Eusko Jaurlaritzak hirukoiztu egingo du gaur egun duen zuzkidura-alojamendua, alokairu-parkeko eraikin publikoetan etxebizitzak eraikitzea ahalbidetuko duen estrategia berri baten bidez. Hala iragarri du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, eta azaldu du ekimen horren bidez 65 eraikinetan 2.000 bizitoki berri sortu ahal izango direla, lurzorua kontsumitu gabe eta hirigintza-plangintza aldatu beharrik gabe. Adierazi duenez, “Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bide berri bat ireki du, gure etxebizitza-parke publikoko eraikinen gainean zuzkidura-alojamenduak eraikitzea proposatuta”.
Sailburuak azaldu duenez, neurri estrategikoa da alokairuko etxebizitza publikoen eskaera gero eta handiagoari arin erantzuteko. “Bizitegi-unitate horiek, zuzkidura-ekipamendutzat hartzen direnez, ez dute hirigintza-eraikigarritasuna areagotzen, eta, beraz, plangintza orokorra aldatu beharrik gabe egin daitezke”.
Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzako Presazko Neurrien Legean txertatu da aukera hori; Eusko Legebiltzarrean dago dagoeneko horren tramitazioa. “Arau berriaren arabera, altxatze horiek xehetasun-azterketa bidez egin ahal izango dira, eta, gaur egun eskatzen den bezala, plan berezi bat onartzea baino errazagoa eta arinagoa izango da hori bideratzea”, zehaztu du Itxasok hitzaldian.
Sailak egindako azterketa teknikoak berresten du alokairuko parke publikoko estalki lauak dituzten eraikin gehienetan bideragarria dela egitura-konplexutasunik gabeko solairu berriak altxatzea. “Kasu gehienetan, bi solairu inguru gehitu daitezke, arazo handirik gabe”, adierazi du sailburuak. Hala, “65 eraikinetan 2.000 bizitoki berri eraiki ahal izango lirateke, eta gaur egungo parkea ia hirukoiztu egingo litzateke: 937 egoitza-unitate daude erabilgarri, eta 253 eraikitzen ari dira”.
Sei proiektu pilotu
Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila sei proiektu pilotutan ari da lanean, eta aurreikusitako plan osoaren % 10 da hori. “Horietako bi Gasteizen daude, Zabalgana auzoan; beste bi Bizkaian, zehazki Bilbon, Miribilla auzoan, eta Leioan; eta, azkenik, beste bi, Gipuzkoan, Mutrikun eta Arrasaten”, xehatu du Itxasok. Berak iragarri du, halaber, “urteko abendurako aurreproiektuak izango ditugula”.
Proiektu horien bidez, aldi baterako eta txandakako alokairuko 210 eta 250 bizitoki bitarte prestatuko dira, batez ere emantzipatuta eta laneratzeko prozesuan dauden gazteentzat. “Gehienbat gazteei zuzenduta egongo dira, baina belaunaldien arteko bizikidetza ere kontuan hartuko dugu; beren ekipamendu- eta irisgarritasun-beharretara egokituta ez dauden etxebizitzak dituzten adinekoei aukera emango diegu”, gaineratu du Itxasok.
Programak, gainera, eraikuntza-sistema jasangarrien aldeko apustua egiten duen teknologia- eta ingurumen-dimentsioa du. Ildo horretatik, Denis Itxasok aurreratu duenez, “lankidetza-ildoa ireki dugu Kabian proiektuarekin, eta hori gizarte-ekimeneko kooperatibekin dago lotuta; zurezko eraikuntza-sistema arin eta modularra proposatzen du”. Horrela, “kostuak, egikaritze-epeak eta ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteko aukera” ematen duten teknika industrializatuak aplikatu ahal izango dira, eta, aldi berean, “arau eta ziurtagiririk zorrotzenak” bete.
Enplegu inklusiboari lotutako dimentsio soziala ere badu ekimenak. “Arkitektura eta etxebizitza inklusioaren balioarekin lotzen ditugu, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko, komunitatea parte-hartzaile bihurtzeko eta lanpostuak sortzeko alternatiba bat eskainita”, azpimarratu du sailburuak, eta kolektibo zaurgarrien parte-hartzea nabarmendu du. “Bazterketa arriskuan daudenak barne hartzen dituzten sistema berriez ari gara; pertsona horiek, prestakuntza espezializatua jaso ondoren, enplegurako eta etorkizunerako aukera aurkitzen dute”, azpimarratu du.
Amaitzeko, Itxasok programaren garrantzia azpimarratu du. “Azken finean, lurzorua kontsumitu eta plangintza aldatu gabe, zuzkidura-alojamenduak hirukoizteko aukera emango digun ekimena da. Gazteentzako bi mila alojamendu berri posible izango dira Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzako Premiazko Neurrien Legeak proposatutako erreformei esker”. Nabarmendu duenez, apustu honek “berrikuntza konstruktiboa, jasangarritasuna, kohesio soziala eta etxebizitza eskuratzeko erronkari ematen zaion erantzun publikoaren eraginkortasuna uztartzen ditu”.
Alderdi guztietatik jardutea
Agerraldian, sailburuak nabarmendu du “etxebizitza eskuragarrien parkea handitzeak alderdi guztietatik jardutea eskatzen duela. Legegintzaldi honetan hori 7.000 etxebizitza berri alokairuan eraikita egingo dugu, erabilerarik gabeko lokal komertzial etxebizitza bihurtzea erraztuta eta etxebizitza hutsen parkea murriztuta”. Eta Jaurlaritzak “gure herri eta hiriak biziberrituko dituzten birdentsifikazio proiektuak” ere bultzatuko dituela adierazi du. Zentzu horretan, gaineratu du “lan-ildo horiek bizkortzeko, lege-erreforma, finantza-baliabide eta administrazioen arteko akordio sorta bat zabaldu dugu”.
Azkenik, Itxasok argi utzi nahi izan du: “Etxebizitzaren arazoak badu konponbiderik, dagoeneko krisi honen konplexutasuna ulertzeko eta lantzeko balio ez duten begirada manikeoak, aurreiritziak eta leku komunak alde batera uzten baditugu. Jaurlaritza arituko da, gaur bezala, neurri berriak bilatzen eta etxebizitzaren urritasun eta garestitasunari buelta emateko etengabe lanean”, amaitu du.








