Erakunde publikoak, emakumeen elkarteak eta nekazarien erakunde profesionalak bildu dira gaur, Estatutua egungo erronka eta eskaeretara egokitzeko prozesuari hasiera emateko.
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea deitu du, Emakume Nekazarien Estatutua berritzea bultzatzeko.
Emakume Nekazarien Estatutua 2015ean onartu zen, aho batez, Legebiltzarrean. Gaur, beraz, bere hamargarren urteurrena ospatzen dugu. Aitzindaria izan zen emakumeen eskubideak aitortzen eta babesten landa-eremuan eta nekazaritza-eremuan, eta arau-esparru bat ezarri zuen desberdintasun historikoei aurre egiteko eta sektorean berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzeko, emakumeek betetzen dituzten rolen aniztasuna aitortuta, ekoizpenetik hasi eta kudeaketa eta lidergoraino.
Amaia Barredo sailburua izan da topaketaren buru, eta Jarraipen Batzordeko kideek parte hartu dute, erakunde hauetako ordezkariek osatua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, Emakunde, EUDEL, emakume nekazarien elkarteak eta nekazaritzako erakunde profesionalak.
“Gure konpromisoa irmoa eta jarraitua da Euskadiko nekazaritzaren sektorean genero-berdintasunean aurrera egiteko bide honetan. Ekitatea ez dago justizia sozialari soilik lotua, funtsezko elementua da garapen jasangarrirako, berrikuntzarako eta landa-ingurunearen kohesiorako”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Testuinguru horretan, Estatutua berritzea planteatzen da, egungo errealitatera egokitzeko, sektorearen eta hura osatzen duten emakumeen aurrerapenak eta erronkak jasotzeko eta genero-ikuspegia duten politika publikoak indartzeko. “Prozesu horri nekazariek ekin behar diote, ahal den neurrian egungo errealitatea islatuko duen eta etorkizuneko erronkak lortzen lagunduko duen Estatutu batekin identifikatu daitezen”.
Ekimen honekin, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritza sektore inklusiboagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko borondatea berresten du. Izan ere, emakumeak Euskadiko ustiategien titulartasunaren % 31 dira, eta haragitarako behien sektorean dago emakume gehien ustiategien buru, % 32, eta, ondoren, baratzezaintzan, ardien eta ahuntzen sektorean, eta labore iraunkorretan.
Gainera, emakumeek paper protagonista eta aitortua dute Euskadiko landa-garapenaren motor gisa. Landa-inguruneko biztanleen % 49 dira, eta % 22k 65 urte baino gehiago dituzte. Datu horrek erakusten du landa-ingurunea hiri-ingurunea baino gazteagoa dela, % 26k 65 urte baino gutxiago baitituzte.
Berrikuntza horren lehentasunen artean daude nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliatzea, landa-inguruneko indarkeria edo jazarpen sexistaren aurkako protokoloak garatzea, berrikuntzan, digitalizazioan, lidergo trebetasunean eta administrazioarekiko tramitazioan formakuntza, jasotzea, emakume nekazari guztiek ordezkapen-zerbitzuetara sarbidea izatea bermatzea, emakumeen osasunaren eta laneko arriskuen arloko azterlanak, nekazaritzan beste erantzunkidetasun-modu batzuk aitortzea eta berdintasunean sentsibilizatzea.
Gainera, Estatutuaren baitan, joan den maiatzean EMA 2025 laguntzen deialdia egin zen. 80.000 €-ko zuzkidurarekin, laguntza horiek euskal nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera bideratuta daude, eta emakume nekazarien parte-hartzea, prestakuntza eta garapen profesionala sustatzen duten ekimenetarako dirulaguntza eskaintzen dute.