Justizia eta Giza Eskubideen aurrekontua % 2,6 handitu eta 369 milioira iritsi da, euskal espetxe-eredua sendotzeko, zerbitzu publikoa indartzeko eta memoria kritiko eta demokratikoa sustatzen jarraitzeko

0
  • Baliabide gehiago erabiliko dira doako justiziarako, biktimentzako, eta gizarteratzeko
  • Gogora Institutuak ikerketa historikoan eta memoria demokratikoan betetzen duen zeregina zabalduko du, sexu- eta genero-aniztasunaren errepresioan arreta jarrita
  • 2026ko kontuetan hazkundea jarraitua izango da Europako funtsak amaitu diren arren

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék bere sailaren 2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. 369,2 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino % 2,6 gehiago. MRR funts europarrak desagertu diren arren, kontuek hazkunde jarraituari eusten diote, “justiziaren zerbitzu publikoa indartzen jarraitzeko, espetxeen kudeaketarako euskal eredua bermatzeko eta kultura demokratikoa sendotzen lagunduko duen memoria kritikoa bultzatzeko”.

Sailburuarekin batera, Alfonso Gómez Justiziako sailburuordea, Arritxu Marañón Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea eta Alberto Alonso Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria izan dira. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, “aurrekontu hauek Gobernu akordioaren konpromisoak sendotzen dituzte eta justiziaren eta bizikidetza demokratikoaren etorkizunari begiratzen diote, pertsona kalteberenei lehentasuna emanda eta gizarteratzeko eta giza eskubideetarako euskal ereduaren zutabeak indartuta”.

Sailak 212 milioi euro baliatuko ditu langileentzat, hau da, guztizkoaren ia % 58. Sailburuak nabarmendu duenez, “Sail honen kapital nagusia justizia-zerbitzu publikoa ematen duten pertsonak dira”, eta langile guztien prestakuntza, egonkortasuna eta lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi du.

Justizia eskuragarriagoa eta hurbilagoa 

Gobernuko kideen azken agerraldia izan den honetan azaldu duenez, Sailaren ekintzaren ardatz nagusia da oraindik ere “zailtasun gehien dituztenei arreta ematea, bai kalteberatasunagatik, bai ezjakintasunagatik, dagozkien eskubideak eskura ez dituzten haiei”. Hala, doako justiziarako sarbidea indartuko da: 17,6 milioi euro abokatutzarako eta milioi bat prokuradoretzarako, ofizioko eta guardiako txandak irmotuta.

Era berean, 2,4 milioi euro bideratuko dira genero-indarkeriaren biktimei arreta ematera, eta horri esker izapideak arindu ahal izango dira. 1,2 milioi euro, berriz, Biktimari Laguntzeko Zerbitzura bideratuko dira, hobekuntzak detektatzeko eta jarduera leheneratzaileak bultzatzeko diagnostikoa egiteko. Familia Elkarguneek 3,2 milioi izango dituzte, eta adingabe eta gazte arau-hausleekin esku hartzeko gizarte- eta hezkuntza-baliabideak 10,7 milioira iritsiko dira; horrela sendotuko da berrerortzea % 15etik behera mantentzen duen hezkuntza-eredu ez-zigortzailea.

Justizia Errestauratiboak, Sailaren apustu handienetakoa denak, 1,1 milioi euro izango ditu bitartekaritza delitu arinetara eta familia-zuzenbidera hedatzeko. Gainera, Zigorrak Betearazteko Zerbitzu bat sortu da eremu komunitarioan, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren barruan, 2,4 milioirekin hornitua, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea indartzeko, eta espetxea ez den beste aukera eraginkor batzuk sustatzeko, erantzukizun soziala sustatuta.

Era berean, justizia-zerbitzu publikoaren sarbidean eta garapenean euskararen normalizazioaren aldeko apustuarekin jarraituko da, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriekin eta eragile juridikoekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan.

Zubieta irekitzea eta espetxeko langileak indartzea  

San Josék aurreratu duenez, 2026a “giltzarria izango da euskal espetxe-eredua sendotzeko”, Zubietan Gipuzkoako espetxe berria irekiko baita, sarea osatzeko. Gainera, Zaballako, Bizkaiko eta Zubietako zentroetan, 2024an onartutako LPZn jasotako plantilla guztia osatuko da, talde teknikoak indartuta eta langile berrien prestakuntzan aurrera eginda.

Sindikatuekin egindako lan-akordioa ekitaldi honetan ezarriko da, eta Zaballako Erregimen Itxiko Saila jarriko da abian, espetxe-sistema integrala osatzeko. Gainera, Basauriko Gizarteratze Zentroaren eraikuntza esleitzea eta Zaballako Zentroaren proiektu teknikoa idaztea aurreikusten da. Espetxeko bizi-kalitateari buruzko inkesta batek, EHUrekin lankidetzan, espetxe-kudeaketa ebaluatzeko eta hobekuntza-eremuak detektatzeko aukera emango du.

Gizarteratzeko Euskal Agentziak (Aukerak) barneratuen prestakuntzaren eta enplegagarritasunaren aldeko apustuari eutsiko dio. Aurrekontu orokorra % 7 jaitsi da partidak berrantolatzeagatik, baina handitu egin dira tailer profesionalizatuetara, ekonomatoko produktuetara eta tresna informatikoetara bideratutakoak, orientazio eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatuak bermatzeko.

Modernizazio digitalaren eta azpiegituren arloan, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 2,75 milioi euro bideratuko ditu AVANTIUS prozesu-kudeaketako sistema eta espediente judizial elektronikoa mantentzera, eta 6 milioi euro ikustaldi-aretoetako grabazio-sistema eguneratzera. Inbertsio nabarmenen artean, Bilbon Mapfre eraikina birgaitzeko lanak egingo dira 2026an, eta 1,8 milioi bideratuko dira eraikin judizialetan segurtasuna hobetzera, telebista bidezko kontrol-zentro berrira egokitutako kamerak instalatuta. Bestetik, 500.000 euro inbertituko dira bake-epaitegiak udalerriko justizia-bulegoetara egokitzeko, herritarrenganako hurbiltasuna indartzea helburu.

Giza Eskubideak eta Gogora

Aurrekontuak biktimekiko eta memoria kritikoa eraikitzeko konpromisoa sendotzen du. Berrikuntzen artean, 70.000 euroko sentsibilizazio-kanpaina bat nabarmentzen da, biktimek egindako eskaerei erantzuteko, “ikuspegi etikotik umiliagarriak, birbiktimizatzaileak eta gaitzesgarriak izan daitezkeen jarduerekin lotuta”, sailburuak zehaztu duenez. Gaineratu duenez, “tresna bat gehiago izan behar du biktimekiko gorroto-diskurtsoak eta jarrera umiliagarriak prebenitzeko, eta gizalege demokratikoa eta tolerantea lantzeko balio behar du”. Gainera, osasun mentalarekin eta biktimei laguntza emozionala eta psikologikoa ematearekin lotutako ‘Sendaoroi ‘proiektu pilotua jarriko da abian, eta giza eskubideen defendatzaileei laguntzeko NARE programa indartuko da, 100.000 eurorekin.

Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, berriz, % 14,6 handitu du aurrekontua; ikerketan % 30eko igoera izan du, eta DNA bankuari eskainitako partida bikoiztu egin da, 90.000 eurotik 180.000 eurora. 2026an, Gogorak ikerlanak bultzatuko ditu gai hauen inguruan: 1936tik 1978ra bitarteko giza eskubideen urraketa; eskuin muturreko indarkeria; sexu- eta genero-aniztasunaren errepresioa; eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren memoria, bere 90. urteurrenean. Bestetik, Derion kolunbario bat eraikiko da 300.000 euroko partida batekin, eta Elgoibarkoa beste 60.000 eurorekin osatuko da.

Justizia modernoarekiko eta bizikidetza anitzarekiko konpromisoa

Sailburuak amaitzeko azpimarratu duenez, “369,2 milioi euro horiek pertsonak, politika zehatzak eta justiziarekiko, bizikidetzarekiko eta giza eskubideekiko konpromiso irmoa dituzte ardatz”. San Joséren esanetan, “justizia gizatiarrago, hurbilago eta modernoago baterantz aurrera egiten jarraituko dugu, Euskadi gizarteratze-arloan, berdintasunean eta bizikidetza demokratikoan erreferente gisa kokatuko duena”.