PRUEBA
Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, Indautxu auzoan turista bati gerriko poltsa bat lapurtzeagatik bere gauza eta guzti. Agenteek akusatua igo zen autobusa geldiarazi zuten, eta atxilotu eta lapurtutako gauza guztiak berreskuratu zituzten.
Atzo, asteazkena, arratsaldeko 14:30ean, gertatu zen Bizkaiko hiriburuan. Ordu horretan, ibilgailu ofizialean herritarren segurtasuneko lanetan ari zen Ertzaintzaren uniformedun baliabide batek Aginte eta Kontrol Zentroaren abisu bat jaso zuen.
Patruilari jakitera eman zioten turista bati gerriko poltsa lapurtu ziola gizon batek Indautxu auzoan, eta hiri-autobus batera igota ihes egin zuela.
Emandako deskribapenean oinarrituta, Ertzaintzaren patruilak autobusa geldiarazi zuen Gregorio de Revilla kalearen parean, eta barrura sartuta ustezko lapurra identifikatu zuen.
Agenteek egiaztatu zuten identifikatutako gizonak motxila bat zeramala, eta miatu zutenean biktimaren gauzak, horien artean emakumearen dokumentazioa, eskudirua zuen diru-zorro bat eta telefono mugikor bat, zituen gerriko poltsa bat aurkitu zuten barruan.
Biktimak lapurretaren egilea identifikatu zuen, eta ertzainei esan zien Bilbo erdialdeko eserleku publiko batzuetan beste lagun batzuekin batera eserita zegoenean lapurtu ziola gerriko poltsa. Lapurtutako gauza guztiak berreskuratu eta emakumeari itzuli zizkioten.
Ondoren, 35 urteko gizona lapurreta leporatuta atxilotu zuten, eta ertzain-etxera eraman zuten zegozkion polizia-izapideak egitera. Horiek amaitutakoan, atzo arratsaldeko azken orduan, agintari judizialaren eskuetan jarri zuten.