Hondarribiko jaien balantzea egin du Udalak

0

Abuztuaren amaieratik irailaren erdialdera arte, Hondarribiko kale eta plazek jai-giroa bizi izan dute. Hondarribiko Udalak, hogeita hamar elkarte baino gehiagorekin elkarlanean, 100 ekitalditik gorako programa zabal, anitz eta inklusiboa prestatu du, adin eta gustu guztietarako proposamenak eskainiz. Herritarrek eta bisitariek erantzun bikaina eman diote egitarauari, eta parte-hartze eta jarraipen handia izan da.

Eguraldi aldakorrak zenbait jarduera lekuz aldatzera behartu badu ere, aurreikusitako ekimen guztiak gauzatu dira B planari esker. Udalak nabarmendu du koordinazio-lan handia egin dela eta aurreikuspen eta esfortzu horri esker jarduera guztiak aurrera atera direla. Besteak beste, harrera berezia izan dute aurten berriro martxan jarri edo indartu diren zenbait ekitaldik: irailaren 3ko gaztetxoen Txirrinda Kronoak, hilaren 5ean Kasino Zaharrean egindako zirku tailerrak eta hilaren 9an nerabeei zuzendutako puzgarri erraldoiak.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaiak antolatzen eta jai-egunetan lanean aritu diren udal langile, boluntario, elkarte eta zerbitzu guztiei egindako ahaleginagatik. “Haien lanari esker, gorabeheren aurrean ere, egitarau osoa aurrera atera da,” azpimarratu dute udal ordezkariek.

Segurtasuna eta bizikidetza

Bentako txosna-guneak ere milaka pertsona bildu ditu. Bertako eta inguruko talde eta artistek eskainitako emanaldiek jendetza erakarri dute, eta lagunarteko giroa nagusitu da. Dena den, izan dira bizikidetzaren kontrako jarrerak ere. “Txosna-gunean gertatu diren liskar eta mehatxuak irmoki gaitzesten ditugu. Gogorarazi nahi dugu Hondarribiko kale eta plazak guztionak direla, guztion artean partekatzeko eta errespetuz gozatzeko. Txosna-guneak ere mundu guztia hartzeko espazio irekiak dira”, adierazi dute udal ordezkariek.

Indarkeria matxistaren aurkako borrokan, aurten ere puntu moreak indartu dira, informazio, sentsibilizazio eta hartapen zerbitzua bermatzeko. Zoritxarrez, bi indarkeria matxista kasu eman dira jaietan, eta Udalak irmoki salatu ditu erasook: “Hondarribiko jaietan ez dago eta ez da egongo lekurik indarkeria matxistarentzat. Eraso mota hau ez da inolaz ere onargarria gure hirian. Eraso sexista guztiei aurre egingo diegu. Emakumeek jakin behar dute ez daudela bakarrik: babes eta laguntza zerbitzuak indartu ditugu, eta Udalak bere esku dagoen guztia egingo du biktimei laguntza eskaintzeko”. Horrez gain, herritarrei dei egin nahi izan die “errespetua lehenetsi eta erasoen aurrean ez isiltzeko”.

Hondarribiarren eta bisitari guztien segurtasuna bermatzeko, Udalak udaltzain presentzia handitu du kaleetan, eta neurri horri esker lapurreta kopurua nabarmen jaitsi da. Halere, altzari publikoetan kalte ugari egin dira, eta garbiketa-lanetan ari ziren langileek jarrera iraingarri eta oldarkorrak jasan behar izan dituzte. “Udaletik argi utzi nahi dugu jokabide horiek guztiz onartezinak direla, eta herritar guztien kalterako direla, besteak beste, komun publikoak hondatzeak milaka pertsona zerbitzurik gabe utzi dituelako. Zibismoa eta errespetua oinarrizkoak dira jaietan ere”.

Aurrerapausoak eta erronkak Alardean

Aurten ere udalak ahalegina egin du elkarbizitza eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko, eta zentzu horretan hartutako erabakiek aurrerapausoak ekarri dituzte. Izan ere, azken bi urteotan, 1996tik 2023ra bitartean baino aldaketa gehiago eman dira.

Irailaren 7an, lehen aldiz, Jaizkibel Konpainiaren ordezkaritza bat izan da Salbean eta ondorengo Udalbatzak herritarrei eskainitako Agurrean, beste edozein eragilek duen eskubideaz baliatuta. “Ekitaldi horretan herritarren gehiengoak izandako portaera eredugarritzat jotzen dugu, errespetuzko jarrerak gailendu baitziren oso gutxiengo baten aurrean”.

Irailaren 8an, Jaizkibel Konpainiak alkate-dekretua beteta desfilatu zuen Alardean. Udalak aitortu eta eskertu egiten dio Konpainia honi izandako jokabidea. Bestetik, udalak urrats gisa jotzen du gainerako konpainietako ordezkaritzek Jaizkibel Konpainiakoekin batera, herriko txoko desberdinetan gunea eta ordutegia normaltasun osoz partekatzea, baita Zapatero jaitsiera egin izana ere. Udala jakitun da, hala ere, oinarrizko eskubide batzuk bete ezinik jarraitzen dutela, gure ondarea den Alardea gatazkaren erdigunean kokatuz.

Hala ere, argi-ilunak egon dira. Beste behin ikusi dugu ez dela Udalaren zilegitasuna aitortzen eta honen adierazle da HAOSEko konpainien buruzagiek Herrizaingo Sailean eskatu zituzten manifestazio-baimenak, irailaren 8ko goizaldean Gernikako Arbolan formatu aurretik herriko lau gunetan biltzeko. Alardean parte hartzeko manifestazio beharrik ez dago, hori duela bi urte amaitu zen.

Udalak ez du amore emango, eta irmo jarraituko du Hondarribian elkarbizitza errespetatzeko eta oinarrizko eskubideak betetzeko zereginean. “Urte osoan zehar lanean aritu gara elkarrizketarako guneak sortu eta adostasuna lortzen saiatuz. Ez da posible izan, baina lanean jarraitzen du eta elkarrizketa-bide berriak irekitzeko lanean hasi gara, eskuzabaltasunean eta elkarrizketan oinarrituta. Benetako borondateak bakarrik ekar dezake errespetuan eta berdintasunean oinarritutako Hondarribia. Zeregin horretan dei egiten diegu herritar guzti-guztiei norberak bere aletxoa jar dezan, bidea egiteko herritarrak izango baitira giltza”.