Gau Beltza Zarauzko hilerririk zaharrenean

0

Gau Beltzaren ospakizunekin bat egingo du Zarauzko Arte eta Historia museoak urriak 31, azaroaren 1 eta 2 asteburuan antolatu dituen bisita gidatu bereziekin. Koktel berezia prestatu dute Arimen Gauerako, izan ere, Santu Guztien Egunean hilerria bisitatzea ohitura den bezala, museoak herriko hilerririk zaharrena, 1.000 urtetik gora dituen hilerria ezagutzeko aukera emango du aurten ere: Erdi Aroko nekropoli ikusgarria.

Gure arbasoen historia gertutik ezagutu ahal izango da gaurdaino bikain kontserbatu den lurpeko aztarnategian, kristalezko zoruaren gainean. Nork daki Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia aurkitu zela? Hau izango ote da gure zarauztar arbasorik zaharrena? Jarraian Erdi Aroko gure aitona-amonen “aitona-amonak” izango liratekeen VIII. eta IX. mendeko hilobi kristauak bisitatuko dira, Gipuzkoan ezagutzen diren zaharrenak. Beraien hilobiratze erritoez, bizitza baldintzez eta bizimoduaz hitz egingo da, gaur egungo garaien oso desberdinak. Hilobi horien artean, adibidez, Zarauz familiaren hilobia aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Torre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste.

Zarauzko hilerria lekuz aldatu zen, Velasco Doktoreak erositako Villa Mundako lurretara pasa zen. Pertsonaia garrantzitsu bezain eszentriko hau ezagutzea ezinbestekoa da Zarauzko egungo hilerria Untzaingo lurretara nola igaro zen ezagutzeko; azken hau izanik zarauztar gehienok bisitatu dugun hilerri bakarra.

Baina Gau Beltza aitzaki hartuta, Zarauzko hilerririk zaharrenera gerturatuko gara eta aspaldiko garaietako Zarauztarren bizitzan murgilduko gara; Santu Guztien Eguna eta Arimen Gaua ospatzeko Zarauzko historia eta Zarauzko hildakoak berpiztuz.

Gau Beltzako asteburuko bisita gidatu bereziak:

–    Urriak 31, ostirala: 12:30tan euskaraz eta 16:30tan gazteleraz.
–    Azaroak 1, larunbata: 16:30tan gazteleraz.
–    Azaroak 2, igandea: 16:30tan euskaraz.

Elkargunea: Zarauzko Arte eta Historia Museoa.
Erreserbak: info@menosca.com.
Prezioa: 2,10€/pertsonako.
Plaza mugatuak.
Erreserbak egiteko eta zalantzak argitzeko: info@menosca.com.