- Topaketan Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Orozko, Urduña eta Okondoko 40 toki-eragile inguruk parte hartu dute
- Bertaratuek, taldeka, eskualdeak, besteak beste, prebentzioaren, larrialdien kudeaketaren eta zibersegurtasunaren arloetan, duen egoerari buruz gogoeta egin dute.
Basque Segurtasun Foroak Aiaraldea eskualdeko hainbat esparru sozial, ekonomiko eta instituzionaletako 40 ordezkari inguru bildu ditu gaur arratsaldean Laudion, taldeko dinamika parte-hartzaile baten bidez eskualdeko egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronken aurrean erantzun bateratua hobetzeko esperientziak eta hobekuntza-proposamenak jasotzeko. Landutako gaiak izan dira, besteak beste, prebentzioa, larrialdien kudeaketa, zibersegurtasuna, bide-segurtasuna eta elkarbizitza.
Foroaren zazpigarren topaketa horretako parte-hartzaileak izan dira Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua, Miren Zabala Arabako Foru Aldundiko Gobernantzako zuzendaria; Aitor Uriarte Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoaren zuzendaria; Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Orozko, Urduña eta Okondo udalerrietako ordezkari instituzionalak; eta beste hainbat eragile, hala nola, Aiarako Kuadrilla, Urduñako Administrazio Batzarra, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arduradunak, Babes Zibila, Osakidetza, Zabaia LGE, Tubacex, Aenkomer, ikastetxeak eta emakumeen eta erretiratuen elkarteak.
Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan
Basque Segurtasun Foroak Euskadiko lurraldeetan barrena hasitako bidearekin jarraitzen du, Urola-Kosta, Lea-Artibai, Debabarrena, Ezkerraldea, Enkarterri eta Araban egindako topaketen ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, udalen eta Euskadiko beste gizarte-eragile batzuen arteko partaidetzarako eta elkarrizketarako gune egonkor gisa finkatu da.
Parte hartzeko prozesu horren helburua da segurtasunari buruz ikuspegi integral batetik diagnostiko partekatua egitea. Prozesuak hilabeteak beharko ditu, eta hainbat erakunde, entitate eta eragilek bertan topagune bat izango dute segurtasunarekin lotuta kezkatzen dituzten gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…
Gaur Laudion egindako topaketaren ondoren, hurrengo hitzordua azaroaren 5ean, asteazkenean, izango da Bilbon.








