Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak «Datua etxebizitza eta aktibo sozial bihurtzea» izenburua daraman BBTS25 kongresuaren irekiera ofizialean parte hartu du gaur arratsaldean. ASCONGI Gipuzkoako Eraikitzaileen Elkartearen egoitzan egin den inaugurazio-ekitaldian, David Barco Berrilaneko CTO eta Kongresuko zuzendariak parte hartu du, eta topaketa horrek administrazio publikoen eta eraikuntzaren eta etxebizitzaren sektore profesionalaren arteko lotura-gune gisa duen garrantzia azpimarratu du.
Hirugarren edizio honetan, 2025eko Berrilan Basque Tech Summit Estatuan etxebizitzaren eta aktibo publikoen kudeaketari aplikatutako berrikuntza teknologikoen erreferentzia gisa finkatu da, bertan bilduko baitira hiru egunetan zehar estatuko hainbat erakundetako ordezkariak, teknikariak, enpresak eta sektoreko eragileak, eraikuntzaren digitalizazioak eta eraikinen kudeaketak eskaintzen dituen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko.
Bere hitzaldian, Denis Itxasok adierazu du «etxebizitzarena bezalako erronka konplexuari modu integralean baino ezin zaiola heldu: parke publikoaren sustapenetik eta kudeaketatik, hirigintza-plangintzatik, arlo sozialetik, ekonomikotik… eta, jakina, teknologikotik. Herritarrei benetako erantzun eraginkorra eman nahi badiegu, ezin da esparru bat bera ere atzean geratu. Eta espazio horiek haztegi egokiak dira bizitoki-larrialdiaren beharretarako «.
«BBTS25 benetako lankidetza-gune bat da, non administrazioak eta sektore pribatuak estrategiak eta esperientziak parteka ditzaketen gure aktibo publikoak ulertzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko modua eraldatzeko», adierazi du David Barcok, eta «sailburuak eta parte hartzen duten erakundeek kudeaketa publikoan horrelako teknologiak aplikatzeko erakutsitako prestasuna eta konpromisoa» azpimarratu nahi izan ditu.
Inaugurazio-jardunaldia Berrilanek antolatutako «Administrazio Publikoen BIM-TECH Mahaiaren» inguruan egin da, ADEGI, ASCONGI, buildingSmart Spain eta BIM Euskadi Batzordearen laguntzarekin. Saioan, Estatuko hainbat administraziotako eta sektoreko erakundeetako ordezkariek BIM metodologiak (Building Information Modeling) eta aktibo publikoen kudeaketan dauden beste tresna digital batzuk ezartzeko erronka nagusiak aztertu dituzte.
Eztabaidak, gai-multzotan egituratuta, hainbat gai jorratu ditu, hala nola ezarpen-prozesuetan hautemandako oztopoak eta jardunbide egokiak, langileen prestakuntza eta gaikuntza teknikoa, plataformen eta estandar irekien arteko elkarreragingarritasuna, bai eta BIM ereduen gainbegiratzeko, entregagaiak baliozkotzeko eta gobernatzeko erronkak ere.
Kongresua larunbatera arte egingo da Anoeta Estadioko instalazioetan, eta hainbat tailer eta hitzaldi eskainiko ditu berrikuntza teknologikoari, eraikinen kudeaketari aplikatutako adimen artifizialari, datuen integrazioari eta sistemen arteko elkarreragingarritasunari buruz.
Basque Building Tech Summit-en hirugarren edizio honek Gipuzkoa eraikuntza jasangarri eta konektatuaren etorkizunari buruzko eztabaidaren epizentroan kokatzen du eta, bide batez, Euskadiren estatu mailako lidergoa berresten du eraikuntzaren eta etxebizitzaren sektorearen digitalizazioan.








