Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua Bilbon

0

PRUEBA

Udazkeneko denboraldiaren hasierarekin batera, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua jarri du martxan beste urte batez. Zerbitzu horrek mikologiaren zale guztien kontsultei erantzuten die doan.  Hauek dira bere eginkizunak, besteak beste: bildutako aleen kontsumorako segurtasuna zehaztea intoxikazioak saihesteko, bai eta mikologiaren zaleek jarduera horrekin lotuta dituzten zalantza guztiak argitzea ere.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak udazkenero eskaintzen duen doako zerbitzu bat da, kontsumorako egokiak izan ez daitezkeen perretxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak ahalik eta gehien minimizatzeko.

Bilboko Udaleko Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak eta Álvaro Chirapozu Elikagaien Ikuskaritzako eta Zoonosiko Sekzioko buruak aurkeztu dute zerbitzua, gaur goizean. Perretxikozaleen komunitateak asko estimatzen du ekimen hau.

Zalantzak dituzten edo informazioa behar duten mikologia-zaleak Osasun eta Kontsumo Saileko bulegoetara joan beharko dute (Kristo kalea 1, 5. solairua).   Arreta-ordutegia 09:30etik 13:30era izango da, urriko eta azaroko astelehen guztietan eta abenduaren 1era arte, egun hori barne.   Egun horietatik kanpo aurretiko hitzordua ere eska daiteke 944204924 eta 944204963 telefonoetan.

Gomendioak

Ahal dela, zerbitzura perretxikoak batu dituena bera hurbiltzea komeni da, inguruneari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ahal izan ditzan. Era berean, bildutako perretxiko mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eramatea (zurtoina osorik dutela, ebaki barik) komeni da, beste espezieetakoekin nahastu barik.

Gainera, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak zaleei gogorarazten die hazita eta osasuntsu (zizarerik gabe) dauden aleak bakarrik jaso behar direla. Bestalde, dagokion kontsulta perretxikoak batu eta ahalik eta arinen egitea (bi egunen buruan, gehien jota) komeni da, eta bildutakoa plastikozko poltsetatik kanpo gordetzea, zabal-zabal jarrita, hozkailuaren beheko aldean, trapu garbi eta lehor batez estalita.

Ez da komeni perretxikoak garbitzea ez izoztea identifikatu aurretik, berezko usaina eta kolorea galtzen dutelako; eta ez dira ontzi berean perretxiko desberdinak nahasi behar.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo sailak zerbitzua erabiltzera eta jaso dituzten perretxikoen gainean dituzten zalantza guztiei buruz galdetzera animatu nahi ditu herritarrak. Horrez gain, perretxikoak jaten dituztenei gogorarazten die ondoeza nabarituz gero, osasun-larrialdietara jo behar dutela, berehala.