• Euskadin adineko edo menpeko senideei laguntzen dieten 107.000 zaintzaile daude, egunean 6 orduko bataz besteko zaintza eskaintzen
• Zaindook Europako Funtsen bitartez egindako 3,4 milioi euroko inbertsioa suposatzen du eta Euskadin duela 10 hilabetetik dago martxan
ZAINDOO zerbitzuaren helburu nagusia laguntza behar duten adineko senideak etxean zaintzen dituzten pertsonei egunerokoan laguntzea da. Zerbitzu honen oinarria gailu mugikorretan (tabletak, smartphon-ak…) oso erraz erabiltzen den aplikazioan datza. APP hau teknologiarekin esperientziarik ez duten pertsonentzat ere bideratuta dago. Familia batzuek zaintzen duten senitartekoren bat dute, eta beste batzuetan, hainbat pertsonak esku hartzen dute zaintzan, batzuek zuzenean zaintzen dute mendeko pertsona (haren elikadura, jantziak, garbitasuna, paseoak eta abar), eta beste batzuk ez daude hainbeste mendekotasuna duen pertsonaren zuzeneko arretan, baina oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte: zaintzaile nagusiari laguntzen diote, zaintza antolatzen dute eta erabakiak hartzen laguntzen dituzte.
Pertsona horiek guztiek neurri handiagoan edo txikiagoan pairatzen dituzte denborarekin metatzen doan zaintzaren, ondoeza fisikoaren eta emozionalaren ondorioak, eta ZAINDOO guztie hauei zuzenduta dago. Zerbitzu hau ez da soilik gainezka egiten dutenentzat edo gainkarga handia dutenentzat, baizik eta baita zaintzen hasi berri direnentzat edo denbora bat daramatenentzat ere, baina ondo daramatela uste dutenentzat. Kasu horietan, ZAINDOOk benetan nola dauden diagnostikatzen laguntzen die; izan ere, askotan, gainkarga metatu egiten da, zaintzailea horretaz erabat jabetu gabe. Era berean, datorrenerako prestatzeko, zailtasunak aurreratzeko eta hasieratik zaintza errazten duten estrategiak ikasteko aukera ematen die.
«Bizitza oso eta duin bat izateko laguntzak aipatzen ditugunean, ez gara soilik mendekotasuna duten pertsonei edo adinekoei buruz ari. Euskadin dauden milaka zaintzaileek ere ondo sentitzeko eta ondo bizitzeko eskubidea dute. Gehien gustatzen zaienaz gozatzeko, bizimodu osasungarria eta lasaia izateko, lagunekin, bikotekideekin edo beste senide batzuekin loturak mantentzeko eskubidea murrizten ez dien bizitza izatea merezi dute. ZAINDOO bezalako zerbitzuekin oreka hori bermatu nahi dugu, ondo zuzendutako zaintza batekin pertsona guztiek irabaz dezaten eta pertsona guztiak arretaren erdigunean egon daitezen, zainduak zein zaintzaileak» azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.
ZAINDOO senideak zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko pentsatutako zerbitzua da, haien ongizatea hobetzen duena, antsietate eta depresio-sintomak murrizten dituena, gainkarga kontrolatzen laguntzen duena, higadura emozionala prebenitzen duena, egunerokotasuna modu eraginkorragoan konpontzen laguntzen duena eta zaintza-egoerarekiko gogobetetzea handitzen duena.
Lehen urratsa zaintzailearen egoeraren ebaluazioa egitea da: fisikoki eta emozionalki nola dagoen, zer estres-maila duen eta zaintzan aldaketarik dagoen, zer gainkarga duen… Ebaluazio hori aldiro errepikatzen da.
Ondoren, app-ak berak hobetzeko eta laguntzeko plan pertsonalizatua eskaintzen dio, honako hauek barne:
• Familia-zaintzan espezialista den batekin banakako saioak egitea, zalantzak argitzen, egoera zailak kudeatzen edo erabakiak hartzen laguntzeko. 45 minutuko saio indibidualak dira, aplikazioan egiten direnak.
• Bideoen bidezko prestakuntza norbere burua eta senidea hobeto zaintzeko eta gainkarga murrizteko
• Trebetasunak entrenatzeko ariketak eta hobeto antolatzeko tresnak
• Zaintzaileen komunitaterako sarbidea, antzeko egoera bizi duten pertsonekin esperientziak partekatzeko eta egunerokoari hobeto aurre egiteko trikimailuak eta ideiak partekatzeko.
• Zainketarekin lotutako aholkuak, trikimailuak, eguneroko edukiak eta artikuluak egunero eskuratzea.
«Senide bat zaintzea ahal den moduan onartzen eta jasaten den zerbait delako ideiarekin hautsi nahi dugu. Zaintzeak ez luke esan nahi norbera ahaztu behar denik, ezta dena bakardadean egin behar denik ere. Zaindoo zaintzaileei laguntzeko jaio zen, karga emozionala kudeatzen, estresa murrizten eta haien ongizatea hobetzen lagunduz. Emaitza frogatuak dituen laguntza da, eta dagoeneko mugan sentitzen direnentzat ez ezik, zaintzen hasita daudenentzat eta modu osasungarriagoan egin nahi dutenentzat ere pentsatuta dago. Ondo zaintzea bere burua zaintzea ere badelako» azaldu du Iñigo Kortabitartek, OK en Casa-ko zuzendariak, ZAINDOO zerbitzua emateaz arduratzen den enpresako buruak.
Zaintzaileak
Euskadin gutxi gorabehera 107.000 pertsonak daude senideen etxeko zaintzan, hau da, senitartekoak jagoten dituzten 107.000 zaintzaile daude. Pertsona horiek, batez beste, egunean 6 ordu ematen dituzte adinekoari edo mendekotasuna duen pertsonari laguntzen eta hura zaintzen. Profil ohikoenak dira diru-sarrera ertain-baxuak dituzten ezkontideak eta zaintza, lana eta seme-alabak uztartzen dituzten emakumeak. Zaintzaileek erronka handia hartzen dute beren gain, askotan ustekabean eta aldez aurretik prestatu gabe. Honek haien osasun fisiko, emozional eta sozialean eragin handia dauka:
• Osasuna: gaixotasunek, estresak eta farmakoen kontsumoak intzidentzia handiagoa dute.
• Emozionala: antsietatea, depresioa eta nekea.
• Soziala: isolamendua eta familia-gatazkak.
• Ekonomikoa: lana uztea eta finantza-zailtasunak.
Datozen 20 urteetan, mendekotasuna duten adineko pertsonen kopurua % 5 haziko da urtean, eta horrek familien eta laguntza-zerbitzuen gaineko presioa handituko du. Gaur egun, mendeko pertsonen % 80 baino gehiago etxean zaintzen dituzte familiek, eta mendeko adinekoen % 90ek etxean eta komunitate-ingurunean zaindu nahi dituzte.
Inpaktua eta emaitzak
ZAINDOO zerbitzuaren metodologia Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) zientifikoki baliozkotu du eta gaur egun Euskadin 1.000 pertsona inguruk erabiltzen duten zerbitzua da, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak eskaintzen duena. Erabiltzaileen % 71 emakumeak dira eta % 29 gizonak. Lurraldeei dagokienean % 51 Bizkaian, % 40 Gipuzkoan eta % 9 Araban.
Abian jarri zenetik, banakako 3.000 saio baino gehiago egin dira, eta artatutako zaintzaileek 5etik 4,8ko balorazioa eman dute. Modu berean, gainkarga-mailaren ebaluazioak eta egoeraren diagnostikoak egin dira, bakoitza dagokion laguntza-plan pertsonalizatuarekin batera.
Zaintzaileek ere aktiboki parte hartzen dute ZAINDOOren online komunitatean, 2.600 mezu baino gehiago partekatu baitira egunez egun hazten ari den espazioan. Era berean, zaintzaile bakoitzaren egoerara eta beharretara egokitutako 5.000 prestakuntza-pilula baino gehiago kontsumitu dira. Emaitzek erakusten dutenez, zaintzaileek zerbitzua erabiltzen dutenean, haien ongizatea nabarmen hobetzen da, gainkarga (burnout), antsietatea, depresioa eta zaintzan emandako denbora murriztuta.
Sarbidea eta parte hartzeko baldintzak
Euskadin Eusko Jaurlaritzaren bitartez eskaintzen den ZAINDOO zerbitzua doakoa da. Proiektu honek 3,4 milioi euroko inbertsioa suposatu du eta Europako Funtsek (MRR) finantzatzen dute oso-osorik. Mendekotasuna duen pertsona baten familia bateko (nagusiak zein bigarren mailakoak) zaintzaile guztientzat dago eskuragarri zerbitzua. Informazioa eskatzeko nahikoa da 900 840 126 telefonora deitzea edo zaindoo@euskadi.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea. Alta eskatzeko, ordea, beharrezkoa da zerbitzuaren web-orrian sartzea: https://www.euskadi.eus/zaindoo . Eskaera onartu ondoren, erabiltzailea eta pasahitza bidaltzen dira, app-an sartzeko. ZAINDOOn sartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:
1. Zaintzailearen betekizunak:
• Mendekotasuna duen pertsonaren senitartekoa izatea
• Euskadin bizitzea
• Interneterako sarbidea duen smartphone edo tablet bat izatea
2. Mendekotasuna duen pertsonaren betekizunak:
• 60 urtetik gorakoa izatea eta Euskadin bizitzea
• Mendetasun-maila aitortua izatea (1,2,3)
• Etxean bizitzea (hau da, egoitza batean ez bizitzea). Ez da beharrezkoa zaintzailearekin bizitzea.








