Euskal upeltegiak pozik, Japonian Basque Wine edariek harrera ona izan dutelako

0
  • 20 euskal upategik merkataritza-misio batean parte hartu dute Tokion eta Osakan
  • Kalitatezko euskal edarien esportazioetarako Japoniako merkatua helmugatzat finkatzea izan da misioaren helburua

Aste honetan, Arabako Errioxako ardoen, txakolinen, sagardoen eta destilategien 20 euskal upategiren ordezkaritza batek Japonian Basque Wine edariak sustatzeko misio komertzialean parte hartu du. Misioa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatu du, HAZI Fundazioaren bitartez.

Merkataritza-bisitaren barruan antolatutako ekintzen helburu nagusia herrialdean sartu nahi duten enpresentzako inportatzaileak bilatzea izan da, baita Japoniako hiri nagusietan, Tokion eta Osakan, esaterako, edariak merkaturatzen laguntzea ere.

Parte hartu duten enpresek positiboki baloratu dute misio horren emaitza; izan ere, lan-bilera pertsonalizatuen, zuzeneko merkataritza-ekintzen, showroom-en eta dastatze profesionalen bidez, beren produktuak zuzenean ezagutarazi ahal izan dizkiete inportatzaileei, banatzaileei eta preskriptoreei. Horri esker, dagoeneko Japoniako merkatuan merkaturatzen ari diren markak sustatu ahal izan dituzte eta erreferentzia berriak sartu.

Misio komertzial honen bidez, 200 pertsona inguruko publiko profesionalarengana iritsi gara, inportatzaile, banatzaile, txikizkari, sommelier eta abarren artean. Gainera, 40 B2B bilera egin ditugu enpresen artean, eta zuzeneko 65 ekintza komertzial egin ditugu inportatzailearekin.

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa

Euskal produktuek Japonian harrera ona izan dute eta merkatu hori esportazioetarako helmuga gisa finkatzeko aukera dago. Horrenbestez, euskal edarien sustapena eta euskal kalitatezko edariak nipondar merkatuan kokatzeko beharrezkoak diren ekintzak babesten jarraitzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.

Misio hori Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Elikagaien Industriarako 2025 Sustapen Planaren baitan dago. Horrela, planak jarraipena eman die Basque Wine edariak sustatzeko ekintzei eta euskal mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako merkatu berriak bilatzeari. Urte bereko maiatzean, Japoniako merkataritza-ordezkaritza bat Euskadira etorri zen, Arabako Errioxako ardoen, txakolinen eta sagardoen eskaintza ezagutzera; eta, irailean, beste merkataritza-misio zuzen bat egin zuten euskal upategiek Mexikora, hedatzen ari den beste merkatu bat eta EAEko mahastizaintzako esportazioetarako etorkizun onak eskaintzen dituena.

Japoniako misio komertzialean parte hartu duten enpresak

  • Arabako Errioxa: Bodegas L. Casado, Baigorri, Bodegas Remírez de Ganuza, Bodegas Muriel, Unión de Cosecheros de Labastida, Sociedad Cooperativa Vinícola Lapuebla de Labarca, Bodegas Fos, Bodegas Cosme Palacio, Viñedos y Bodegas de la Marquesa, Bodegas Ostatu, Ukan Winery, y Bodegas Casa Primicia.
  • Txakolinak: Hiruzta Txakolina, Bodega Gorka Izagirre, Talai Berri, Bodegas Virgen de Lorea, Hika Txakolindegia eta Mokoroa Mahastizainak.
  • Sagardoa: Bereziartua Sagardoak
  • Destilatuak: Destilerías Acha