Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok aste honetan Gasteizen garatzen den Zerbitzu Txakurren 33. Mundu Txapelketaren irekieran parte hartu du.
Sailburuak ongietorria eman die 35 herrialde baino gehiagotako ehunka parte-hartzaileei, eta Euskadi nazioarteko ekitaldi honen egoitza izateagatik harro dagoela nabarmendu du: “Pribilegio bat da Gasteiz eta Euskadi txapelketa hau hartzeko aukeratu izatea, horrek aukera ematen baitigu zerbitzu-txakurrek egiten duten funtsezko lana ikusarazteko eta balioesteko. Bestetik, ekitaldi hau aukera bat da gure identitatea ere berresteko, dog friendly lurralde gisa, animalien ongizatearekin, bizikidetzarekin eta abegiarekin konprometitua”.
Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu duenez, parte hartzen duten taldeek erakutsiko duten lanaz gain, helburua da lurraldearen aberastasuna deskubritzea: “Euskadik eskain dezakeen guztia ezagutzea nahi dugu: paisaia paregabeak, tartean bederatzi parke naturalak, bizitza kulturalez betetako hiriak, nazioartean aintzatetsitako gastronomia eta kalitate handiko turismo-zerbitzuak. Konpainiako animaliak hartzen dituen lurraldea gara gainera; horren erakusgarri dugu Euskadi ezagutzeko gure gida espezifikoa, txakurra bidelagun dela, ibilbide eta proposamen egokituekin”.
Nazioarteko ekitaldi hau sailak bultzatzen diharduen turismo jasangarriko estrategien barruan kokatu du sailburuak. Estrategia horien ardatza desestazionalizazioa, eskaintzaren dibertsifikazioa eta egonaldia luzatuko duen eta helmugan gastua handituko duen nazioarteko bisitaria erakartzea dira. “Datuek bide hori bermatzen dute: urtarriletik uztailera % 5eko hazkundea izan dugu bisitarien sarreran, % 6,7ko igoerarekin nazioarteko turismoan, eta % 3koa turismo nazionalean”, zehaztu du.








