Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du ANEZKA Enplegu- eta ekintzailetza-anezkak programaren beste edizio bat. Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailari atxikitako DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak sustatutako programa bat da. Izena emateko epea irailaren 30era arte dago zabalik, DEMAren webgunean dagoen izena emateko formularioaren bidez.
Erreferentea enplegagarritasunean
2016an hasi zenetik, ANEZKA sendotu egin da erreferente gisa enplegu-politika aktiboen arloan Aldundiak dituen programen artean. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako (2022/08/08) ANEZKA oinarri orokorrak ditu arau.
Denbora horretan, 67 anezka jarri dira abian, eta 1.227 pertsonak hartu dute parte (806 emakume eta 421 gizon). Haietatik, 755ek (499 emakume eta 256 gizon) lan-munduan sartzea lortu zuten.
2024ko edizioan, 5 anezka garatu ziren, eta 101 parte-hartzaile izan ziren; % 61,61ek enplegu bat lortu zuen programatik igaro ondoren.
Funtzionamendua eta metodologia
Anezka bakoitza talde heterogeneo bat da, gehienez ere 20 pertsonakoa. Langabeak edo enplegua hobetzeko egoeran dauden pertsonak izaten dira, eta 15 astez teknikari espezialista batekin lan egiten dute ingurune kolaboratibo eta dinamiko batean.
- Formatua eta erritmoa: Astean taldeko 3 saio (aurrez aurre eta online) eta banakako jarraipen-saioak. Aurrez aurreko saioak 4 ordukoak dira; online saioak, berriz, 2,5 ordukoak. Horrez gainera, aparteko jarduerak (foroak, ekitaldiak, networkinga enpresekin) programatzen dira, saiorik gabeko egunetan.
- Edukiak: autoezagutza, marka pertsonala eta helburu profesionala; lan-merkatuaren funtzionamendua eta xede-enpresen identifikazioa; enplegua bilatzeko eta aukerak hautemateko baliabideak; curriculuma egiteko prozesua eta elkarrizketa eta komunikazio eraginkorrerako teknikak, eta bilaketa aktiborako tresna digitalak.
- Ekintzailetzarako laguntza: ibilbide praktikoa negozio-ideia bat dutenentzat; aholkularitza enpresa-planean; jarraipena negozioa abian jartzeko prozesuan, eta autoenplegurako foru-dirulaguntzak lehentasunez eskuratzeko aukera.
Parte-hartzea doakoa eta borondatezkoa da, eta ez dago kontraprestazio ekonomikorik, baina konpromisoa sendoa hartu behar da programatutako saioetara joateko eta haietan parte hartzeko, programa amaitu aurretik enplegua aurkitzen denean izan ezik.
Parte hartzeko baldintzak
Interesdunek Bizkaian izan behar dute bizilekua, eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egon behar dute, langabe gisa edo enplegua hobetzeko prozesuan dagoen pertsona gisa, betiere inguruabar horrek anezkan parte hartzea eragozten ez badie. Eta beste baldintza bat da ez parte hartu izana beste anezka batean, ezta ANEZKA lerroko programetan ere. Era berean, Interneterako konexioa duen ekipamendu informatikoa behar da; oinarrizko ezagutza informatikoak izan behar dira, eta bi hizkuntza ofizialetako bat menderatu behar da, euskara edo gaztelania.
ANEZKA EMALAN +45, hori ere martxan dago
ANEZKA anezken edizio berriarekin batera, ANEZKA EMALAN +45 programaren deialdia ere irekita dago. ANEZKA lerroko programa espezifiko bat da, lanpostu kualifikatuetan eta erantzukizuneko lanpostuetan (zuzendaritzak, buruzagitzak, proiektuen koordinazioa, erdi-mailako agintariak edo lanpostu teknikoak) esperientzia duten 45 urtetik gorako emakume langabeentzat.
Edizio honetan, Bizkaian erroldatutako 24 emakume hautatuko dira, gehienez, eta enplegurako laguntza-prozesu intentsibo batean parte hartuko dute sei hilabetez. Programan elementu hauek uztartzen dira: taldeko saioak astero, lan-aktibaziorako eta trebetasun pertsonalak garatzeko; banakako jarraipena enplegua bilatzeko ibilbideetan eta hautaketa-prozesuetan, eta, gainera, prospekzio aktiboa Bizkaiko enpresetan, haien hautagaitzak sustatzeko.
Parte-hartzaileek laneratzearen arloko adituen laguntza izango dute, bai eta espezialisten tailerrak eta hurbileko laguntza ere, beren helburu profesionalak lortu arte. 2024an egin zen azken edizioan, programan parte hartu zuten emakumeen %67k lana lortu zuen.
Bi programek CEBEKen eta haren enpresa-elkarteen —FVEM, Ascobi, Aveq-Kimika, Cecobi eta beste batzuen— lankidetza dute, Bizkaiko enpresa-sarea ordezkatzen dutenak eta profil profesionalen beharrak lehen eskutik ezagutzen dituztenak. Aliantza honek enpleguaren bilaketa lurraldeko errealitate sozioekonomikoarekin eta enpresen eskari zehatzekin lerrokatzeko aukera ematen du.
Izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik
DEMAren webgunean (www.dema.eus) dauden formularioak erabili behar dira eskabideak aurkezteko: