FEI-k eta COFIDES-ek finantzatuko dute Satlantis-ek infragorri termikoaren alde egindako apustua lurra behatzeko sateliteetarako

0

Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Eraldatuz 2030 Inbertsio Eraldatuen Planean planteatutako helburuen adibide gisa, Finantzen Euskal Institutuak (FEIk), COFIDESekin batera, Satlantis euskal enpresak oso bereizmen handiko zabalgarri infragorri bat garatzeko egindako apustua finantzatzen lagundu du. Lurra behatzeko sateliteetan espezializatutako enpresa horrek SuperSharp filial britainiarrarekin lankidetzan ekin dio lan horri. Proiektuaren inbertsioa, guztira, 7,9 milioi eurokoa da.

Operazio horretarako, FEIk 692.000 euroko mailegua eman du ETE eta MIDCAP finantzaketa-ildoetatik, eta, horrela, Lurraren behaketan lidergo globala duen euskal talde teknologiko baten nazioarteko proiekzioa bultzatu du. COFIDESek, berriz, mailegu hori berdindu du Enpresa Txiki eta Ertainen Inbertsio Operazioetarako Funtsaren kargura.

FEIko zuzendari nagusi Amaia del Villarrek euskal ekonomiarentzat proiektu eraldatzaileek duten garrantzia nabarmendu du, hala nola SATLANTIS taldeak hasitakoak —horregatik jaso du Eusko Jaurlaritzak babesa—. Hain zuzen, proiektua Euskadi Eraldatuz 2030 programaren helburuen artean kokatzen da. “Eraldaketa-inbertsioen plan bat da, helburu duena euskal enpresa sarearen hazkundea bizkortzea, oinarri teknologikoa duen industria berria sortzea, enpresa erreferenteak errotzea, haien dimentsio handiagoa, ekintzailetzaren aldeko apustua eta talentua erakartzea eta atxikitzea, eta nazioartekotzea indartzea, besteak beste”, nabarmendu du Del Villarrek.

“Hori guztia, datozen urteetan Euskadiren lehiakortasuna eta lidergoa bermatuko duen eredu ekonomiko jasangarriagoa, digitalizatuagoa eta erresilienteagoa finkatzera dago bideratuta”, gaineratu du FEIko zuzendari nagusiak. Eusko Jaurlaritzako zuzenbide pribatuko ente publikoa da FEI, eta enpresa-sarean finantza politika ezartzeaz eta garapen ekonomiko eta sozialerako politikei finantza-babesa emateaz arduratzen da.

Bestalde, COFIDESeko Inbertsioen zuzendari korporatibo Miguel Angel Laderok adierazi duenez, “oso pozgarria da proiektu aitzindari hau babestea, berrikuntza teknologikoa eta funtsezko sektoreetan eragin positiboa uztartzen baititu. COFIDESek enpresa berritzaile eta teknologikoen alde egiten duen apustua argia da, eta klima-aldaketa, elikagaien segurtasuna eta energia-trantsizioa bezalako erronka globalei aurre egiteko funtsezkoa delako usteari erantzuten dio. Espero dugu proiektu honek zeregin garrantzitsua izango duela soluzio jasangarriagoak eta efizienteagoak bultzatzeko”.

Juan Tomás Hernani SATLANTISeko kontseilari delegatuak adierazi duenez, “AEBn sortu eta 12 urtera, eta egoitza Bilbora eraman eta 11 urtera, SATLANTISek Erresuma Batuan urrats berri bat eman du SuperSharp-ekin, bere jarduera modu intimoagoan uztartuta. Teknologien konexio azkarrak munduko hainbat lekutan aukera ematen digu kamera infragorri disruptiboen gama bat denbora errekorrean garatzeko, bai haien diseinuagatik, bai dituzten prestazioengatik”.

Erantsi duenez, “COFIDESen eta FEIren kreditua funtsezkoa da 18 hilabete baino gutxiagoan satelite ertainen merkatuan bereizmen termiko handiena duen kamera hegan jartzea lortzeko. Aldi berean, SATLANTISek beste bertsio termiko eta kriogeniko batzuk garatzen ditu Bilbon. Horiek teknologia partekatzen dute eta neurri txikixeagoak eskaintzen dituzte”.

Lau satelite orbitan dituela, SATLANTIS taldeak 200 pertsonaz osatutako talde bat du (gehienak ingeniariak dira). Enpresak nazioarteko presentzia du filialen bidez Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Frantzian, baita beste herrialde batzuetako aliantza estrategikoak ere.