- Egunero ura bezalako ondasun komun bat zaintzen laguntzen duten pertsona, elkarte, enpresa, administrazio eta kolektibo guztiei egiten zaien aitorpena da; baita ura zaintzeko kultura partekatua sendotzen jarraitzeko deia ere
- Kanpaina irailaren 22tik martxoaren 3ra bitartean egingo da
Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eta Asier López Etxebarria Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak «Eskerrik asko, Ur-lagunak» Uraren Euskal Agentziak sustatutako kanpaina aurkeztu dute gaur, 19:00etan, Donostiako Tabakalerako Z aretoan. Irailaren 22tik urriaren 3ra plazaratuko da.
Josu Bilbao sailburuordeak azaldu duenez, «herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat da, eta funtsezko zerbait gogorarazteko asmoz sortu da: ura bizitza dela, eta hori zaintzea guztion zeregina dela». Bilbaok nabarmendu duenez, «uraren kudeaketa lehentasuna da legegintzaldi honetan. Konpromiso argiak hartu ditugu ondasun preziatu eta hauskor hori babesteko. Kanpaina hau Euskadin uraren zaintza-kultura hori sendotzen jarraitzeko beste tresna bat da «, eta herritarrei dei egin die:» Herritarrak, administrazioak, enpresak, elkarteak… Denak ala denak ura zaintzeko konplize izatera gonbidatu nahi dugu, aliantza sendoekin bakarrik bermatu ahal izango baitugu etorkizuneko belaunaldiek ibai garbiak, kostalde biziak eta hezegune osasuntsuak izaten jarraitzea «.
Kanpainaren helburua informatzea eta sentsibilizatzea da, administrazio-mugez ulertzen ez duen ondasun bat zaintzeko ahaleginak eta baliabideak bateratzeko. Alegatu bat da — eskumen-esparruetatik haratago, nork bere jarduera-eremutik — uraren babesa denon ala denon harrotasun-iturri dela adierazteko.
Kanpainaren hedapenerako telebista, prentsa, kanpoko hedabideak, hedabide digitalak, sare sozialak eta webgune propioa baliatuko dira. Kanal horien guztien bidez, mezua egokitu egiten da, sakontasuna eta koherentzia galdu gabe. Publiko guztiarengana hurbiltzea da helburua — ikasleengandik enpresetaraino, herritarretatik erakundeetara — eta konpromiso komuna sustatzea.
Bestalde, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak nabarmendu duenez, «ura zaintzen duten pertsona, kolektibo, espezie eta organismo guztiak balioetsi eta aintzatetsi nahi ditu gure agentziak. Ura ez delako bakarrik babesten. Aitzitik, errespetatzen dutenek babesten dute; kontzientziaz erabiltzen dutenek; erabilitakoan garbi itzultzen dutenek. Kanpaina hau, beraz, ez da komunikazioa bakarrik: erantzunkidetasunerako deia da. Izan ere, ura zaintzearen guztion ardura da, salbuespenik gabe «.
Hori dela eta, goxokiro ehundutako kanpaina baten aldeko apustua egin da, gure herrialdeko uren zaintza bateratuan emozionatzeko eta motibatzeko. Horrexegatik, tonu hurbila, beroa aukeratu da; inspirazioa sustatzea gogoan. Ez da kanpaina teknikoa. Oso gizatiarra da. Bere narratiba kontakizun poetikoaz elikatzen da, metafora bisualaz: naturak, etenaldi bat egin eta berau aise behatzean, pizten duen emozioaz.
Kanpainaren pieza bakoitza (spotak, grafikoa, prentsako originalak, musika, zuzendaritza artistikoa) uraren edertasuna, agertokiak eta pertsonaiak erakusteko sortu da. Paisaia bikainak, giza keinu sotilak, bertako fauna eta flora… Denak bizitza komunikatzen du. Euskadin, natura ez da dekoratua. Aldiz, nortasuna. Irudiek lasaitasunera, kontenplaziora, harridurara bideratu nahi dituzte ikusleak. Zinez funtsezkoa denaren aldarria dira. Harrabotsen zirimolen arteko isilune. Garenarekin bat egiteko deia.
«Eskerrik asko, Ur-Lagunak!»: 100%ean, Made in Euskadi
Bilbao sailburuordeak nabarmendu duenez, «Made 100% in Euskadi kanpaina bat dugu esku artean. Ikus-entzunezko ekosistema aberats baten isla da: uraren esparruan ere, zer garen azaltzeko eskarmentu zorrotz, eta gauzak ondo egiten dakiten eragile profesionalek egina. Horren jakitun, harro egoteko modukoa da Donostiako Zinemaldiaren bezperan aurkeztea, Euskadin nazioarteko hainbeste begirada baitaude. Horrela, zinema eta emozioa lagun, etorkizunerako mezu bat ere zabaltzen dugu: ura guztiona dela, eta ura zaintzea konpromiso partekatua dela, esfortzuak batzea eskatzen diguna».
Lopez Etxebarriak nabarmendu duenez, «zein eszenatoki hobea Zinemaldiaren atarian aurkezteko, Tabakaleran, non sormena, emozioa eta gogoeta eragiten diguten istorioak jalgitzen diren plazara. Zineak inspiratzen gaituen bezala, kanpaina honek herritar guztiei uraren lagun izaten laguntzea nahi dugu».
Eduki unibertsalak sortzeko tokiko talentua, nortasuna galdu gabe
Ideia sortzailea Luis Urtaranek, Gasteizko Diagonal Publizitate Agentziakoak, borobildu du: sormenean, branding– ean, publizitatean edo diseinuan ibilbide luzea egin duen komunikatzaile eta publizistak.
Iragarkiaren zuzendaria Javier Vicente «Laszlo» (Donostia, 1973) izan da, publizitatean 25 urte baino gehiagoko ibilbidea egin duen errealizadorea eta Laszlo Hace SL ekoiztetxearen sortzailea.
Javier Agirre Erausoren (Irun, 1975) sinadura du argazkiak. Estatuko argazki-zuzendari ospetsuenetako bat da. Bere palmaresean Argazki Zuzendaritza Onenaren Goya saria du, «Handia» lanagatik. «Akelarre», «La trinchera infinita» eta «Maspalomas» duela gutxi Zinemaldiko sail ofizialean lehiatzen den filmetan egindako lana ere nabarmentzekoa da. Argi naturala menderatzea eta atmosfera paregabeak sortzeko gaitasuna funtsezkoak izan dira euskal ibai-paisaien edertasuna harrapatzeko.
Jatorrizko soinu-bandak tradizioa eta garaikidetasuna batzen ditu, eta Koldo Uriarteren (Araia, Araba, 1976) ardura da, Bingen Mendizabalekin batera «Baby» filmean egindako lanagatik Goya sarietarako izendatuta dagoen diziplina anitzeko konpositorea. Uriartek oboearekin hasten den konposizio bat sortu du, ura irudikatuz, eta pixkanaka orkestrazio bat gehitzen zaio, instituzioen, herritarren eta naturaren batasuna sinbolizatzeko, eta euskal antzinako txalapartarekin amaituz.
Oboearen interpretazioa Laura Marcos Benito Musikeneko oboe irakasleak egin du. Oboe eta korno ingelesaren interprete gisa, orkestra nazional eta atzerritarrekin kolaboratu du, hala nola Extremadurako Orkestrarekin, Koloniako WDR Funkhaus Orchesterrekin, Koloniako Gürzenich Orchesterrekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin.
Lokuzioak bi erreferentziazko ahotsek egiten dituzte: Salvador Vidal (Valentzia, 1953), 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen bikoizketako aktore ospetsua, Liam Neeson edo George Clooney bezalako aktoreei ahotsa eskaini diena; eta Joxe Felipe Auzmendi (Beasain, 1965), ikus-entzunezkoen euskal profesional ospetsua, ETBko aurkezle historikoa eta Saski Baskoniako egungo speaker-a.
Muntaia Marta Marquet Palomanesen ardura izan da, ingurumen-narratiba eta sentsibilitate estetikoa uztartzen dituzten proiektuetan espezializatua. Urpeko irudi ikusgarriak Ruben Crespok hartu ditu, eta aireko harguneak, berriz, Squadroesek, Fernando Linares eta Jon Bora pilotu direla, euskal ibai eta paisaien ikuspegi ezezagunak eskainiz.
«Eskerrik asko, Ur-lagunak»-ek erakusten du Euskadik baduela ekosistema sortzaile heldu bat, exijentzia tekniko eta artistiko goreneko proiektuei ekiteko gai dena. Kanpainak, ura zaintzearen garrantzia jakinarazteaz gain, agerian uzten du tokiko talentuak eduki unibertsalak sor ditzakeela nortasuna galdu gabe. Emaitza ikus-entzunezko pieza bat da, segundoko 100 fotogramako kamera geldoaren teknika narratiba hunkigarri batekin konbinatzen duena, euskal naturaren eta haren kontserbazioarekiko herritarren konpromisoaren arteko elkarrizketa poetikoa sortzeko.