- Topaketan Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio eta Zarauzko hogeita hamar bat eragilek baino gehiagok parte hartu dute.
- Eskualdeak, besteak beste, prebentzioaren, larrialdien kudeaketaren, bide-segurtasunaren eta elkarbizitzaren arloetan dituen behar espezifikoak aztertu dira.
Zarauzko Astiko udal-eraikin berrian egin da gaur arratsaldean Basque Segurtasun Foroaren Urola Kosta eskualdeko saioa. Topaketan Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak parte hartu dute, Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio eta Zarauzko ordezkari instituzionalekin batera. Tokiko beste hainbat eragilek ere parte hartu dute, hala nola Zarauzko Ertzain-etxeak, Osakidetzaren arduradunek, udaltzainek, Gurutze Gorriak, Balenciaga Museoak, ikastetxeek, erretiratuen elkarteek eta kirol-elkarteek.
Bileran eskualdeak, besteak beste, prebentzioaren, larrialdien kudeaketaren, bide-segurtasunaren eta elkarbizitzaren arloetan dituen behar espezifikoak aztertu dira. Bertako ordezkariek euren esperientziak eta oraingo eta etorkizuneko segurtasun-erronken erantzun bateratua hobetzeko proposamenak partekatu dituzte.
Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan
Basque Segurtasun Foroak Euskadiko lurraldeetan barrena hasitako bidearekin jarraitzen du, Lea-Artibai, Debabarrena, Ezkerraldea, Enkarterri eta Araban egindako topaketen ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, udalen eta Euskadiko beste gizarte-eragile batzuen arteko partaidetzarako eta elkarrizketarako gune egonkor gisa finkatu da.
Parte hartzeko prozesu horren helburua da segurtasunari buruz ikuspegi integral batetik diagnostiko partekatua egitea. Prozesuak hilabeteak beharko ditu, eta hainbat erakunde, entitate eta eragilek bertan topagune bat izango dute segurtasunarekin lotuta kezkatzen dituzten gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…
Gaur Zarautzen egindako topaketaren ondoren, hurrengo hitzordua datorren ostegunean, urriaren 23an, izango da Laudion.