Donostiako Udalak bultzatutako KUKU proiektuak Good Design Awards nazioarteko saria jaso du

0

Datorren ostiralean, antolatzaileek ospakizun bat egingo dute parte-hartzaileekin, Bidebieta auzoan, proiektua bertan garatu baita.

Donostiako Udalak, Donostia Lagunkoiaren bidez eta beste eragile batzuekin lankidetzan sustatutako KUKU- Jakin-min Digitalaren eta Komunitatearen Laborategiak Australian Good Design Awards saria jaso du, munduko sari ospetsuenetako bat diseinu eta berrikuntzaren arloan.

Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi ordezkari Mariaje Idoetak azaldu duenez, «KUKU proiektuak Australiako diseinu-industriaren aitorpena jaso du, jakin-mina arrakala digitala murrizteko eta gizarte-kohesioa indartzeko palanka gisa aztertzeko proposatzen duen ikuspegi berritzailearengatik. Izan ere, ekimen hau zahartzeak planteatzen dituen erronkei eta aukerei aurre egiteko udal-estrategiaren barruan kokatzen da, eta adinekoen papera sustatzen du konponbideak bilatzeko, kasu honetan eraldaketa digitalari lotuta”.

Ekimen esperimental eta komunitario bat da KUKU, Donostiako Udalak sustatua, Donostia Lagunkoiaren, Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren Adinekoen Zerbitzuaren, eta Asociación de Personas Mayores Guardaplata y APTES – Asociación para la Promoción de la Tecnología Social elkartearen bidez, Apitropik elkartearen laguntza teknikoarekin. Era berean, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babes ekonomikoa ere jaso du.

Laborategi aitzindari bat ekitate digitalean

KUKU- Jakin-min Digital eta Komunitarioaren Laborategia 2023ko urritik 2024ko ekainera bitartean egin zen, Bidebieta auzoan. Hilabete horietan, batez beste 75 urte zituzten 25 adineko pertsonek teknologia eta komunitatea uztartzen dituen baterako sorkuntzako prozesu batean parte hartu zuten. Hainbat saiotan, Telegram, Mentimeter, Google Docs edo ChatGPT bezalako tresnen bidez jakin-min digitala eta komunitarioa nola trebatu zitekeen aztertu zuten, horretarako sormen-dinamikak, antzerki-dinamikak eta prototipo kolektiboak aplikatuz.

Erakunde sustatzaileek elkarlanean jardun zuten taldearen neurrira egindako saioak diseinatzeko, era horretan, partaideen erritmo eta interesetara egokitzeko. Hurbilketa hori denbora errealean doituz joan zen, lan kolektiboaren bidez sortzen ziren behar eta aurkikuntza berriak txertatuz.
Emaitza adierazgarria izan da:

  • Parte-hartzaileen % 65ek jakin-min handiagoa dute.
  • % 43 mundu digitalera irekiagoak sentitzen dira.
  • % 25 pertsona desberdinekin gehiago konektatuta dago.

Emaitza horiek agerian uzten dute partaideen artean ikaskuntza- eta konexio-prozesu partekatu bat egon dela, eta eraldaketa txikiak egon direla alderdi digitalari begiratzeko eta besteekin harremanak izateko moduan.

Partaide izatetik aldaketa-eragile izatera

Laborategiaren ibilbidearen une gogoangarriena 2024ko ekainean izan zen, Kukutegia ireki zenean, “jakin-minaren aldi baterako agentzia” gisa funtzionatzen zuen partaidetzazko instalazio bat. Espazioa –Bidebieta auzoko bitxi-denda bat izandako lokal bat, bizilagun batek eskuzabalki lagatakoa– bizilagunentzako topagune bihurtu zen 15 egunez, eta jakin-mina protagonista bihurtu zen.

Bi aste horietan, bizilagunek, jolasen, inkesten eta elkarrizketen bidez, hurbileko eta eguneroko giroan, zenbateko jakin-min maila zuten jakin ahal izan zuten, eta, KUKUProfenoen bidez, kasu bakoitzerako tratamendua jaso, aktibatu, entrenatu edo hura kutsatu ahal izan zuten. Esperientziak erakutsi zuen jakin-mina antzekoa dela emakumeen eta gizonen artean, eta jakin-min handiena duten belaunaldiak 26 eta 65 urte artekoak direla.

KUKU proiektuak, ekitate digitalari heltzeaz gain, adinekoen eta teknologiaren arteko harremana birdefinitzen du, prestakuntza pasiboaren logikaren ordez esplorazioan, gozamen partekatuan eta guztion onerako ekarpenean oinarritutako planteamendu bat jorratuz.

Gizartean eragina duen diseinuari egiten zaion aitorpena

1958. urteaz geroztik ematen diren sariak dira Australian Good Design Awards, eta diseinuaren zein berrikuntzaren esparruan ematen diren saririk ospetsuenetakoak dira. Erakundeak astearte honetan bertan jakinarazi zuen zein ziren proiektu sarituak, eta sari-banaketa ostiral honetan bertan izango da, Sydneyn.

Good Design Awards lehiaketak sei hamarkada baino gehiago daramatza munduko diseinu berritzailean bikaintasuna saritzen. Aurtengo deialdiaren gaia honako hau izan da: diseinuaren erabilera, mundu hobea eraikitzeko, besteak beste produktuak eta zerbitzuak berrimajinatuz edo hiriak eta sistemak eraldatuz.

«Aurten saritutako proiektuek erakusten dute ongi hausnartutako diseinu batek aldaketa esanguratsu bat sor dezakeela, besteak beste, bizi garen eta lan egiten dugun moduan edota gure planeta zaintzen dugun moduan«, nabarmendu du Rachel Wye Good Design Awards Australiako zuzendari nagusiak.

Ospakizuna Bidebietan

Sari-banaketa ofiziala urriaren 17an (ostirala) egingo da Sidneyn, baina KUKUren erakunde sustatzaileek lorpen hori tokian bertan eta modu komunitatean ospatzea erabaki dute. Beraz, hilaren 17an, 11:00etatik aurrera Kukutegia berriro irekiko da (Serapio Mujika 20, Bidebieta).

Ekitaldi nagusia 18:00etan izango da, eta parte hartu duten pertsona guztiei, auzoko bizilagunei eta komunikabideei irekita egongo da. Aukera paregabea izango da esperientzia hori berriro bizitzeko, ikasitakoa partekatzeko eta diseinua guztion onerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko konpromiso kolektiboaren alde topa egiteko.