Kultur eskaintza Zarautzen

0

Irailaren 26an abiatuko da Zarauzko Udaleko kultura departamentuak antolatutako ikuskizun programazioa. Irailean hasi eta abendura bitartean, antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura solasaldiak izango dira, besteak beste.

Igogailu batean amaitu zen mundua komediak zabalduko du irailaren 26an denboraldia. Komedia “klaustrofobiko” honek barrea ez ezik, hausnarketa eragingo du ikusleengan. Donostiako 2025 Poltsiko Sorkuntza Saria eskuratu zuen Amahiru konpainiaren lan honek.

Helduentzako antzerkiaren atalean, beste hiru antzezlan indartsu izango ditugu Modelo Aretoan. Azaroaren 28an, Hika teatroaren Zorretan tragikomedia izango da ikusgai, maitasuna, amatasuna eta zaintza ardatz dituena. Abenduan, aldiz, Zuhaitz Gurrutxagak bere azken bakarrizketa aurkeztuko du: Nortasun agiria. Aurrekoetan bezala, egiazko bizipen pertsonaletan oinarritutakoa da. Tanttaka teatroak, bere aldetik, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? komedia tragikoa aurkeztuko du, Aitziber Garmendia, Telmo Irureta eta Mireia Gabilondoren eskutik. Gai sakon ugari, eta pertsonaia desberdinak aurkeztuko dira taula gainean, gaurkotasun handiko gaiak umorearekin tartekatuz.

Musika ere indartsu datorkigu udazken honetan. Azaroan, bi emakumezko musikari izango ditugu taula gainean: Lilly Hiatt eta Olatz Salvador. Musikari estatubatuarrak Forever diskoa aurkeztuko du eta rock and roll klasikoaren bidez jorratuko ditu askotariko gaiak, besteak beste, harremanak, antsietatea edo osasun mentala. Olatz Salvador donostiarrak, aldiz, Zainak eman hirugarren diskoa ekarriko du, aurrekoak baina elektronikoagoa.

Dantzari dagokionez, Asturiasko Zigzag Danza konpainiak Postales rotas ikuskizuna eskainiko du urriaren 24an. Proposamen bisual indartsua da, eta bere jaioterria utzi duen emakume gazte baten bidaia erakutsiko dute.

Musika, antzerki zein dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Haurrei zuzendutako eskaintzarik ere izango da. Urriaren 12an, Scrooge eta mamuak Charles Dickensen obran oinarritutako lana ekarriko du Khea Ziater konpainiak. Azaroaren 9an, dantza eta ipuinak ardatz dituen Amama lana taularatuko du Aukeran Dantza Konpainiak. Zazpi ipuin kontatuko dituzte, euskal lurraldeetako herri bakoitzeko gai eta pertsonaietan oinarrituta. Abenduaren 19an, aldiz, familia osoarentzako Euskelelea erakutsiko du Euskal Barrokensemble taldeak, musika eta kantua nagusi direla. Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute.

Modeloko programazioa beste hainbat elkarte eta udaleko departamentuk antolatutako emanaldiekin osatuko da. Besteak beste, Zarautz Trik kultur elkarteak V. Zarautz Trik Jaialdia egingo du azaroaren 14an.

Sanz Eneako erakusgelak egunero egongo dira zabalik 18:00-20:00 ordutegian eta hauexek ikusgai izango ditugun erakusketak :

  • Irailaren 21 arte. Gertrud Pielhoff
  • Urriak 2 – Azaroak 9. Malen Agirre. Pintura
  • Azaroak 14 – Urtarrilak 19. XXXIII. RAMON IGNACIO SERRAS Zarauzko Nazioarteko Argazki Mostra

Torre Luzeako erakusgela asteartetik igandera zabalduko da 18:00-20:00 ordutegian eta erakusketak hauek izango dira:

  • Irailaren 14ra arte. Helena Elbusto. Posturak, Nymphaea lotus
  • Irailak 25 – Azaroak 2. Imanol Urdanpilleta. Pintura
  • Azaroak 7 – Urtarrilak 4. Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa

Liburutegitik ohiko diren irakurle taldeak elkartuko dira solasaldietan, euskaraz Nerea Loiolaren gidaritzapean eta gaztelaniaz eta ingelesez berriz Slawka Grabowskaren gidaritzapean.

Modelo Aretoko ekitaldietarako sarrerak Modelo Aretoko txarteldegian edota Kutxabanken sarreren online plataforman eskuratu ahal izango dira ostiral honetan, 19:00etatik aurrera.