– Nerea Melgosa sailburuak hazkuntza, kontziliazioa eta familientzako zuzeneko laguntzak indartzeko, eta bizikidetzan, aniztasunean eta ekintza komunitarioan aurrera egiteko 342,5 milioiko aurrekontua aurkeztu du.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak bere sailaren 2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean: 329.682.500 euro (edo 342.534.100 euro langileen 1. kapitulua barne hartzen bada). «Ongizatean — bereziki emozionalean —, aukera-berdintasunean eta komunitatean inbertitzen duen eta pertsona bakoitzaren zerbitzura dagoen aurrekontua da«, azpimarratu du.
Familiak ongizatearen eta komunitatearen erdigunean
Familiei emandako laguntzak 170 milioi euro biltzen ditu — ia 165 milioi Haur, Nerabe eta Familien Zuzendaritzan —, eta gizarte-kohesioa indartzeko eta trantsizio soziodemografikoari erantzuteko hauspo nagusi gisa aurreikusten da. «Familiak dira Euskadiko lehen ongizate-sistema eta gure komunitate inklusiboaren oinarria: gizarte-inpaktu produktiboa duen inbertsioa, gizarte-kohesioa bermatzen duena», azpimarratu du Melgosak.
Funtsezko neurrien artean honakoak azpimarratzen dira: eszedentziagatiko edo lanaldi-murrizketagatiko laguntzen % 10eko igoera, hazkuntzarako 200 euroko hileko laguntzak 4 urtera luzatzea (lehen 3 urte artekoak), guraso bakarreko familiak 4-7 urteko tartean sartzea (100 €/ hileko) eta baldintzak malgutzea (59 egun jarraian hartzeko eta laguntza berritzen den bakoitzean familia erroldaren agiria eskatzeko betekizunak kentzea). Euskal familien kezka nagusia norberaren eta/edo familiaren zaintzarako denbora izatea da, bizitza profesionala atzean utzi gabe, batez ere emakumeen kasuan.
2026an, familiei laguntzeko arloan politika publiko berritzaile eta eraldatzailea bultzatzeko Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Plana (2025-2030) eta FamiliaK programa (700.000 €) aktibatuko dira. Biek ala biek hazkuntza positiboa, berdintasuna, parte-hartzea eta erantzunkidetasuna sustatuko dituzte eta partekaturiko ongizateari zein eta Euskadiko gizarte-sarearen sendotzeari lagunduko diete.
Horrez gain, Familien I. Nazioarteko Kongresua (200.000 €) eta gizarte-desabantailan dauden adingabe eta nerabeentzako Aukerak Suspertzen hezkuntza-laguntzarako programaren jarraipena (2 M €) aurreikusten dira.
«Familia bati laguntzen diogunean, bizi-proiektu bati eusten diogu eta herrialde gisa indartzen gara. Familietan inbertitutako euro bakoitzak ongizatea, ekitatea eta etorkizun inklusiboa biderkatzen ditu Euskadirentzat «, amaitu du Melgosak.
Gazteak eta emantzipazioa
Bigarren ardatz nagusiak gazteen autonomia bultzatzeko 43,1 milioi euro mugiarazten ditu. Izan ere, gazteen emantzipazioak hainbat ildo estrategiko ditu. Etxebizitzari dagokionez, hiri-agendako sailean bertan ezarritakoaz gain, nabarmentzekoak dira Emantzipa (300 €/ hileko 24 hilabetez, gutxieneko adina 23 urte, 15 M €, 4.000 eskaera berri aurreikusita) eta lehen etxebizitza eskuratzea errazteko egindako GazteAval abal-lerroa (164.600 €).
Sentsibilizazioari eta proiektu komunitarioei dagokienez, 1,1 milioi euroko partida dago emantzipaziorako programa pilotuetan. GAZ (Gazte Emantzipazio Zerbitzua) zerbitzuaren hedapenak 650.000 euroko aurrekontua du (GAZ online, laguntza psikologikoa eta Donostia, Enkarterri eta Añanako kuadrillara hedatzea). Modu berean Agertokiak foro irekiaren bidez (500.000 €) gazteei ahotsa emateko parte-hartzea indartu da. Honekin batera gazteei begirako bi partida aurreikusita daude -500.000 eta 440.000 € partehartzea sustatze aldera.
3,818 milioi euroko aurrekontua duten gazteen enplegu-politikak gazteen enplegura bideratzen dira. Era berean, gazte-politiken ekintzek, arestian aipatutakoaz gain, honako ildo hauek dituzte: ongizate emozionala, jarduerak, lankidetza eta trukea Europako testuinguruan.
Bizitza beterako laguntzak eta zainketak
Sailak zainketen arretaren esparrua indartzeko 80,6 milioi euro bideratu ditu. Horien funtsezko zati bat zaintzen duten pertsonei prestakuntza eta akreditazioa ematean datza (158.000€ 2026an, urtean 2.000 pertsona arte akreditatzeko gaitasunarekin). Bestalde, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko modulu berri batekin BetiON telelaguntza aurreratuaren zerbitzua bultzatuko da (16,1 M €). Era berean, familia zaintzaileei emandako laguntzarekin batera (150.000 €) parte-hartze aktiboaren bidez Adinekoen Estrategia berri bat egingo da (80.000 €). Familia-bitartekaritzako zerbitzua (1.223.096 €), SATEVI (660.258 €) eta Zeuk Esan (362.124 €) telefono-zerbitzuak eta Autismoaren Euskal Plana (80.000 €) finkatu dira.
Gizarte zerbitzuak
Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoaren Zuzendaritzak 480.913 euro izango ditu, batez ere Zorroari buruzko Dekretua ebaluatu ondoren Gizarte Zerbitzuen Legea aldatzeko prozesuaren hasierarako.
Pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka
Pobreziari eta bazterkeriari emandako erantzuna 60 milioi eurotik gorakoa da, 41,5 milioi Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL) eta gizarte-inpaktua maximizatzeko esku-hartze koordinatuaren logika baliatuta.
Migratzaileen harrera eta integrazioa
Harrera eta integraziorako aurrekontua 16,83 milioi eurokoa da. Asilo-eskaeren autonomia-faserako finantzaketari eutsi zaio: 3,12 milioi 2026tik (1,6 milioi) 2027ra (1,5 milioi €), immigrazioko eta bizikidetzako udal-programak (931.000 €) eta 8,39 milioi euro hirugarren sektore sozialerako — Harreragunerekin (800.000 €) —; Trapezistak programari eutsi zaio (5 milioi €), bai eta laguntza juridikoko, integrazioko eta kulturarteko bizikidetzako zerbitzuari ere (1.110.100 €).
Bizikidetza, aniztasuna eta ekintza komunitarioa
Harreman sare erantzukideago baten aldeko herri apustu gisa Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasunaren arloari bideratutako diru kopurua % 56 hazi da, 2.797.586 €-ra iritsi arte. Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren Zerbitzua finkatu da (549.333 €), eta, gainera, beste ekimen batzuen artean, belaunaldien arteko elkartasuna sustatzeko ekintza aitzindariak aurreikusi dira (557.000 €), baita nahi ez den bakardadearen aurkako programa espezifiko berri bat (100.000 €) edo sexu-aniztasunari eta genero-aniztasunari buruzko arreta eta informazioa emateko Berdindu zerbitzu berritua ere (503.000 €).
Hirugarren Sektore Sozialaren ekintza komunitarioak 15,61 milioi euro izango ditu, #Auzolana Ekintza Komunitarioa Bultzatzeko Euskal Sarea abiaraziko da (60.000 €) eta 4,79 M € laguntzetan. Eragin zuzena duten proiektuen artean, honako hauek daude: Oinarrizko Laguntza Materiala (3,98 M €), adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko Euskadi Lagunkoia Berria proiektu parte-hartzailea (254.000 €), 70 urtetik gorako biztanleen bizimodua aztertzeko Biziaria behaketa lana (100.000 €), osasun mentaleko arazoak dituzten gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko ERROAK programa (80.000 €) edo Bizihabi adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza-bizitokiaren programa indartzea (50 bizikidetza-unitate sortu ditu dagoeneko).








