Zabalik ‘Mintzalaguna’ egitasmoan izena emateko epea

0

PRUEBA

Izen-ematea irekita urriaren 19ra arte

Eta euskaraz egiten badugu?‘ lelopean hasi da Mintzalagunean izena emateko epea. Ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Donostian 300dik gora lagunek parte hartzen dute, Euskal Herri osoan 8.000 lagun inguru mugitzen ditu egitasmoak. Praktikatu nahi dutenek 30 euroren truke parte har dezakete Bagera elkarteak Donostiako udalarekin duen hitzarmenari esker. Izen-ematea irekita dago urriaren 19ra arte.

Eta euskaraz egiten badugu?

Indartsu eta gogotsu jarraitzen du Bagera elkartearen Mintzalaguna egitasmoak, udalaren Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, eta ikasturte berri bati ekingo diote ehunka lagunek Donostian ‘Eta euskaraz egiten badugu?’ lelopean hizkuntzaren praktika eta zaletasunak uztartuz.

Bada mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina zergatik ez uztartu mintzapraktika beste zaletasun batzuekin? Izan ere, euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagun dezakegu: Donostian ibilaldiak eginez, mendi buelta bat emanez, guraso direnekin elkartuz, antzerkira joanez, korrika eginez, bizikletan ibiliz, mahai jolasetan arituz.

Ezagutzen ez duenarentzat, Mintzalagunaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da, horixe baita mintzapraktika egitasmoen helburua: euskaraz aritzeko guneak eskaintzea.

Erabileraren mesedetan

Euskararen erabileran jauzi bat egin behra dugun momentu honetan, oso azpimagarria da Mintzalagunak alor honetan egiten duen ekarpena. Segurtsauna irabaziz, beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki- poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz.

Mintzalagunean euskara praktikatu nahi dutenek, gutxienez B.1 maila gaindituta izan behar dute eta taldeko laguntzaile izateko nahikoa da, euskaraz aritzeko ohitura izatea, ez da titulurik behar eta norberaren hizkera nahiko da.

Bagera elkarteak, Donostiako udalarekin duen hitzarmenari esker, euskara praktikatu nahi dutenek, Mintzalagunean aritu daitezke 30 euroren truke.

Euskararen aldeko aktibismoa

Mintzalagunean dabiltzan laguntzaileek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten dute ekarpen hau, behar beharrezkoa dira erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko.