Jardunaldiaren protagonista Iratxe Salcedo Pacheco izan zen, Osakidetzako Zerbitzu Zentralen Pediatria Zerbitzuko burua, Bioarabako ama-haurren eremuaren koordinatzailea eta haurren osasuna aztertzen duen ikerketa-talde baten liderra. Mangolsen Bidaiari buruz aritu da hitzaldian; proiektu aitzindaria da, zeinak haurren gehiegizko pisua eta obesitatea jorratzeko praktika klinikoa, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa uztartzen baititu, betiere jolas- nahiz heziketa-ikuspegitik.
Mangolsen Bidaia Osakidetzako Pediatriako landa-kontsulta batean sortu zen, eta bilakaera izan du ordutik, tresna digital interaktibo bihurtu baita, haurrek nahiz familiek ohitura osasungarriak ikasi ditzaten jolasaren bitartez. Elikadura Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) NAOS 2025 Estrategia Saria eman dio programari, osasunaren kategorian, haurren osasuna sustatzen eta elikadurari lotutako gaixotasunak prebenitzen laguntzeagatik.
Hala, Salcedok hizpide izan ditu proiektuaren ibilbidea, horren oinarri kliniko nahiz pedagogikoak, eta proiektua ezartzean lortutako emaitzak. Hitzaldia inspiratzailea izan da, azaldu baitu berrikuntzak arreta pediatrikoa eraldatu dezakeela, bai eta familiak beren seme-alabak zaintzeko ahaldundu ere.
Osasun- eta hezkuntza-alorreko profesionalek hartu dute parte jardunaldian, eta horren bitartez berretsi da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak haurren mesedetan zientzia, teknologia nahiz humanismoa barne hartzen dituzten ekimenak sustatzearekin duen konpromisoa.








