TREBA programak bere bigarren edizioa izango du, urrian zehar, Hondarribian

0

Hondarribiko Udalak, Gazteria eta Hezkuntza Sailaren bitartez, TREBA programaren bigarren edizioa jarriko du martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sortutako programa honek gazteen, nerabeen eta familien gaitasun pertsonalak eta emozionalak lantzea du helburu, heldutasunerako bidean lagungarri izango diren tresnak eskainiz.

Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendari nagusiaren hitzetan, “argi daukagu Gipuzkoako gazteen hezkuntzaren, garapen pertsonalaren eta autonomiaren alde egin behar dugun apustua. Ekimen hau martxan jarri zenetik, 400 hitzaldi inguru egin dira lurralde osoan zehar, 10etik 9ko batez besteko balorazioarekin. TREBA Nerabeak gehituta, programaren eragina handitu egiten da, eta prestakuntza hazkundearen funtsezko etapa guztietara iritsiko dela bermatzen da, adin-tarte bakoitzerako hizkuntza eta diskurtso egokiarekin.

Era berean, Palenciak azpimarratu du programa arrakastatsua izan dela, eta “saioetako gaiak parte hartzen duten udalekin adostuta erabakitzen direla, herritarren intereseko irizpideetan oinarrituta”.

Lupe Queiruga, Gazteria eta Hezkuntzako zinegotziak nabarmendu duenez, “Hondarribian gero eta interes handiagoa ikusten dugu gazteen eta familien ongizate emozionala lantzeko. TREBA programak aukera paregabea eskaintzen du hausnarketarako, komunikazioa eta enpatia sustatzeko, bai gazteen artean bai etxe barruan ere.

Saioak publiko ezberdinei zuzenduta egongo dira: familiak eta nerabeak (TREBA Gurasoak), eta gazteak (TREBA Gazteak). “Gurasoek eta nerabeek emozioak kudeatzeko edo harreman osasuntsuak eraikitzeko dituzten erronkak ez dira beti errazak”, azaldu du Queirugak. “Horregatik, prestakuntza-saio hauek oso lagungarriak dira familian elkar ulertzeko eta gatazkak modu eraikitzailean kudeatzeko.” Landuko diren gaien artean bullying-a, emozioen kudeaketa, autoezagutza eta osasun mentala izango dira hizpide. Saio guztiak euskaraz izango dira, baina TREBA Gurasoak programako hitzaldietan aldibereko itzulpena eskainiko da gazteleraz, herriko familia guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Ekitaldiak Kultur Etxeko areto nagusian egingo dira.

Aurtengo nobedade nagusietako bat izango da urriaren 18an egingo den jardunaldi berezia, TREBA Gazteak programaren barruan. Autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarriak jorratuko dira egun osoko tailer ireki eta doako honetan. Bidasoaldeko eta inguruko herrietako 17 eta 24 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta guztira 18 plaza eskainiko dira. Egun jarraiko dinamikan parte hartuko duten gazteek elkarrekin bazkalduko dute Udalaren gonbidapenez, talde giroa eta kohesioa sustatzeko. Parte hartu nahi dutenek www.hondarribia.eus webgunearen bidez eman beharko dute izena.

Bestalde, etxebizitzaren eta gazteen ongizatearen arteko loturak ere izango du lekua programaren barruan. Hondarribiko Gazteen Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren EMANTZIPA dirulaguntzari buruzko saio informatibo-praktikoa eskainiko du urriaren 30ean, Kultur Etxeko lehen solairuan (103. gela).

Bertan, Eusko Jaurlaritzako GAZ bulegoko teknikari batek laguntzaren xehetasunak azalduko ditu zuzenean.