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak parte hartu dute Debabarrenako 30 bat agente desberdinekin egin den topaketan. Eibar, Elgoibar, Deba, Ermua, Mallabia, Mendaro eta Mutrikuko gizarteko hainbat ordezkarik parte hartuko dute eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, segurtasunari eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu eta hausnartu dute ikuspegi integral batetik.
Eibarko bileraren aurretik, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Basque Segurtasun Foroaren helburua gogorarazi du: «lehenengo helburua delituei eta fenomeno natural kaltegarriei aurre egiteko baldintza egokiak sortzen ari garen aztertzea da. Baina horrekin batera, bada beste esparru garrantzitsu bat ere: prebentzioarena. Alde batetik, erakundeek, Ertzaintzak, udaltzaingoek, suhiltzaileek… prest egon behar dute horrelako egoerei aurre egiteko. Prebentzio horretan ere jartzen dugu arreta. Eta hirugarren zati bat herritarrek har ditzaketen prebentzio- eta autobabes-neurriei buruzko gogoetarekin lotuta dago «. Zupiriak gaineratu duenez, Enkarterrietako eskualdean egin zen aurreko bileran uda honetan ere mahai gainean izan diren gaiak jorratu ziren, hala nola, fenomeno naturalak, suteak eta bero-boladak adibidez, ingurune digitaleko delituak, ondarearen aurkako delituak, edo pertsonen aurkakoak, hala nola familian gertatzen direnak edo genero-indarkeria.
Segurtasuneko sailburuak nabarmendu duenez, «uda honetan ahalegin handia egin dugu Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioa hobetzeko. Nire ustez, neurri berritzaileak hartu dira, eta, horri esker, delituak jaitsi egin dira hiri eta udalerri gehienetan. Eta bultzatzen ari garen foro honen helburua erakundeen arteko lankidetza bultzatzea da, gerta daitezkeen fenomeno naturalei eta Euskadin ezagutzen ditugun delinkuentzia motei aurre egiteko «.
Basque Segurtasun Foroa
Uztailean Enkarterrietan egin zen Basque Segurtasun Foroaren lehen eskualde mailako topaketa eta Eibarkoa bigarrena izan da. Hurrengoa etzi, asteazkenean, egingo da Barakaldon eta Ezkerraldeko agente desberdinek parte hartuko dute.
Basque Segurtasun Foroa Euskadiko segurtasun integralaren kontzeptuari buruz hausnartzeko prozesu parte hartzailea da. Prozesu horretan, hainbat erakundek, elkartek eta agentek topagune bat dute, kezkatzen dituzten segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak… Guztira, urte betean, 30 topaketa baino gehiago egingo dira.








