Bizkaiko eskola-kirola indartuta plaza gehiagorekin, diziplina berriekin eta KirolaON tresnaren apostuarekin

0

PRUEBA

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur goizean Eskola Kirola Bizkaiko eskola-kirolaren programaren 2025-2026 denboraldiko berritasunak. Diputatuarekin batera ZAINeko Iñaki Alonso egon da, eta KirolaON tresnaren lehen urteko balantzearen datuak azaldu ditu.

Arrizabalagak azpimarratu duenez, «pozgarria da ikustea urtero hazi egiten dela Bizkaian kirola egiten duten haurren kopurua», eta KirolaON tresnak urtebete abian daraman honetan, haren balioa nabarmendu du: «tresna hori eraginkorra izan da kirol-eremuan azkar jarduteko eta haurren ongizatea hobetzeko; horregatik, erabil dadin sustatzen jarraituko dugu».

Denboraldi honetarako, foru-erakundeak 54 kirol-diziplinako eskola-lehiaketak antolatu ditu, non benjaminetatik kadeteetarainoko kategorietako kirolariek parte hartuko baitute.

Hastapenari dagokionez, Foru Aldundiak, hamahirugarren urtez jarraian, Heziki programa garatuko du, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendua. Programa horren bitartez, haurrek trebetasun motorrak garatzea sustatu nahi da, haien ekintzen kudeaketa autonomoa ahalbidetzeko, eta etorkizunean egin nahi dituzten kirolak ikasteko prozesuan proposatzen zaien edozein ekintza motor egiteko gai izan daitezen. Hori guztia, egin beharreko ekintzak gustura egitea ahalbidetzen duen giro batean, kirola eta jarduera fisikoa egiteko zaletasuna sustatzeko.

Hori gutxi balitz, Foru Aldundiak jolas-eskaintza zabalduko du 8.754 plazarekin, 23 kirol-modalitatetako 542 hastapen-ikastarorekin. Datu horiei begiratuta, iaz baino 600 plaza gehiago daude, eta horrekin bermatuko da haur gehiagok izango dutela kirola ohikotasunez egiteko aukera.

Iaz 45.000 adingabek baino gehiagok parte hartu zuten eskola-programa horretan, eta kopuru hori gero eta handiagoa da urtero; beraz, aurten iazko denboraldiko kopurua gaindituko dela aurreikusten da, eta 2.411.000 euroko aurrekontu-partida erabiliko da horretarako.

Azken denboraldietako parte-hartzaileen eskaria ikusita, oraingoan eskiatzeko, parkourreko, patinaje artistikoko, arku-tiroko eta belako ikastaroetako plazak zabalduko dira, eta padel-ikastaro espezifiko bat sortuko da desgaitasuna duten pertsonentzat.

Denboraldi honetako beste berritasun bat izan da izena emateko epeak irekita egon direla ekainetik, eta, horri esker, eskola-kirolaren 2025-2026 denboraldia urriaren 18an ofizialki abiarazteko prozedurak arindu ahal izan dira.

Eskola-kirolaren programak hiru ardatz ditu: kirolean hastea, hastapen- eta jolas-jarduerak eta lehiaketa-jarduerak. Eskola Kirola programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero: bizkaia.eus/eskolakirola webgunea edo Eskola Kirola aplikazioa, zeina doan deskarga baitaiteke Play Storen (Android) eta App Storen (iOS).

Kirol Lanbideen Euskal Legera egokitzea

Eskola-kirolaren eremuan Kirol Lanbideen Euskal Legera Pixkanaka Egokitzeko Planaren hirugarren aplikazio-urtea bete da, eta balantze «oso positiboa» egin du foru-erakundeak. 2024/25 denboraldian, eskola-kirolean inskribatutako erakundeetako kirol-arduradun izan diren pertsonen % 73k kirol-titulazio egokia izan du. Ehuneko hori % 85era heltzen da esperientziaren bidezko gaikuntza kontuan hartuz gero. Entrenatzaileei dagokienez, % 64k titulazioa dute (% 71k, esperientziaren bidezko gaikuntza kontuan hartuz gero).

KirolaON tresnaren lehen urtea

Bizkaiko Foru Aldundiak KirolaON tresna jarri zuen martxan iaz, kirol-eremuan adingabeen ongizatea lortzeko. Isilpeko kanal bat da, kirolari adingabeentzat, entrenatzaileentzat, familientzat eta Bizkaiko kirol-eremuan inplikatutako beste pertsona batzuentzat, eta zalantzak planteatzeko edo indarkeria-egoerak salatzeko aukera dute bertan.

Lehenengo urte honetako balantzea «bikaina» izan da, Arrizabalagak adierazi duen bezala: «KirolaON tresnak eskola-komunitate osoarekin kanal berri eta zuzenagoak irekitzeko aukera eman digu. Aukera eman digu larriak izan litezkeen kasuei aurrea hartzeko eta, zenbait kasutan, kasuak gertatu aurretik jarduteko».

Emaitza horien ondorioz, indartu egin da denboraldi honetan tresna horren aldeko apustua: 35 prestakuntza-ordu eskainiko dira adingabearen ongizatearen arduradunentzat (prestakuntza orokorra eta espezifikoa, denboraldian zehar gehien agertu diren gaiei buruz), bai eta birziklatze-ikastaroak ere, Kirola On zerbitzuaren edo aldundiaren beraren ohartarazpenak jaso dituzten pertsonentzat.

Era berean, denboraldi honetako Eskola Kirolari buruzko Dekretuak jasotzen duenez, Foru Aldundiak eskola-kirolaren programatik kanpo utziko du, behin-behinean, eskola-kirolaren eremuan adingabeen aurkako indarkeriari buruzko prozesu judizial batean edo KirolaON Bizkaiko lurralde historikoko kirol-eremuan haurren aurka gerta daitezkeen indarkeria-egoerak detektatzeko eta kudeatzeko tresna integralaren ondoriozko nahitaezko txostenetik eratorritako prozesu batean sartuta dagoen pertsona oro.

Gaur arte, 144 kasurekin lotutako 440 jakinarazpen baino gehiago erregistratu dira, KirolaON tresnaren bidez, telefonoz eta aurrez aurre, eta planteatutako egoeretatik hiru bakarrik iritsi dira bide judizialera. Arrizabalagak adierazi duen bezala, komunikazio asko «aurrerapen izugarria dira prebentzioari dagokionez», eta azaldu du «planteatutako zalantzak eta galderak lagungarriak izan direla balizko arrisku-egoeren eragina murrizteko proposamenak edo neurriak ezartzeko».

Ondorioak

144 kasuetatik 108tan, pertsona helduek eragindako indarkeria salatu da, eta 36 adingabeen arteko egoerak dira. Egiaztatu da nagusi dela indarkeria psikologikoa, batez ere aginte-mailetan dauden helduek eragindakoa (57 kasu). Komentarioak eta ahozko ekintzak normalizatzen dituzten egoerak dira kirol-erakundeen egunerokoan aurkitzen diren arazo nagusietako bat.

Harmailak haurren aurkako indarkeria potentzialeko egoerak agertzeko espazioa izaten jarraitzen du, eta 13 gertakari erregistratu dira.

Pauso berriak

Lehen urte honek tresna hobetzeko ekintza berriak abiarazteko eta jarduteko balio izan du. Adibidez, prebentzioaren eta tratu onaren arloko prestakuntza zabaltzeko Bizkaiko kirol-langileen artean, eta prestakuntza hori nahitaezko bihurtzeko kategoria jakin batzuetan, eta Haurren Ongizateko ordezkariaren figura eta klubetan dauden babes-mekanismoak finkatzeko. Era berean, sentsibilizazio-kanpaina espezifiko bat jarriko da abian, adingabeen parte-hartze aktiboa lortzeko.