Jatorri europarreko 44 urteko kamioi-gidari bat atxilotu dute Gasteizko gasolindegi batean, erregaia beste ibilgailu baten txartelarekin ordaintzen saiatzeagatik eta gidatzen ari zen kamioiaren matrikulako digituak aldatzeagatik. Atxilotuari iruzur-delitua eta agiria faltsutzea leporatu dizkiote.
Atzo, astelehena, arratsaldeko zortzi eta erdiak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen Gasteizko hirigunearen kanpoaldean dagoen gasolina-zerbitzugune batean. Establezimenduko langileak Ertzaintza bertaratzeko eskatu zuen kamioilari batek 1.500 euroko balioko gasolioa auto-ordainketako hornigailu batean hartu zuelako gasolindegi horretan baimendu gabeko txartel bat erabiliz.
Bertaratu ziren ertzainek gasolindegiaren inguruan aurkitu zuten kamioia, gidaria establezimendutik alde egitera zihoanean.
Jatorri europarreko 44 urteko gizona identifikatu zutenean, honek minutu batzuk lehenago gasoliotan 1.500 euro ordaintzeko erabili zuen kreditu-txartela erakutsi zien. Beste gasolindegi bateko logoa zuen eta beste ibilgailu batekin lotuta zegoen txartel bat zen. Gainera, pertsona horrek kamioiaren matrikularen digituak aldatu zituen. Egitate horien aurrean, inplikatua iruzur egitea eta agiria faltsutzea leporatuta atxilotu zuten.
Atxilotuak polizia-egoitzan jarraitzen du agintari judizialaren eskuetan noiz jarriko zain.