Eusko Jaurlaritzak Jakan egindako Ekonomia eta Eskualde Politikako Foroan parte hartu duela baliatu du Europako Batzordeak datorren 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruz egindako proposamena arbuiatzeko, eta eskualdeek Europako funtsen kudeaketan eta birbanaketan modu aktiboan parte hartu behar dutela aldarrikatu du.
“Europako Kohesio Politika ez da funts bat. Epe luzerako politika publiko antizikliko bat da. Sinplifikazioaren eta malgutasunaren izenean, ezin da Europako Kohesio Politika desegin”, ohartarazi du Juan Alberdi Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak. Foro horretan dago Europako funts estrukturalen bilakaera analizatzeko, kudeaketa- eta kontrol-sistemekin edo egiaztapen-estrategiekin lotutako alderdietan, besteak beste.
Europako Batzordeak datorren 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruz planteatutako eredu berriak kudeaketa zentralizatuko estatu kide bakoitzeko plan bakarretan kontzentratuko lituzke Europako funtsak, eta horrek eskualdeen parte-hartze eraginkorra murriztuko luke, baliabideen lurralde-banaketari gardentasuna kenduko lioke, eta Europar Batasunaren itunetan kontsakratutako kohesio-printzipioa ahulduko luke, joan den astean “Galiziako Deklarazioa” deitutakoan jaso zenez. Deklarazio horretan, erkidegoetako ordezkariek manifestu batean adostu zuten Europako Batzordeak gai horri buruz egindako planteamenduarekiko kezka.
Eusko Jaurlaritza topaketa horretan izan da, autonomia-erkidegoetako funts estrukturalak kudeatzeko gainerako arduradunekin eta Ogasun Ministerioarekin batera. 2025eko birprogramazioen agertokien, aplikazio informatikoan egindako aurrerapenen eta eragiketen hautaketaren ingurukoa izan da lan-saioen eztabaida.
Eusko Jaurlaritza foro horretan egoteak berretsi egiten du, berriz ere, Europako kohesio-politika modernoarekin duen konpromisoa, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek politika horren diseinuan eta kudeaketan zuzenean parte hartzea bermatuko duena. “Eusko Jaurlaritzan ondare kultural aberatsaren eta partekatutako balio komunen gainean eraikitako etorkizunaren alde gaude eta hori defendatzen dugu. Prest gaude Europak aurre egin beharreko erronka estrategikoetan parte aktibo izateko”, adierazi du Juan Alberdik.








