Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Hirigune Elkargoak lankidetza Memorandum berri bat izenpetu dute

0

Imanol Pradales Lehendakariak eta Jean-René Etchegaray, Iparraldeko Hirigune Elkargoko Presidenteak erakundeen arteko lankidetzaren ahalegina berretsi dute Ajuria Enea jauregian

Lankidetza instituzionaleko Memorandum berriak urrats berri bat markatzen du Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko harremanetan.

2019an izenpetutako lehen testuaren jarraipena da, historia, hizkuntza eta kultura komunetan oinarrituta. Testu hark lankidetza emankorraren oinarriak ezarri zituen eta hainbat proiektu estrategiko gauzatzeko aukera eman zuen, hala nola Hendaian garraio-modu anitzeko trukagune poloa edo Euskal Sagardoaren jatorri deitura babestua (JDB).

Europako testuinguru aldakorra gogoan, bi erakundeek ikuspegi komun bat eraikitzeko borondatea berretsi dute, erronka politiko, ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak elkarrekin gainditzeko. Bost urterako izenpetutako Memorandumak honako arlo nagusietan lankidetza indartua aurreikusten du:

  • Euskararen sustapena, biziberritze-politika partekatuen bidez
  • Kultura, bereziki museoak, dantza eta gazteen arteko trukeak
  • Mugaz gaindiko mugikortasuna, joan-etorri arinago eta jasangarriagoak lortzeko
  • Garapen ekonomikoa, enpresen arteko sareak sortuz
  • Nekazaritza jasangarria, osagarritasunak sustatuz
  • Turismo arduratsua
  • Goi-mailako irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza eleanitzak
  • Lurralde-antolaketa, etxebizitza eta lurzoruaren erabilera arduratsua
  • Ingurumena eta bioaniztasuna, gobernantza partekatuarekin
  • Euskal diaspora, euskal identitatea munduan zabaltzeko
  • Migratzaileen koordinazioa, tokiko erakundeekin elkarlanean.

Bi erakundeak memorandumaren aplikazioaren jarraipena egiteaz arduratuko dira, baita lankidetza-eremu berriak aztertzeaz ere.

Lankidetza berritu honek erakusten du mugaz gaindiko etorkizuna elkarrekin, modu jasangarri eta anbiziotsuan eraikitzeko borondatea, bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Joseba Erremundeguy, Communauté Pays Basqueko mugaz gaindiko, europar eta nazioarteko lankidetzarako aholkulari delegatua, eta Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako Zuzendariak ere ekitaldian parte hartu dute.